2015-04-20

zero ken zero



Izan eta ez izan. Dena eta ezer ez. Zurekin eta zu gabe. Hutsa eta betea.

"Irati, zero ken zero zer da? zero, ezta?" Xabierrek azkeneko matematika azterketa partzialean eginiko galdera. Bai, azterketetan erantzuteko bakarrik ez, galderak egiteko tartea ere hartu behar da. Dakienak galdetu egiten du, ez dakienak eskatu.  "Zuk zer uste duzu?", "Ba, ez dakit... badaezpada ere... indeterminazioen kontua dela eta...".
Eta orain hemen nago. Ezer ez dagoen tokitik ezereza kentzen. Eta batez ere hori nola egiten den asmatzen. 
Izan bada, baina, izan gabe, Harrapazak! Egon badago, baina, ezin ikusi. Harrapazan! Joan joaten da, muxuka baina ukitu gabe. Harrapazank! Tarteka halakoak bota (halakoak esan baino bota egin behar dira, indarra eman behar zaie, gainerakoan bide erdian gelditzen dira erdi zorabiatuta, erdi zintzilik infintuetako hari muturretatik) eta ikasleei begietara begiratzen diedanean, krokodiloak ikusten dizkiet, hortz zorrotz mutur luze. 

Hori du matematikak ederra, dena zalantza eta dena zehaztasun duela bere baitan. Dena ihesbide eta dena lotura. 

"Bai, bai, Irati, baina, zer da zero ken zero?" "Paper gainean zero, zure baitan zuk nahi duzuna." Hori da izan eta ez izateko norberak duen gaitasuna. Eta gaitasun hori galdetzen duenak lortzen du.


5 comentarios:

  1. Izan eta ez izan... Dena eta ezer ez... Hutsa eta betea... Zurekin eta zugabe, halaxe sortu zait niri buruhaustea, zure hitzen parean baina galdetzeko aukerarik gabe. Eta... eta ezer ez duenari ezin ezereza baino gehiago eskatu. Hala, hutsik, galdera zizare bilakatu zait, burua zulatzen.

    "Zero" eta "huts" sinonimo ditu hiztegiak ("huts"en esanahi zerrenda luze xamarraren artean hori agertzen da, zero). Baina... baina noraino dira gauza bera? Zero duenak halabeharrez lortu du hutsa?

    To, hiretzat opari zizarea! ;)

    ResponderEliminar
  2. Lepoan korapilatu zaidan zizarea eta hemen nagon itotzeko beldurrez! ZEhaRO beldurtu naun! Beldur hutsez nagon (beldurrez huts nagon?)
    Ongi, konforme, zero ken zero ez zakinagu oso ondo zer den... eta...
    zero gehi zero gehi zero gehi zero gehi zero gehi.... hutsa dun??
    To, hiretzat opari sugea! ;)

    ResponderEliminar
  3. Horretan, Sartre da erantzuna aurkitzeko altxorra. Ezin da zeroan pentsatu horren kontzientziarik ez badago (froga: zeroaren historia). Eta hutsa edo ezereza gure kontzientziarekin bat dator. Zer dateke, bestela, kontzientzia munduratzen denean?

    ResponderEliminar
  4. Ezin da zeroan pentsatu horren kontzientziarik ez badago, ezin da zeroan pentsatu horren kontzientziarik ez badago, ezin da zeroan pentsatu horren kontzientziarik ez badago...
    Beraz...
    Zeroan pentsatzeko horren kontzientzia egon behar da, beraz, zerbait egon badago, zerbait egon badago, zerbait egon badago, zerbait egon badago...
    :-P

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Zerbait burmuinean egotea ez da zerbait gugandik kanpo egotea. "Zerbait egon badago" horrek egon aditzren esanahia argitzea eskatzen du.
      Pentsatzeko posibilitatea ez da erreala izateko posibilitatea.

      Eliminar