2018-08-28

HOGEITA BIGARREN HILABETEA


Irati Elederri ipuina kontatzen gauaren iluntasunean

HOGEITA BIGARREN HILABETEA: GAUEKO IPUINAREN (amaren sabelean zegoenetik entzun ditu Elederrek ipuinak, baina orain hasi da lo hartu aurreko momentu eder horretan kontatzeko eta kontatzeko eskatzen) HILABETEA

Bazen behin mutiko txiki-txiki eder bat amaren buru-bihotz-ahoetatik ipuinei tiraka aritzen zena. Bazuetan ipuinean barrura sartzeko salto egiten laguntzen zion amatxok, beste batzuetan ipuinak berak egiten zion salto izara artera. Olatuekin, sorginekin, erraldoiekin, mendiekin, pozarekin, haserrearekin, harriekin, izarrekin... jolasean ibiltzen zen eta askotan, amak berak baino lehenago lo hartzen zuenetan, munduak ipuin izateari utzi eta ipuinak mundu bihurtzen ziren. Eta hala bazan eta ez bazaaaaaaaaaaaaaaaaan sar dadila kalabazan eta atera dadila Elederren ezpainarteko plazan!


Zorionak, pottolo! Bertso bikaina oparitu dizu osaba Ekaitzek: 


Hogeita bigarrena
kontuz datorkizu,
gauaren eskaintzari 
eskean beti zu,
dantzari porrokatu,
ipuinzale itsu,
amak Elederrena
kontatzen badizu, 
bi begiak belarri 
bihurtzen zaizkizu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario