Trena iritsi denean, inor ez zegoen begira. Kirrinka-kirrinka iritsi da, banator-banator esanez, kirrinka-kirrinka. Geltokiko ordularian arratsaldeko zortziak eta hiru minutu. Argiak ilun, eserlekuak ere bai. Trena iritsi denean, inor ez zegoen begira. Isilik dago arkupea. Kirrinka-kirrinka entzun da ozen, baina, isiltasuna, isiltasuna da gainerakoan. Isilik dago arkupea.
Ateak ireki dira, eta emakume bat jaitsi da hirugarren atetik behera, kan-kan-kan egiten dute haren zapata puntadun zorrotzek. Kan-kan-kan. Maleta bat dakar eskuetan, maleta bat oso txikia, kolorerik ez duten begi horien jabearena izateko txikiegia. Begi horiek kolorea bidean galdu dutela dirudi, urrutitik datozela, oso urrutitik. Eta maleta txikiegia da distantzia horietarako. Gizon bat ere jaitsi da bosgarren atetik behera, eta bere gorputzak egiten du kan-kan-kan. Ez darama takoidun zapatarik, baina, bere gorputzak kan-kan-kan egiten du.
Emakumeak esan dio agur, eta gizonak esan dio agur. Trena joan da kirrinka-kirrinka. Emakumea joan da kan-kan-kan. Eta gizona joan da kan-kan-kan. Arkupeetara isiltasuna itzuli da. Trena iritsi denean, inor ez zegoen begira. Ni, eta agian zu. Baina, beste inor ez.
Goiatz Labandibar |
Ordenagailua piztu eta Iratiren ahotsa aurkitu dut aspaldiko partez (ez, hiketan idatzitako mailak ez ditun ahotsa ordezkatzeko aproposak). Goiatz. Esan zenidan hitzordua zenutela berarekin, elkartzen garen bakoitzean dena kontatu behar izaten baitiogu elkarri. Dena... tira, afalorduan ala mendi buelta batean sartzen den "dena" hori. Hizkera gozo hurbila topatu dut Iratiren galderei erantzuten ordenagailuko pantailako gezitxoarekin elkarrizketari klik egin diodanean.
ResponderEliminar"Nora joango zinateke itzulerako txartelik gabe?" Ezagutzen ditut Ekaitzen galdera zail demonio horiek. Baina batek bereziki bereganatu du nire arreta. Oihartzuna sortu zait buruan saioa entzun bitartean "inora ez, inora ez". Edonora joango nintzateke bueltako txartelik gabe, baina sekula ez jakinda ezingo naizela bueltatu. Hori Bartzelonak irakatsi dit, polita dela joatea, baina itzultzeak ez du parekorik.
Tarte zoragarria eman dut trenean. Oraindik ez dut argi nora eraman nauen trenak, baina hori ere deskubritu egin beharko dut, ala? (badakizu, trenak... trenak hara egiten duela)
Mila esker!
Mila esker, HIRI prexioxa!
ResponderEliminarEz pentsa, gozoa dun, tren honetan hoala lehiatilatik begiratu eta neska irribarretsu bat agurka-agurka ikustea. Indarra ematen din! Nik hire antza hartzen zionat neska horri.
Muxu handi bat!