2012-03-08

BIZKARREKO AURPEGIAK



Bizkarrean margotu dizut aurpegia.
Begietan arrasto beltz, urdin-berdexkak,
betileak tente eta betazalak estu.
Labirinto bat begietan;
dena beltz eta dena urdin eta dena berde.
Eta dena tente eta estua.
Labirintoa korapilo bat da,
beste korapilo bat begietan.


Bizkarrean margotu dizut aurpegia.
Masailetan ur putzu arrosak;
igerian dabiltzan urontziak dirudite.
Esku bat masailetan;
eta dena da arnas eta dena da itolarri,
dena da hauts eta ezerez.
Igerilekua korapilo bat da,
beste korapilo bat masailetan.


Bizkarrean marraztu dizut aurpegia.
Ezpainetan su izpi gorriak,
aho-ertz aldapaz beteak.
Ur jauzi bat ezpainetan;
dena gorri eta dena gerezi.
Eta dena marrubi gozo.
Ur jauzia korapilo bat da,
beste korapilo bat ezpainetan.



Bizkarrean marraztu dizut aurpegia.
Eta begirada baten bila nabil,
korapiloak askatuko dituen
ispilu baten bila.
Bizkarrean marraztu dizut begirada.
Eta begiak ikusi dizkizut masailetan eta masailak gorritu zaizkizu ezpainetan.
Eta dena da beltz eta dena urdin eta dena da berdexka
eta dena arrosa eta gorria.
Baina, batez ere dena da argia
zure labirintoetako eta
zure ur jauzietako aurpegian.
Bizkarra marraztu dizut ispiluan
eta aurpegia ikusi dizut argitan.
Korapilorik gabe,
Zu ikusi zaitut.

2 comentarios:

  1. Irudia etorri zait gogora gaur atsedenaldian. Institutuko ate parean mikrofonoa, eta Irati mikrofono aurrean, eta Saioa biolina jotzen, notek gutuna idatzi bitartean komuneko bakardade-laguntasunean. Eta Ekaitz Iratiri begira, eta Ekaitz bertsotarako prest. Eta Leire han, nonbait, harrituta, miretsita, harrapatuta, irribarretsu, aditzen. Gaurko irudia jarri diot gero argazki zaharrari gainean. Trikitilariak iskina batean. Txeloaren musika morea. Edurneren testua eta Edurneren gitarra eta Edurneren noten laguntza eta Ekaitz bertsotarako prest eta Leire Biolbao Leireren ahoan eta Leireren hitzak mikrofonoan eta Iraidek play bideoari eta play irribarreari eta play biharko egunari. Eta Milak ikasleen hitz desberdin-berdinak harrotasunez eta Milak borroka eta Milak ilusioa eta ikasleak dantzan trikitixen noten gainean patio erdian.

    Argazkia eskura jarri zenidan. Eta orain ni ere azaltzen naiz argazkian. Eta orain argazki bat bestearen gainean jarri dut, ondoan izan zaitzadan nahi dudanean.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. ;-D Ikasle begiz nik ere.

      Argazkiari begira konturatu naiz... eta Iratiren hitzek noiz heldu behar diote Leireren txeloari eskutik! Marka da gurea!

      Irati eta Elsa ikusi nituen nik atzo kantuan gitarra hartuta, eta Asel, Nerea eta Iraitz kopla kantuan eta Unai Batxilergoa ikasi zuen lehenengo emakume hartaz hizketan, eta Irati bizkarra emanda (lotsagabe hori!) eta Maite gitarra jotzen eta kantatzen eta Maider, Sara eta Maider bertsotan eta Ainhoa trikitixa jotzen eta Itziar aldarrikatzen eta Nerea hausnarketa gaiei tira egiten eta Marta eta Dani, eta Irati eta Rakel eta Andrea lotuta askatasun gogoz, etorkizun gogoz.

      Argazki ederrak dira, begira zeudenen begietan islatzen direnak.

      Nik zure argazki guztiak ongi gordeta ditut!

      Eliminar