2015-12-01

BIHURRIKERIAK

Santillana del Mar-en abuztuan Santio Bideko etapa amaieran
Inoiz kontatu izan dizkiet ume eta gaztetxoei ipuinak. Inoiz ausartu izan naiz irudimena errota lanetan jarri eta sinesten errazak ez diren hankaz gorako istorioak kontatzen; begiak betazaletan zintzilikatzen, mingaina ezpainei itsasten, eskuekin eguzkiak berotzen, eta lo hartu aurreko segundo horretan esnatzen. Ederra da gaztetxoenen jakin-mina eta inozentzia bihurrikeria bihurtzea. Ipuinak kontatzea hori baita, bihurrikeriatan aritzea.

            Ostegunean Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Eskolara joango gara Ekaitz anaia eta biok ipuinak kontatzera, eta egunotan hor nabil jolasa ezuste, ezustea sorpresa eta sorpresa jolas nola bihurtu asmatu nahian. Bihurrikeriak bururatzen zaizkit; bihurrikeriak umeentzat eta bihurrikeriak neure buruarentzat. 
       Ez zait gustatzen hiztegian bihurrikeriaz topatu dudan definizioa; gaiztakeria eta okerkeria aipatzen ditu. Nik buruan darabilkidan bihurrikeriak asmo txarrik gabeko jolasa du ardatz. Bihurrikeriak buruaren plazer direla uste dut.

         Bihurrikeriak egileak eta hartzaileak ditu. Egileak jakin-mina asetzea du helburu, hartzailearengan ezusteko erantzuna bilatzea.

       Konta nitzake besteen bihurrikeriak, baina, buruaren gozamen diren plazerak, gorputzarenak diren bezalaxe, norberak bizi eta sentitzekoak dira. Orain eta hemen bihurria izatea gustatuko litzaidake. Hartzailearen, hau da, soinu mahaian zauden horren ezustea neure egitea. Eta isilduko banintz? Ez dakit… zazpi-zortzi segundoz… Hitz egiteari utziko banio? Jakingo luke irratiak isiltasunaren pisuari desafio egiten?

            Haustea. Espero den egoera normal horrekin hausteak du xarma. 

            Mutu gelditu zen irratiarena. Argumentu polita izan daiteke ipuin baterako.


        Hurrengoan gehiago, bitartean izan bihurriak. Eta hautsi, ezer eta inor puskatzeko asmorik gabe, hautsi. 



No hay comentarios:

Publicar un comentario