Eleder eta txakurra |
HOGEITA ZAZPIGARREN HILABETA: TXAKURRAREN HILABETEA
Haserretzen zarenean (haserretu ere egiten baita txikia, haserretu edo...) bat eta bakarra, lehor eta eztarriko minetik sortua: zaunka. Kontatuko diegu, Eleder? Hortik sortu da ipuin berria: Bazen behin zaunkarik egiten ez zuen txakur beltx, txikia. Bizilagunak Elederri esan zion: "Meikuna eaman beharko det, Eleder! Hau izango ek mundun zaunkaik itten ez don zakur bakarra!". Eta Elederrek txakurra sendagilearengana eraman zuen. Sendagileak txakurrari galdetu zion zuzenean: Mina non duzu? Eta txakurra isilik... Zer sentitzen duzu? Eta txakurra isilik... Elederri zuzendu zitzaion orduan... Zer gertatzen zaio, Eleder? Eta Elederrek... zaunka! Non du mina txakurrak? Eta Elederrek... zaunka! Berehala konturatu zen sendagilea txakurrak egiten ez zuen zaunka hotsa Elederrek egiten zuela... Zer egin zuten sendagileak, txakurrak eta Elederrek? Horiek Elederren eta amaren izarapean kontatzen dira... ;-D
Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:
Hogeita zazpiari
egiozu kasu,
etorri baita beti
bezain distiratsu,
erdi zirikatzaile,
erdi irrifartsu,
sarri zaunka ta zaunka
aritzen zera zu,
eztarrian txakurtxo
txiki bat daukazu.
Aurreko biak kantatu, gauero kantatu izan ditugu, baina blogera ekarri gabeak genituen:
HOGEITA SEIGARRENA: HIRU HITZEN HILABETEA
Hogeita seigarrena
aldarte alaian,
aurrerapenak egin
dituzu lenguaian,
kontutxoak pilatzen
zaizkizun garaian,
ahoskatzen dituzu
hiru hitz jarraian,
ta guk jarraitzen degu
gehigoren nahian.
HOGEITA BOSGARRENA: ERREPIKAPENAREN HILABETEA
Hogeita bosgarrena
egin ta esaten,
dena da berriz-berriz
ta errepikapen,
ingurukoek zugan
ze indar daukaten,
hasi zara pausoak
aurrera ematen,
gure oihartzun eta
ispilu izaten.
No hay comentarios:
Publicar un comentario