Betidanik gustatu izan zaizkit panpinak. Umetan ohe gainean jartzen nituen Nenuca eta Nenucoak, etxera auskalo nondik, auskalo nola (etxean beti izan gara jostailuarropaeskolamaterialak berrerabiltzekoak) iritsitako azal beltx, gorri, hori, urdin eta berdeko panpinak. Barbirik ez dut izan sekula.
Ohe gainean jartzen nituen eskolan baleude bezala. Eta ni irakasle lanetan. Izango nituen bost edo zazpi urte, bederatzi akaso. Bitxia da; matematika irakasten nien. Bost-sei panpina izaten nituen ohe gainean isil-isilik, bare-bare, zintzo-zintzo.
Iraila aspalditxo hasi genuen arren, atzo eman nion ikasgela barruko lanari hasiera. Ikasturte berria. Lanera gonbidatu nituen ikasleak aurkezpen hitzetan, ahalegintzera, saiatzearen plazera sentitzera, irribarre egitera, entretenitzera, nekatzera, ikaskideak eta irakaslea zirikatzera, hausnarketei tira egitera, eskua luzatu (ez altxa) eta galdetzera, parte hartzera, galdetzera, euren burua desorekatzera, zoriontsu izatera, jakin mina zalantzaz janztera, erantzunetan erortzera eta lagunari altxatzen laguntzera. Eta noski, hori guztia ezin da isil-isilik egin, bare-bare, zintzo-zintzo. Mezua ulertu duenak ikasiko du gehien; mezua ulertu duenak gozatuko du gehien: ikasgelan ez dut panpinarik nahi.
No hay comentarios:
Publicar un comentario