Udan etxean, lagunartean, Fatimarekin, Khurramekin, Mohamedekin, Wakarrekin izan dugu solasgaietako bat; ertz askorekin aritu gara zirika, ia zorabiatzeraino, baina, gustura ondu dugu azkenean idatzia.
"Askotan galdetzen diot neure
buruari non ezkutatzen ote diren-dituzten-ditugun gutxi gorabehera astebeteko
lehertze iraupena izaten duten albisteak. Bat-batean isildu egiten
dira-dituzte-ditugu, benetako hausnarketa-ikasbiderik landu gabe. Horrela
doakigu. Kaka-parrastada eta kaka-parrastada artean justu-justuko astia hartzen
dugu ipurdia garbitzeko; kaka usaina, ordea, hor geratzen da. Horrela doakigu.
Azkenean sinetsi ere egin dugu besteen ipurdiei hozka egiteko eskubidea duten
eltxoak garela.
Burkiniak sortu du azken
eztabaidetako bat, eta gozo-gozo jarri gara denok lezioak ematen. Izugarri
gustatzen zaigu hurbildu, ezagutu eta iritziak partekatu beharrean, goitik
beherako ikuspegi bertikalaz hatz erakuslea luzatu eta parekoari (azpiko horri)
zer egin behar duen esatea. Askatasunaren izenean hitz egiten ikasi dugu
gainera orain, gure zilbor-hestea inoiz baino korapilatuago dugun honetan.
Jantzita uretan sartzea ez dela
higienikoa entzun eta irakurri diot bati baino gehiagori azken hilabetean.
Hondartza eta igerilekuak pixatoki ofizial bihurtu dituen gizarteak halakorik
esatea ere! Azala behar da gero!
Besteen onespena lortzearren,
askatasun mozorrotuz orduak eta orduak ispiluaren aurrean igarotzen dituen eta
bere buruaren eta bizilagunen esamesen esklabo den gizarte kontsumistak
(institutura doan gaztetxoa, ligatzera doan gaztea edota lanera doan heldua,
izan ar edo eme) zer du irudiaren askatasunaz besteei esateko?
Gaixoak (gaiztoak) gu, buruan
kapela jantzita, betaurreko beltzak jarrita, besteen estali beharrak
horrenbeste kezkatzen gaituen gu.
Horratx gizarte heldugabe baten ahuldadea. Hori baino ez dute islatzen
halako jarrerek. Harper Lee idazleari irakurri diot orain gutxi besteekiko
jazarpen-jarrera aurreiritziak dituzten pertsonen kontua dela. Hobe genuke
hozka egin ordez hazka egingo bagenie halako gaiek eskaintzen dituzten
ikasbideei. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da hor kokatzen ditugunak hemen
eroso sentiaraztea, eta hemen eroso sentitzen garenok geure burua hor kokatzeko
ahalegina egitea. Elkarrengana hurbildu ezean, beldur, mamu eta fobia berriak
sortuko baitira, gizarte hipokrita honen pitzadura berriak."
Naizen Zuzendariari Eskutitzak atalean argitaratu dute: http://www.naiz.eus/eu/iritzia/cartas/burkinia-bera-ez-da-arazoa
Euskalerria Irratiko Irrantzi tartean entzungai: http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1474993457649
Euskalerria Irratiko Irrantzi tartean entzungai: http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1474993457649
No hay comentarios:
Publicar un comentario