2012-03-27

ORDUBETEKO KONTUAK



Ahanztea gogoratzea baino zailagoa da esan zuen noizbait norbaitek, ziur aski zerbait gogoratu behar zuela ahantzi nahi izan zuen batean edo... auskalo! Horrelako esaldi borobilak ahanzteko sortzen dira.

Igande goizaldean ordulariari begiratu behar niola gogoratu eta ordua aurreratu behar nuela ahantzi zitzaidan. Eta ordubetez atzeratuta ibili nintzen egun osoz. Ibili, korrika, atzeratuta dabilenak korrikarik egin ezean, nekez harrapatzen dituelako aurrekoak. Eta aurrean doazenak dira eguzkia eta egunkariak eta okinak eta begietan pilatutako makarrak eta dutxatik atera berritan bainugelan utzitako putzu txikiak. Ordubete atzetik ibiltzen denari begietan ordubeteko makarrak pilatzen zaizkio, egunkarietako albisteak ordubetez zaharkitzen zaizkio eta bainugelan utzitako putzu txikiak igerileku bihurtzen zaizkio. Ordubete ordubete da; asko. Bazkalosteko siesta gozo baten tamaina edo matematika ariketa zoro baten neurria. Ordubete asko da; atzetik doanarentzat gehiegi.

Kontua da igande goizaldean ordulariari begiratu behar niola gogoratu eta ordua aurreratu behar nuela ahantzi zitzaidala. Goizeko zazpietan nuen hitzordua Villabonako plazan jarria. Aizkardi mendi elkarteak 44.ez antolatutako mendi ibilaldi luzerako izena emana nuen. Hitzordua: goizeko zazpiak. Eta ni goizeko zortzietan iritsi nintzen zazpiak zirelakoan. Goiza ordubete aurreratua zebilen ordurako eta  ni pausoa bizkortzeko aukerarik gabe, joandako ordubeteak ordularietan baino existitzen ez direla artean ikasteke.

Kontua da ibilbide motza egin nahi zutenekin egin nuela topo eta uholde haren korronteetan neure burua eta nire ordubeteak itotzen uztea erabaki nuela. Kontua da orain pentsatzen jarrita ez nukeela ezeren truke aldatuko atzeratutako ordubete hura, sentsazioa baitut unea eta gunea ezberdinak izanik, goizeko hamaikak eta hamarrean ez nuela kukua entzuteko aukerarik izango, goizeko hamarrak eta hogeian zangalatrabaka ia lurrera erori zen emakumeari ez niola eror ez zedin eskua luzatuko eta ibilaldiak iraun zuen lau ordu eta erdian ez nintzela Ikerrekin kontu-kontari Shangai, Pekin eta Taiwan artean ibiliko. Ordubete lehenago beste zerbaitetarako aukera izango nuen, seguru, baina, halakorik ez nuen egingo, seguru.

Eta bizitza horixe dela otu zait bat-batean, uneek eta guneek emandako momentuen pilaketa. Uneak eta guneak ahaztu daitezke, baina, momentuak gogoratzeko izaten dira. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario