Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? Zer pentsatua eman dit gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak. Nik umetan mahai gainean pilatutako ogi apurrak zenbatzen nituen eta lo hartu ondoren amets egiten hasi bitarteko segundoak eta sukar egunetako izerdi-tantak eta ezpainei hozka egindako aldiak. Nik umetan irakurri gabeko liburuetako orrialdeak zenbatzen nituen eta etxetik dentistarenganaino emandako pausoak eta erabili gabeko arkatzaren hasperen oihuak eta edalontzietan pilatutako ur-tantak. Nik umetan astebetean ikasitako hitzak zenbatzen nituen eta izarapean itsatsitako beldurrak eta urrutiko baserrietako zaunka hotsak eta irentsitako txokolate gramoak.
Inoiz inork galdetu izan dit zergatik ikasi nuen unibertsitatean matematika zenbatu baino kontatu egiten badut gehiago. Eta erantzuna gehienetan isilik egoten den ikaslearen galderak eman dit. Orain ideia kolpeak zenbatzen ditut eta zainetan sentitutako tirakadak eta bururatu eta baztertutako hitzak eta poltsikoan lehertutako metaforak. Orain aulkian eseri aurreko segundoak zenbatzen ditut, eta hatz puntetan desegindako ilunpe argiak eta korapilatutako tinta arrastoak eta zintzilik utzitako harridura ikurrak.
Orain ipuin bati hasiera emateko beharrezkoak ditudan amaiera guztiak zenbatzen ditut eta bukatzen ausartzen ez naizen amaiera hankamotzak eta lo arrastoen bestaldetik lapurtutako urrezko zirriborroak eta lerroarte zuriak. Orain kontatutakoak zenbatu ordez, zenbatutakoak kontagai bihurtzen ditut.
Kontatzeko zenbatzen jakin behar da? galdetu dit gehienetan isilik egoten den ikasleak. BAI erantzun du isildu ere egiten ez den lehenengo lerroko ikasleak. Eta nik EZ erantzun nahi izan diot. Baina, isilik gelditu naiz. Beste behin. Maite ditut. Maite ditut ikasleen aurrean isilik egonarazten nauten instanteak. Zenbatu egiten ditut, ipuin-kontu bihurtzekoak izaten direlako.
Kontatzeko zenbatzen jakin al behar den... Galdera polita. Arraroa. Matematika klase baterako bai behintzat. Ez dakit irakasleak zer esaten duen beti isilik izaten den ikasleak hori galdetu behar izateko. Matematika klaseetan ez da halako galdera arrarorik izaten. Baina, ezin galdera normalak egin irakasle arraro bati. Hori izango da, akaso, irakasleak arraro egiten dituena, ikasleengan sortzen duten galdera arraro kopurua.
ResponderEliminarEta, kontatzeko zenbatzen jakin behar ote den... askotan bai. Gehienetan bai, esango nuke nik. Beharbada ez daukat oso ikuspuntu objektiboa. Baina, saiatu arren, ezin izan diot galderari idazle zaletasunaren begiarekin begiratu. Hori irekitzen dudan bakoitzea zenbakiekiko maitasunarena ere irekitzen zaidalako, batera. Gehienetan bai, esango nuke. Kontatu nahi duzunaren arabera. Baina... Txanogorritxok otarrean zeraman ezti pote kopurua. Eta otsoak jan zuen antxume kopurua. Arrautza aurkitzen duen ttikiaren eta jaten duen potoloaren artean dauden hatzak. Errauskineren karroza kalabaza bilakatuko zeneko kanpai-hots kopurua. Loti ederrak lotan emandako urteak eta muxukatutako printzeak eta ikusitako orratzak. Kontatu, zenbatu... hainbesteko desberdintasunik ere ez da egongo, ezta?
Nik ere galdetu izan diot inoiz neure buruari ea Iratik zergatik ikasi zuen matematika. Iratiri inoiz ez. Badakizu, beti ixilik izaten garen ikasleak... Denborarekin ulertu egin nuen. Denborarekin ulertu egin nuen Iratik ipuinak matematika irakaspen eta problemak ipuin bilakatzen dituela. Eta ulertu... ez, ulertu ez, sentitu egin nuen Iratik ez zuela matematika ikasi, Irati ipuinak lurralde ezezagunetara eramateko formula bilatzen izan zela karreran. Bilbotik Goierrirako autobusean, ostiral arratsaldean, ipuinak al daude? Eta matematika?
Muxu arraro bat.
Bat: eskerrik asko arraroa naizela esateagatik ;-D
EliminarBi: Arrautza aurkitzen duen ttikiaren eta jaten duen potoloaren ipuina kontatu behar didazu.
Hiru: Eskerrak ikasle isilek ez dituzten zergati guztiak galdetzen. -lako, -lako, -lako hitz totelka bukatuko genuke zenbait irakaslek.
Lau: Formularen bila nabil oraindik eta karrera... karrera bukatu al nuen? ;-P
Bost: Bilbotik Goierrirako autobusean... bizitza ipuin bihurtzen da.
Sei: Matematika Goierritik Bilborako autobusean dago. Minutuak integratzen dira bihurguneetan.
Zazpi: Muxu arraroak nola ematen dira?
Zortzi: Miruek badakite bertsotan?
Bi: Ipuina... ez da ipuina. Amak hatzei banan banan tira egiten zien bitartean kontatzen zidan istoriotxoa da. Ostiralean mingainari eta sukaldaritzari eta irudimenari eta... eta hatzei ere egingo diegu tira!
ResponderEliminarHiru: Karrera bukatzea bide zabal-luzea begien aurrean jartzea ez al da, ba? Bide horretan ibiltzen eta ulertzen eta gozatzen ikastea.
Bost: Bai, arrazoi izango duzu. Ostiraletan ipuinak eta igandeetan zenbakiak, orduan. Baina, bidea bera denez, kontatu eta zenbatu errepide beraren zentimetro karratuak izango dira.
Zazpi: Hori ispiluaren aurrean jarri eta, muxu t'erdiak ematen saiatuta, ezpainean egindako urradurari "t'" itxura hartzen dionak galdetzen badit, ez dakit zer erantzun. Muxu arraroak... Burlatatik Beasainera hegan egiten ikasi gabeko zisneek eramaten dituztenak? Liburuen lehenengo orrietan zirriborratutakoaren ondoan itsasten direnak (uste dut Miren dela bakarra zirriborroaz gain ezpain margoz idatzitako muxua jarri didana liburu batean. Mila esker, Mitxu!).
Hamaika (bai, hau hamaikagarrena): Miruek bertsotan... mikrofonoari paperari baino beldur handiagoa diogula aitortu behar. Badakizu, txantxangorri artean miruok kantatzea... baina zeozer irakurri nahi baduzu pasatu institutuko orritik. Han Miruren bertso gehienak (filologo jaunari nola eskatu behar izaten zaion jolasteko...).