Aurreko batean eskutitz bat iritsi zen etxera. Beasaingo beilatokitik. Aitaren izenean; tira, aitaren izena eta lehenengo abizena bat zetozen kartazalean idatzita zeudenekin. Idatzia zegoen bigarren abizena, ordea, ez zen aitarena. Eta hausnarketak hozka egin zidan neure baitan. Norbait izan daiteke nor erdizka? Izan daiteke eta ez izan? Noraino dakigu izaten? Lehenengo, bosgarren, zortzigarren edo hamabigarren abizeneraino? Zenbateko distantzia dago lehenengo eta bigarren abizenen artean? Izenak badaki atzeak nola egiten dion dantza?
Kontua da aurreko batean eskutitz bat iritsi zela etxera. Beasaingo beilatokitik. Kartazalean ageri zen helbidea ere ez zen gure etxekoa. Eta hausnarketak berriro egin zidan hozka. Norbait bizi daiteke ez dagoen tokian? Etxebizitzak zer du gehiago etxetik ala bizitzatik? Etxe atari bat egon daiteke aldi berean aurrean eta atzean? Postariaren begiek zer ikusten dute, irakurtzen dutena? Postontziak ba al du gaizki ulertu baterako tokirik?
Kontua da aurreko batean eskutitz bat iritsi zela etxera. Beasaingo beilatokitik. Iritsi behar ez zuen helbidera eta aitaren erdi izenean. Kontua da amaren eskuetara iritsi zela eta izutu egin zela. Nonbait, heriotzak edonor sentiarazten du urduri.
Kontua da ordubetez eta bi orduz pentsatzen egon ostean, amak eskutitza hartu eta ageri zen helbidera eraman zuela. Eta kartazalean ageri zen helbideko etxeko andreak ez zion ba esan eskuak buruan, ahoa bete hortz, helbidea hura zela, baina, han ez zela izen-abizen haiek zituen inor bizi! Ezetz eta ezetz, eskutitz hura ez zela etxe hartakoa.
Kontua da ordubetez eta bi orduz pentsatzen egon ostean, amak belarri ondora eraman zuela eskutitza. Isiltasun kexati bat iruditu zitzaion entzun zuena, eta "heriotza hizketan edo ariko da" pentsatu zuen.
Eta hausnarketak hozka egin dit beste behin. Eskutitz batean heriotzak non du bere tokia, hasierako agurrean edo azken posdatan? Zer dela eta kexatzen da heriotza? Badaki isilik egoten? Bere nora ezean asmatzen du nora iristen?
Kontua da ordubetez eta bi orduz pentsatzen egon ostean, eskutitza Correos-eko bulegoetara eraman zuela amak. Eta han eskutitza hartu egin behar! Ze erremedio! Eskutitzarekin zer egin zuten? Auskalo! Bulegariak esan zuena: ez da ba galduta ibiltzeko moduko eskutitza. Eta niri bururatu zaidana amak hori guztia kontatu zaidana: Agian bai, agian horrelako eskutitzek ibili beharko lukete galduta.
Inork bere egin nahi ez zuen eskutitza. Kontua da "Bagdadeko morroia" ipuinaz gogoratu naizela kontu honekin guztiarekin, heriotzarengandik ihesi zebilen morroiaren ipuinaz. Eta galdera bakarrarekin egin didala azkenean hausnarketak hozka: "Eta herio balitz gizakiari ihes egin nahi diona?"
Dena gertatzen da "aurreko batean"...
ResponderEliminar... heriotza izan ezik.
Beharbada hori zen eskutitzak barruan zuena, ipuin bat baden-ez den, bizi den-ez den bizi bati buruz. Ez da gutunazal batean sartu eta noraezean bidaltzeko kontu txarra!
Izan ala ez izan? Bizi ala ez bizi? Hil ala ez hil?
EliminarFroga egingo dugu? Gutunazala botila batean sartu eta... nora bidaliko zenuke?
Muxu handi bat!
Aupa Irati: gustura irakurri dut eskutitz hau, eskutitza diot!, ez , errelatoa (idatzia). Gustura, zuk idazten duzun guztia bezala.Eta parre egin dut, eta emozionatu naiz, eta...Bai, natural zarelako, jatorra, zuzena...BEJONDAIZULA! Eta segi, segi horrela: bizitzarekin dantzan, eta herriotzarekin, eta naturarekin eta ikasleekin, eta adiskidetasunarekin, eta....Maitagarria zara.
ResponderEliminarEskerrik asko, Imanol! Barre egiteko moduakoa da... istorioaren bigarren zatia amak ostiralean kontatu zidanean barrez lehertu nintzen etxeko sukaldean. Askotan gertatzen zait, barrez lehertzearena, bizitzaren absurduak aurrean marrazten zaizkigun bakoitzean barre egiteko joera izaten dut. Bizitzaren absurduak... imajina dezakezu uneoro harrapa nazakezula barrez! Muxu bat!
Eliminar