2012-06-19

BERTSOAK eta LETE eta 1512 = memoria








         Aste osoa lanean egin ostean, ostiral arratsaldetan gustura hartzen dut kirola egiteko tartea, mendi buelta bat, korrika saio bat edo txirrinduan kilometro batzuk. Aldapa pikoren bat eta izerdi parrastada bat, biak nahasian, biak beharrezko astean zehar lehortutakoak ekinaldi batean bustitzeko. 25 bat kilometroko itzulia egin nuen bizikleta gainean ostiralean, Zumarragatik bueltan, Gabiri gainera salto egin eta handik Ormaiztegi pasata etxera.  Azken 5 kilometroak irribarretsu egin nituen, pentsakor, memoriak iraungitze-datarik ba ote duen neure buruari galdezka. Ormaiztegi herri gunean izan nuen ezustekoa. Mutil koadrila bat pasioan, errepide bazterrean. Bakarren batek oihu egin zuen ni bizikleta gainean aldamenetik pasa nintzenean. Bakarren batek oihu egin zidan: bota bertsoa! Eta zergatik ukatu, masailak pittin bat gorritu zitzaizkidan, inork haizeak urratutako gorritasunak zirela pentsa zezakeen, masail gorrien kolorea memoriak kateatu zidan, ordea. Hamabost urterekin kantatu nuen Azpeitiko frontoian bat-bateko nire azken bertsoa. Hamabi urte pasa dira ordutik, bakarren batek, ordea, oraindik ere, bertsoarekin lotzen du Iratiren arrastoa. Bitxia iruditu zitzaidan pasartea, bitxia iruditzen zait memoriaren luze-zabalak egunerokoari jaten dizkion pusketak zenbateko azalera estali dezakeen kalkulatzen jartzea. Hamar urte karratu. Ez asko eta ez gutxi; besterik gabe, bitxia.


Larunbatean Xabier Leteren omenez Beasainen eskainitako kontzertuan izan nintzen. Kontzertu batek sor dezakeen sentimendua handia izan badaiteke, handia izan zen larunbatekoa. Eta gogoan ate joka arrima daitekeen memoria handia izan badaiteke, handia izan zen memoria. Bitxia da sei-zazpi urterekin ikasitako kantuak hogei urteren bueltan nola gogoratzen ditugun. Eñaut Elorrietaren ahots zirrikituetan nahastu nuen nirea, izarren hautsa egun batean bizigai bilakatu zela nire buruari errepikatzeko, behin eta bi aldiz. Hamar urteren ondoren, oraindik aitona Patxiren ahotsa eta aurpegia eta eskua eta itzala izar arteko hauts pinportez irudika ditzakedala ohartu nintzen. Memoriak ez duela zertan iraungi, baldin eta orainarekin batera bidea egiten uzten badiogu. Nahi izatea da kontua, behar izatea. Memoriarik ez duen herria hankamotza dela esanez bukatu zuen aurkezleak larunbateko emanaldia. Eta herri hankamotzak errenka egiten du bidea, orainean aurrera doala uste duen arren.

Hamabi urtek izan dezakete bost zentimetroko luzera, hogei urtek bederatzi zentimetrokoa eta bostehun urtek? Zenbateko luzera hartzen dute bostehun urtek? Pirinioen bi aldeetako lurrek adina zentimetro? Bostehun urteko memoriak zenbat zimur ditu aurpegian? Ilea urdinduta dute mila bostehun eta hamabian Nafarroa zaharrean idatzitako pasarteek? Amaiurko harriek eta Noaingo zelaiek zenbat egutegi orri irauli dituzte? Zer zekien Fernandok 2012az? Eta denbora tarte horretan guztian memoriak zenbat zaldizkoren ondoan egin du trakatan?

Pertsona, herria eta oraina memoriak bizi du. Denbora trakatan bakoitzean hautseztatu daitekeen bertsoa baino ez da. Iraganak ordea, ez lioke sekula kantatzeari utzi behar.

1 comentario:

  1. Ederra Xabier Lete gogoan, punta-puntako abeslari eta musikariak herriz herri eskaintzen ari diren Sortuko dira besteak ikus-entzunkizuna, eta ederra baita ere zure testuan memoriaraino urratu duzun bidea. Segi bixkor! Ez ahaztu zure irakurleokin gogoratzeaz.

    ResponderEliminar