2018-08-23

ITAKA_Pello Biain_2018-7-14




Kafe tertulia filosofikoak Pello Biainen eskutik. Inguratu, harrapatu, amua luzatu eta irratirako gonbita egin. Eta aurretik eta ondoren pentsatu, pentsatu, pentsatu eta hausnartu, hizketagaiak sortu eta emozioak kateatu, badakizue... zalantzak-beldurrak- aurreiritziak... 

Nik ez dut tertulietan parte hartzeko aukerarik izan eta  uztailaren 14an irratian berarekin egoteko aukerarik ere ez nuen izan. Baina, Ekaitzen eta aitaren bidez etxean jaso ditut tertulietako eta irratsaioko kontuak eta izan ditugu hizpide gai sakon askoak.  


Ekaitzek zenbait komunikabidetara bidalitako eskutitza doakizue jarraian


Aspaldian nuen Pello Biainen eskutik azken bi urteotan ekainean eta uztailean Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean antolatu diren kafe tertulietan parte hartzeko nahia eta irrika. Bestelako zeregin eta jarduerak direla-eta, ekainean ezin, eta uztaileko azken bi saioetan izan dut aitaren konpainian lagunarte ezin aberasgarriagora bertaratzeko egokiera. Taldekide guztien artean hala adostuta, aurrez identitatea eta izatea bezalako gaiak jorratu bazituzten, uztailaren 11n eta 18an konpromisoa eta heriotza (norberarena nahiz ingurukoena onar ote litekeen) izan genituen hizpide. Hizpide, bai, kafe tertuliotan hitzak bide baitira, norbere baitarakoak, ingurukoenganakoak, pentsamendurakoak, hausnarketarakoak, kritika eta autokritikarakoak. Eta Pello Bi(k)ain arduratzen da pentsatzen dugunaren inguruko kontzientzia hartzearen garrantziaz ohartarazteaz, esan nahi eta esaten duguna bat eta bera izateaz. Saiotik saiora berritzen diren adin ezberdineko hamasei bat buru eta beste horrenbeste aburu, aurtengoak amaituta, Pelloren ekimena eta ausardia zinez eskertu eta etorkizun hurbilean berriro elkartzeko gogoz elkar agurtu genuenak. Dena orain eta hemen beharreko irudiaren, informazio jasaren eta estresaren gizarte honetan, eskertzekoa eta txalotzekoa baita ikasturtearen hondarrean, pentsamenduaren eta hitzaren bidez, azken bi urteotan Zumarragan geratzeko eta garatzeko egin zaigun proposamen ausarta.
Bukatu aurretik, lerrook probestu nahi nituzke, Zumarragan egin bezala, Goierriko gainerako herri eta udalak buru-bihotzen ongizaterako gune eta une askeak sortzera animatzeko.
Eta bukatzeko, eskerrik asko, Pello. Bi(k)ain, Pello.

No hay comentarios:

Publicar un comentario