Eskerrik asko Txinparta Elkarteari argazkiengatik |
Igandean Ezkaban izan
nintzen, San Cristobalen, urtero maiatzaren 22aren bueltan egiten den
omenaldian. Memoriari ahotsa jarri beste behin; orain, bihar ahots hori hauts izan
ez dadin. Aurkezpen lanak egiten hasi aurretik Josefina Lanberto hurbildu
zitzaidan; beti bezain irribarretsu, beti bezain gozo. Anorak azpitik eskua
sartzeko esan zidan. Eskua sartzeko eta hartzeko gozoki bat. Beti eramaten ditu
gainean, marrubizkoak, laranjazkoak eta limoizkoak. Eguerdiko hamabiak bat gutxi. Bat hartu
eta poltsikoan sartu nuen olerkia irakurtzerakoan mingainean trabarik ez
egiteko.
Izan
urrats,
pauso, arrasto.
Izan
bide
eta espazio,
izan
denbora,
izan nor.
Oroimen lausotuen eguzki,
ahots isilduen trumoi.
Izan
pentsamendu, iritzi, mami.
Izan hezur.
Hondar
arteko oinatzak, ur direlako eta ez beste ezer,
zure
bideak ez direlako sasi,
eta
bai,
zure
begiradak izena duelako bere.
Izan,
begi
izan
gaur
eta etorkizun.
Non
lapurtu zizuten aurpegia?
Izan
zugan, zure eta zuretzako.
Eta
izan guri.
Oraindik
hor zaude, ezta?
Olerki-aurkezpenaren
atzetik ordubeteko bertso, musika, testigantza, dantza saioa ondu zen. Omenaldia
bukatzean jan nuen marrubizko gozokia. Josefinak emandakoa. Eta bai, inoiz
baino gozoagoa iruditu zitzaidan. Gozokiaren azken zati txikia hortz artean
kraskatu nuenean, behin kalean elkar agurtzean esan zidana etorri zitzaidan
akordura. Semeaz galdetu eta atzetik esan zidan: tú cuéntale lo nuestro e. Ahotsak
hauts bihurtu ez daitezen.
Euskalerria irratiko irrintzia:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1558448949830-irati-goikoetxea-maiatzak-21-2019
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1558448949830-irati-goikoetxea-maiatzak-21-2019
Eskerrik asko Txinparta Elkarteari argazkiengatik. Publikoari bizkarra emanda errezitatzen ausartu nintzen. |
No hay comentarios:
Publicar un comentario