Izugarri gustatzen zait kaleko eserleku batean
eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Inoiz inork parean gelditu
eta lotsagabea naizela ere esan izan dit. Ez dakit zergatik, begirada
joan-etorriko bide biluzi bat baino ez bada. Korapilatu gabeko lokarriak
ikusten ditut askotan, oina baino bizpahiru zentimetro atzerago korrika txikian
doazen zapatak. Bururik gabeko txapelak
ikusten ditut askotan, beren pisuari airean eusteko mingaina ateratzen duten
txapel ilerik gabeak. Krokodiloak ikusten ditut askotan, hagin zorrotzen artean
urrezko eraztunak kateatuta dituzten aho infinituki handiak. Txokolatezko
masailak ikusten ditut askotan, kaleko baldosen gainean urtzen diren bonboi
gazituak. Eta begiak ere ikusten ditut, begi asko; begiak zuhaitzetan
itsatsita, begiak farolpeko argitan dantzan, begiak zakur zaunkariei laztan
eginez. Kalean topatzen ditugun begiek ez dute ezer ikusten, norbaiten
betaurreko dira.
Izugarri gustatzen zait kaleko eserleku batean
eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Zeharka begiratzen duten aurpegiak ikustea gustatzen zait, itzalari bultzaka joaten diren bizkarrak bereiztea, lepoetako ur jauziei hozka egitea. Irribarre baten ezkutalekuekin jolastea gustatzen zait, urruntzen diren hats zurien buztanei tira egitea, ume batez begiak itxi eta zabaltzean paisaia erabat aldatu dela sumatzea.
Ikasle baten koadernoan irakurri dudan arte ez naiz ohartu gaur San Balentin eguna zela. Bihotz baten erdian beste bihotz bat zeukan marraztua eta marrazkiaren azpian hizki larriz, "Nik badaezpada bi" jartzen zuen, inork bietako bat lapurtuta ere, bestea eskura izateko, nonbait. Begira harrapatu nau, eta ezer esan ez didan arren, badakit lotsagabe hutsa naizela pentsatu duela.
San Balentin eguna delako, batez ere, San Balentin eguna delako eseri naiz gaur institutu aurreko eserlekuan, zer ikusiko. Nekatzen ez diren bihotzak ikusi ditut, eta larrosa arantzik gabeak, eta igerian ez dakiten malkoak, eta izotz artean irristaka ibiltzen diren hitzak. Laztanak ere ikusi ditut, zirkoko domadore.
Goiz osoa pasa dut, esperoan. Esperoan nahita eta nahigabe. Eta txantxangorria hegan ikusi dudanean, ikaslearen bi bihotzetako bat txantxangorriaren paparrean zegoela konturatu naiz. "Nik badaezpada bi" idatzia zeukan marrazkipean. Ez alferrik!
Bihotzek hegan egiten dutelako. Horregatik gustatzen zait izugarri eserleku batean eseri eta kalean dabiltzan oinezkoei begira egotea. Ibilian norbaiti bihotza erorita ere, neure bildumatxoa egiten jarraitzeko.
Bi bihotz erdik ez dute bihotz oso bat egiten.
ResponderEliminarKaixo Irati, hau ezustekoa! Blog honetatik pasa nintzen behin batean, aforismo eta haikuen bila, eta atzo horrekin akordatu ez!! Ederra da hemen utzitakoa, zorionak eta urte askotarako.
ResponderEliminarEta zer egiten dute, Ekaitz? Gehiago edo gutxiago? Zer da bihotz oso bat baino gehiago izatea? Eta gutxiago izatea?
ResponderEliminarAupa ACdR! Nik ere egin diot bisita zure blogari! Gainerakoan, ez nuke asmatuko ACdR horren atzean nor dagoen ;-D!
ResponderEliminarEskerrik asko! Hemendik aurrera ere poztuko nau inguruotan bisitan zabiltzala jakiteak! Besarkada bat!