Ekaitz, Joan Mari, Patxi, Eleder eta Irati_2017-3-19 |
Masusta more heldua ahora eramatearen parekoa; astero-astero zure poema goxo horietako bat mezu elekroniko bidez jasotzea: "Kaixo, Irati... aste honetako poema... bihotzez, Patxi.". Urteak daramatzagu larunbatero-larunbatero Itaka literatur saioa zure olerki batekin hasten; urteak zure hitz bidezko emozio eta sentipenak uhin bidez haizatzen. Igandean Legorreta herriak egin zizun omenaldi zoragarrian guk ere parte izan nahi genuela eta urtetan jasotako altxorra modu apal eta xumean oparitu nahi izan genizun. Hunkigarria izan zen oso igandean zure ondoan egotea, zure begietara begira hitzekin jolasean aritzea, zuri bi muxu ematera hurbildu eta belarrira xuxurlatu zenidan "preziosa" neure egitea, Joan Marirekin eman zenuen besarkadaren testigu zuzen izatea. bizitza eta pentsamendua dantzatu behar ditugula (nik biak aukeran, suelto eta agarratuan) zure ezpainartetik entzutea. Beste behin, eskerrik asko urrutiko lur hauetan zure ondoan egoteko aukera emateagatik. Etxerakoan Eleder txikiak galdetu zidan "amatxo zein zen gizon hori?" eta nik bihotz handi bat zarela kontatu nion.
Urruti
non da urruti?
Han da urruti.
Atzo da urruti
denboraren ihesbideetan inoiz
ez;
inon ez da urruti.
Urruti da hemen
gertu sentitzeko eguzkiak falta
bazaizkigu.
Urruti da orain
isiltasunak sortzeko hitzak
falta bazaizkigu.
Baina, batez ere…
Batez ere
urruti da neure burua
neure begiei atera nien
argazkien bilduma betazalen ispilu bihurtu denetik.
Batez ere urruti da neure burua.
Orain igerian ikasi behar dut
izan ere,
izan ere itsasargia urruti dago
orain gertu, orain urruti
orain gertu
orain urruti
itsasoa laino dago Baionako
barraraino, nik zu zaitut maiteago…
Lurra, lu-rra, lurra, lu-rra,
lurra
Oi lur, oi lur, oi ene lur
nerea…
Oinpeak fosildu zaizkigu eta
dinosauroak behatz arteetan
kukuka sumatzen ditugu galdutako lur eske.
Eta masusta berdeak
(euren burua nola gorritu behar
zuten ahaztu zutenak)
eta masusta berdeak ematen
dizkiegu aseko badira.
Lurrak ditu behinola beharrezko
genituen ordulariak
Tik-tak, tik-tak, tik-tak,
tik-tak
Lurrak ditu behinola beharrezko
genituen ordulariak.
Denbora gose da
baina ez dago nahikoa masusta
eternitatearentzat.
Horregatik hasi da denbora
poemak bazkatzen
eta lur gero eta potoloagoaren
masailetan
hartzen du jatekorik ez duenean
atseden.
Hauek. Hau-ek. Hauek. Hau-ek.
Hauts hauek dira zure magia,
hitz hauek zure altxor.
Begi hauetan aurkituko dituzu
esku hauek
eta haizeak
haizeak-haizeak-haizeak-haizeak
eta haizeak ez ote ditu bihotz
hauek eramango.
Ez dago urrutira joan beharrik
(beharrik-beharrik-beharrik-beharrik)
ez dago urrutira joan beharrik
lur hauek gure egiteko,
zu maitatzen ikasteko,
zure poemetan bihotzak aske
sentitzen ditugula sinesteko.
Patxi, eskerrik asko.
Nola irudimenak
gaua oroitzapen,
hitzak zauria salmo
bihurtu dezakeen,
urrutiko lur hauek
samurtu gaitzaten,
segi liburu edo
paper-mutur baten
gure atsedenari
atsegin ematen.
Ekaitz eta Irati_2017-3-19 |
Goierri Telebistak grabatutako omenaldiko irudiak: http://www.gitb.eus/azken-berriak/9419-patxi-ezkiagak-urrutiko-lur-hauek-liburua-aurkeztu-eta-legorretarren-omenaldia-jaso-zuen
No hay comentarios:
Publicar un comentario