2010-10-18

Loa, loa ttunttulun berde



HITZA: SEHASKA

Lo toki, amets leku. Gogoan dut oraindik sehaskan lo egiten nuela (ez dut gogoan sehaskatik ohera noiz egin nuen salto) zutik jarri eta amari oihu nola egiten nion ogi eske. Gosea nuelako, ez. Ama, aita eta Ekaitz sukaldean edo egongelan hizketan egoten zirelako eta nik haien kontuak entzun nahi izaten nituelako. Ogia ez eta haien kontuak jan nahi izaten nituelako. Kontua da amak, edo aitak, edo Ekaitzek ogia ekarri eta nik ogia jaten nuela (jan edo jan beharrekoa lardaskatu) eta.... Ba horixe, sehaska osoa ogi apurrez betetzen zitzaidala. Eta gero lorik ezin egin. Ez ogi eta ez kontu, apur artean lo egiten ikasi nuen artean sehaskatik ohera salto egin ez nuen garaian.




AFORISMOA: "Ontasunak aberasten gaitu."

Bazen behin txanpon eta biletez jositako jantzi batekin kalean ibiltzen zen gizon bat. "Bihotza ere diruzkoa dut" esaten zuen harro-harro. "Ukitu, ukitu" eta bularra harro puzten zuen. Euri haizete indartsu batek harrapatu zuen arte. Ez bilete eta ez txanpon, ondasunik eta ontasunik gabe gelditu zen, bihotza bera ere mela-mela blai eginda gelditu baitzitzaion. Biluzik ibiltzen ikasi omen zuen. Ordutik dirua gordetzeko ere poltsikorik gabe bizi da.

3 comentarios:

  1. Nire sehaska ez dut gogoan, noski!, tartean urte asko pasatu direlako,gaztainondo egurrarekin amaren aldeko aitonak egina zen, aitona arotza zen.Aspaldiko kontuak, baina, kontu ederrrak.

    ResponderEliminar
  2. Nik ondo gogoan dut ba nire sehaskatxoa, tira sehaskatsoa baino gehiago zerutik zintzilik edo sehaskaraino iristen zitzaidan txori antzeko jostailu kantari bat. Sokari tira egin eta kantari hasten zen. Oso umetako kontuak dira, baina sekula ez nintzen kantua bere osoan gozatzera iritsi. Lotia izatea zer den!

    ResponderEliminar
  3. tintilin tintin tintilintin... gogoratzen? ;-)

    ResponderEliminar