Euskalerria irratiko atzoko Irrintzi Plazarako prestatutako hausnarketa:
Parkez parke
ibiltzen naiz Eleder txikiarekin, zeharkatu ditugu Iruñeko hango eta hemengo ia
parke guztiak. Lagun berriak egiten saiatzen gara, elkarbizitzen kolunpio eta
txirrista artean, elkar-ulertzen, elkarri eskua luzatzen, hartzen eta uzten,
adosten.
Orain dela pare bat
hilabete inguruko parkeetako batean genbiltzala “Rojo y amarillo, caca de
chiquillo” esanez entzun nuen norbait, ahots gaxte bat. Harrituta jiratu nuen
burua, entzun nuena benetan entzun ote nuen eta nork esan ote zuen ikusi eta
ziurtatzeko. Bost bat urteko mutikoa, ikastetxeko uniformez jantzia eta amari
gaztelaniaz egiten ziona. Harritu egin nintzen, bai; asko. Batetik, guk orain
dela 25-30 urte ikasitako errima-jokoa hainbeste urteren ondoren ume baten
ahotan entzuteagatik eta bestetik, esan bezala, mutikoak ikastetxe erlijioso
bateko uniformea zeramalako eta
gaztelaniaz egiten zuelako bere amarekin hizketa. Bai, badakit. Aurreiritziak.
Harriduraren muina sinplea da oso. Bai, badakit. Baina, harritu egin nintzen eta
kitto. “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” mutiko hari nork, noiz, nola,
zergatik eta zertarako erakutsi ote zion galdezka aritu nintzaion neure
buruari, “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” nork, noiz, nola, zergatik eta
zertarako erakutsi zigun guri neure buruari askotan galdetu izan diodan
bezalaxe.
Egunotan orain dela
bi hilabete entzundakoaren oihartzuna berritu zait. Larunbataren biharamunetan,
biharkoaren bezperan, hementxe gaude denok, chiquillo eta chiquilla, gorri izan
edo hori, berde, zuri, more edota urdin,
elkarbizitzaren kaka artean. Eman
nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola,
nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere…
Lau urtean landu gabeko harremanak bezperako gauean antzeztu, nahasi, korapilatu
eta txikitu nahi ditugu. Bai, txikitu, puskatu eta txikiago egin. Harremanek
erraldoi beharko luketenean herri bat modurik demokratikoenean eraikitzeko.
Demokraziak, ordea, gorrotorik gabeko bizikidetza du oinarri eta nago eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola,
ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez,
beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere… nago urteak joan urteak etorri,
lau urtekoak joan lau urtekoak etorri oso-oso-oso gutxi ikasten dugula. Beste
lau urte ditugu aurretik bizikidetza erdigunean jarri eta lehenengo egunetik
elkarrengana hurbiltzen hasteko. Asmatuko ote dugu.
Gainerakoan,
parkeetako umeek beren inguruak kaka kakatzar nola bihurtzen duen baino ez dute
ikusiko. Eta ikasiko. Konponduta gaude.
Hementxe audioaren lotura:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1560864982611-irati-goikoetxea-ekainak-18
No hay comentarios:
Publicar un comentario