AIZKORRI_2016-6-12
Aizkorriko gainean Luis, Irati, zu txiki (4 hilabete eta erdi) eta txakurra |
Umetoki gozoan
ametsen sorrera,
lau hilabete t´erdi
bazoaz aurrera,
hasi gara mendiak
igotzen batera,
zure zorionean
Aizkorri gainera,
motxila bizkarrean
hurrengo aukera,
jaiotzen zarenean
itzuliko gera.
ERAKURRI ETA IRUÑARRI_2016-7-3
Leitza-Ezkurrako gainetan Irati eta zu txiki (bost hilabete pasatxo) |
Udako opor giro lasaian
lehen igande goizeko,
egunsentian guk zu egin nahi
izan zaitugu etxeko,
ze goi arnasa askatzen duzun
gure pauso bakoitzeko,
hor Iruñarri, hor Mandoegi,
Mendaur eta gainontzeko,
guztietan zu hautatzen zaitut
Erakurri bihotzeko,
ez da antiojo ederragorik
bizitza irakurtzeko.
Ekaitz, Irati eta zu txiki Erakurrira bidean |
ALOÑA_2016-7-10
Aloñan Irati eta zu txiki (bost hilabete eta erdi bidean) |
Arantzazu ta Duru
zintzarri dunbada,
Aloñako gainean
zer gozatu bada,
zelai, behor ta tontor,
nonahitik patxada,
Eleder sabelean
ipuin gosez hara!
Joanes artzainari
eskua emanda,
Garoa liburuan
barneratu gara,
mendi irakurketa
ederra izan da.
Joxe, Irati eta zu txiki. Atzean Oñati. |
No hay comentarios:
Publicar un comentario