2013-04-10

ITAKA (Jon Arretxe_2013-2-16)


Hiru, bi, bat, grabatzen! Hiru, bi, bat, grabatzen! Bizitza grabagailu bat da geldiune eta isilunerik ez duen botoi gorri baten korrikaldia.  Kamera baten tamainakoa da bizitza,  begi handi bat, betazal irekien hutsunea betetzen asmatzen ez duena. Eta klis, eta klas. Eta klis, eta klas. Pausoak kale bazterrean galtzen zaizkio bizitzari, ahots mutuak ere bai. Iragana grabatu eta etorkizuna kantatzen du. Eta... hiru, bi, bat... gertatzen den guztia gerta zitekeenak irensten du. Norbait begira dago pantailaren bestaldetik, pausoka erosten ditu ibilian doazenen bizitzak. Kalea pelikula txar baten azken eszena biluzia da, palomita janik gabe behin eta berriro, behin eta berriro, errepikatzen den atzera-aurrera bat.

Eta hiru, bi, bat. Norbaitek kamerari mingaina ateratzen dionean, orduan hartzen dute arnas pixka bat kaleko kamera itotzen hasi berriek.



Jon Arretxe -> Idazten duenari batez ere kolorea ematen dio. Eta irakurleari kolore horren atzean dagoena ezagutzeko aukera. Euskal Filologian Doktorea, Heziketa Fisikoan Lizentziatua, idatzi egiten du, idatzi eta idatzi, idatzi eta idatzi. Idatzi egiten du,  umoreari, bidaiei, nobela beltzari... helduta idatzi eta idatzi. Eta kantatu ere bai. Opera."19 kamera"  hartuta etorri zen Itakara, bere burua autograbatzera.

1 comentario:

  1. Ederra liburua eta ederra elkarrizketa. Joni buruz ez nekizkien gauza asko jakin ditut elkarrizketari esker, kantatu egiten duela, eta ez edozer. Solasaldi polita. Gehiagoren zain jarraitzen dugu. Mila esker.

    ResponderEliminar