Urriaren 28an munduratu zen Eleder. Bi hilabete eta
erdiko memoria du, beraz. Nik, ordea, bederatzi hilabete atzera, urtarrilaren
28an jaio zela sentitzen dut. Ia urtebete darama niri, guri, naturari lotua. Ia
urtebeteko memoria du, beraz. Memoria: berekiko eta inguratzen duenarekiko
ezagutza. Urtebetez atzeragokoen jakintza poliki-poliki bere jakin-minetik eta
ingurukook (familia, hezkuntza, lagunartea) kontatzen diogunetik jasoko du.
Honatx idatzi honen bueltan seme ttikiari begira
otu zaizkidan galderak: noiz hasten gara historia izaten? Eta noiz hasten gara
memoria izaten? Noiztik gara historiaren etorkizuneko erantzule? Zenbateko
memoria du gutako bakoitzaren historiak?
Duela bi aste zenbait gazte bildu ginen Memoria
Historikoaren inguruan elkarrekin lanean hasteko asmo-gogoz. Urteak daramatza
Txinparta Elkarteak gai honen buelta-mamitan sekulako lana egiten. Baina,
edozein arlotako elkartek duen kezka bera du. Nola inplikatu gazteak? Nola egin
arduren transmisioa? Nola idatzi memoria etorkizunetik?
Dagoeneko hamar bat lagun bildu ditu Txinparta
Memoria Gaztea Taldeak eta ideiak bor-borka ditu. Aukera eta protagonismoa
emanez gero, gazteak badaki zer eta nola nahi duen.
Ez dut zalantzarik, etorkizuneko historian memoriak
emango du zeresana eta izango du esateko zer.
Euskalerria irratian entzungai:
http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1484669848926
http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1484669848926
No hay comentarios:
Publicar un comentario