2012-10-23

Begi lukua zorion bila



HITZA: LUKU


Eskua... eta ezpainartea betetzen duena. Estutuz gero, handitu egiten dena, estutuz gero, gainezka egiten duena, estutuz gero, bustitzen zaituena.

Bai, tira... berriro hasiko naiz (ongi ari haiz, Irati... denek ulertzeko moduan... batez ere argi ari haiz, norbaitek ez dena pentsatzeko moduan... batzuetan kostatzen zain... hain litzateke erraza... irudiari begiratu besterik ez zagon... baina, hik tira egin behar... edo mingaina luzatu behar... mundiala haiz gero, saltsarik ez dagoen tokian ere saltsa sortu behar... esan ezan... ez dakit ba... gogoratu hadi... urtearen azken kanpaikadekin jaten ez dituan mahats aleez... jarri hitzan denak pilan, lotu hitzan hari mutur batekin... eta urte berri on oihukatzerakoan hik egin oihu: hau luku bat da!)...

Esandakoak esanda, ez dago berriro hasi beharrik, ezta?



AFORISMOA: Batzuetan isiltzen jakin behar da. Horrelakoetan begirada izaten da hitz egiten duena.


... eta lastima (edo zorionez), ezin aurpegiaren hizketarako gogoa isilarazi. Zabalik dauden bi begik zabalik dagoen aho batek baino dezente gehiago esaten dute, batez ere, ezer esan nahi izaten ez den une horietan.






HAIKUA:

Poza lapurtzen...
malkotarako xoxik
ez duen hura...




2012-10-22

ITAKA (Benito Lertxundi_2012-10-13)



"Aitak logelako atea irekitzen zidan, amak sukaldekoa irekitzen zuen eta sukaldetik logelaraino Benito Lertxundi etortzen zitzaidan bisitan. Hanka puntetan hasieran eta erdi saltoka konfiantza hartzen hasi zenean.

Lau urte izango nituen, bost agian, igande goizetan izaten zen, ohe ertzeraino etorri eta belarri ondoan xuxurlatzen zizkidan nahigabean buruz ikasi nituen kantuak.

Iratiko basoilarren artean eskutuan ibiltzen nintzen, Maria Solt-ekin dantzan eta primaderako liliak bilduz sekula inork ez ninduela ezkontaraziko promes egin nion neure buruari. Lau urte baino ez nituen, ia-ia lau hanak iritsi nintzen Erriberaraino, Muñagorrik bere proklamian zioena neurekiko errepikatzen nuen bitartean.

Igande goizetan, lau urterekin, ohetik... Benito entzunez ikasi nuen bizitza ederra zela. Oso ederra."


Irratsaioaren lehenengo zatia (Patxi Ezkiaga, Joxe Goikoetxea eta Iñaki Murua):

 

Benito Lertxundiri elkarrizketa:
 
   


Ederrak direnak hasi eta berriro hasten dira. Ederrak diren uneek hiru aldiz hasteko aukera ematen dute. Ederra dena surrealista da. Ederrak denak itxaronarazi egiten du. Ederra dena hanka puntetan hurbiltzen da. Ederra denak irribarreak lapurtzen ditu. 

Eta ederra horixe izan zen, Benitorekin patxadaz hizketan, hausnartzen, solasean aritzea. 

Astebete daramat Benitori energia eta indarra bidaltzen... iritsiko ote zitzaion!

Elkarrekin hegan aritu ginen eta beldurtu nintzen uneetan eskua eman zenidan... horregatik eta gainerako guztiagatik... eskerrik asko!

2012-10-16

...

Tuteran goizeko zortzietan

... zer dago debekatua? Gosea asetzeko palmerari hozka egitea?


2012-10-15

Xaxatu pentsamendua



HITZA: XAXATU 

Hartu puxika bat eta egin zizta orratz zorrotz batekin. Gelditu begira eta ikusi zer den puxikatik ateratzen dena... akaso aterako zaizu airea, akaso ez da aterako ezer eta akaso ikusiko duzu...
Hartu hatz potoloaren eta hatz erakuslearen artean tarteka sortzen den atximur egiteko gogoa eta egin zizta aurrean egokitu zaizun lagunaren ipurdiari. Gelditu begira eta ikusi zer den lagunaren begiradatik (ez dago ipurdira begiratu beharrik...) ateratzen dena... akaso aterako zaizu begirada bera, akaso ez da aterako ezer eta akaso ikusiko duzu...
Xaxatzearen ondorioak beti izaten dira akasozkoak. Ezin asmatu xaxatua izan denaren beroaldiak berotu, erre, epeldu, hoztu edo izoztu egingo duen xaxatzailea. Onena... probatzea? Ez dakit ba...









AFORISMOA: "Ze zaila den esaten duguna pentsatzea!"

Pentsatzen duguna esatea bezain zaila! Demagun hitz bat ahots kordetatik pentsamendurako bidean... Lehenengo eztarrian trabatzen da, gero mingainak bustitzen du, ezpainarteak hozka egiten dio eta sudurpeko ile artean jolasean hasten da, zabuka, oinak (nork esan du hitzek oinik ez dutenik...) zerura baino gorago altxa nahian. Pentsatzen diren hitzen aldean, esaten diren hitzek oinekin zeruaz haragokoa ukitu nahi izaten dute. Eta orduan hasten dira komeriak... hankak gora altxatzen dituenak burua behera jaisten duelako eta buruz behera pentsatutako hitzak ez baitira hankaz gora esandako hitzen pareko izaten...








HAIKUA

Haserretu ez
eta adiskidetu
nahi izatea...








2012-10-10

ITAKA (Patxi Zubizarreta_2012-10-6)



"Polita da idazlearen eta irakurlearen bi momentu intimo paper zirriborratuaren gainean nola elkartzen diren irudikatzea. Polita da paper zuri bera bi esku, bi begirada, bi irribarre, bi hotzikara ezberdinen artean irudikatzea. 

Polita da hitzak haizeak eraman eta haizeak ekartzen dituela irudikatzea eta haizeak nora iritsi behar duen asmatzen duela ikustea.

Baina, gutun batzuk ez dira sekula iristen. Bideak galtzen dituelako edo bideak ezkutatzen dituelako edo gutunak bidea desagerrarazten duelako. Baliteke gutunak bere burua ibilian ibiltzera kondenatzea ere, inoiz inora iritsi ez dadin. Gutun batzuk ez dira ekula iristen eta hitzak haizeak eramaten ditu."


Patxi Zubizarreta

"Hiru gutun Iruñetik" (Pamiela argitaletxea) liburua aurkeztu zigun Patxik larunbatean eta gainera, bizitza leihoaz harago irrintzika, irrintzika bere lasaitasunean, ari dela erakutsi zigun. Txoriek bezain alai eta bareek bezain lasai egin genuen aurrera, eskuz idatzitako eskutitzak igorri genizkion elkarri, kolorez margotu genituen hitzak, fakultateko komunetan graffitiak egin genituen, hogeita bat egunen bueltan hiltzen ikasi genuen, eta begiek hitz egiten asmatu genuen. Gertu sentitu ginen, elkarrengandik gertu.

Iñaki Mendiguren, Gorka Berrio, Pello Ramirez, Patxi Ezkiaga eta Joxe Goikoetxeak ere parte hartu zuten. Galdeketez, galtzeko arriskuari arusardiaz begiratzeaz, postariez, elkarri irentsitako urduritasunez eta menda gozoaz aritu ginen hizketan.

Egin klik, bizitzak pausoka-pausoka, hitzez hitz zerbait berria irakasten digula konturatuko zara.


 


2012-10-08

...



Arantzazura bizikletan. 2012-8-12





... hi, Oteiza; hamabosgarrenarentzat tokirik izango duk zeruan?

2012-10-04

ITAKA (Mendiaz eta...kontu kontari_2012-9-29)



Mendian egiten diren lagunek arrastoa uzten dute. Mendian egiten diren lagunekin erori eta altxa egiten zara, gazta zatia partekatzen duzu, ur-ontziko xuloan ezpainak elkartzen dituzu, barre egiten da eta behar izanez gero negar ere bai... Mendian egiten diren lagunekin eseri egiten zara eta hitz egin egiten duzu eta pasatzen duzu ordu bat eta pasatzen dituzu bi ordu eta arratsalde batean igarotzen da ia bizitza oso bat eta adiskidetasuna non hasi den ahaztu egiten zaizu mendian egiten diren lagunekin. 

Mendian egiten diren lagunekin auskalo non konfiantza aleak erosten dira eta poltsikoan harriak sartzearen parekoa da hori. Mendian egiten diren lagunekin sustraiak indartzen dira, lurrean baino bihotzean. Mendian egiten diren lagunekin ez da asmatzen agur esaten, horregatik elkartzen dira, adibidez, bi asteren bueltan irratiko mikrofonoen aurrean mendian egiten diren lagunak. 

Udako mendi irteerei eskainitako azken irratsaioan (larunbatean helduko diogu denboraldi berriari Patxi Zubizarreta idazlearekin) Amadeo Ezpeleta izan genuen gonbidatu. Infernuetarako bidean egin genuen lagun zerutiarra.

Joxe, Amadeo, Josu, Joxe eta ezkutuan dagoen bikotea Panticosan Infernuetatik bueltan




Belen eta Aitziberrekin ere solasean aritu ginen solasean, mendian bakarrik ez, kalean ere lagunak egiten ditugulako. Eraldatzen, Kimetz eta Asmube Emakume Elkarteek   antolatutako “Emakumeen aurkako indarkeriak prebenitzeko eskualde arteko eskola” ikastaroa aurkeztera etorri ziren irratira. Ikastaroa martxan da astelehenetik eta datozen hiru hilabeteetako lehen astelehenetan (urtarrileko azkenekoan ere bai) ateak zabalduko ditu Zumarragako Zelai Ariztin arratsaldeko 16:00etan. Hurbildu nahi duenak oraindik badu aukera. http://www.gipuzkoangazte.info/adminigazte/gazteinformazioa/Kurtsoaren_informazioa.20110923.pdf


Belen Balerdi eta Aitziber Uriarte Segura Irratian

 Egin klik eta entzun... entzun daitezkeenak... eta ezin direnak.

2012-10-03

...

Baserrian piperrak enbotatzen 





... irakaslea piper(rak) egiten?

KAIKUA ESTROPEZUKA


HITZA: KAIKU  

- Bildu duzu esnea kaikuan?
- Bai, baina, ukuiluan hotz egiten du eta esne gehiago jeitzi baino lehen kaikuaren bila noa logelara.
- Hotza?  Kaikuko arraunlarien gisa mugituko bazenu gorputza... ez zenuke hotzik pasako!
- Ah! Portzierto! Esnea erosi dut!
- Esnea?
- Bai... zalantza izan dut, baina, azkenean Kaiku aukeratu dut.
- Kaiku? Zu bai kaikua galanta! Baserria behiez beteta dugu eta zu dendara joan behar esnea erostera!

Elkarrizketan ari direnei aurpegia jartzen saiatu naiz eta galdera bat otu zait: existitzen al dira emakume kaikuak?

  
AFORISMOA: Gor-mutua izan daiteke euskaldun? 

Hitza hitzari kateatzen zaionean, ezpainak keinu lizunak egiten ditu. Ezpain biluziak, janzteko oihal bila hasten denean, xuxurla zipriztinduetan galtzen du burua. Xuxurla zipriztinduek aterkipean aurkitzen dute eguzkia, batez ere belarrian zintzilik bi hatz korapilatzen zaizkienean.

Hatzak euskaraz ari dira, xuxurlak euskaraz busti dira eta ezpain biluziak euskaraz jositako oihalek estali dituzte. Baina... ikasi genuen keinu lizunak euskaraz egiten?


HAIKUA

Gaur ohartu naiz:
begirik gabe nabil
estropezuka




2012-09-27

Udako emozioak (emozioetako batzuk)


Bertsoak idatzi ditugu, erantzunak jaso ditugu, erori egin gara, belaunak urratu ditugu, irribarreak barruak lehertu dizkigu, galdu eta geure burua bilatzen ikasi dugu eta batez ere, batez ere, batez ere... gozatu egin dugu. Orain uda joan denean, argazkiak eta bertsoak geratzen zaizkigu (eta belaunetako arrastoak), baina, batez ere, batez ere, batez ere... bizitako gozoa da geratzen zaiguna... eta gozo gehiago bizitzeko gogoa.


JENTILBARATZA (460 m) _2012-7-8

Batzuetan gora egiteko behera egiten ikasi behar da. Batzuetan gora nahi eta behera eginarazten du aldapak. Batzuetan baratzak han egoten dira, puntaren puntan.



Leienda, mito ta istorio
eder askoren ardatza, 
Joxe Mielen pausoei esker
iritsi gara honantza,
txoko basati ta malkartsuan
historiaren lorratza;
hara harkaitzen artean azti
jentil ta sorginen dantza,
akelartoki ta jolasleku 
majikoa da Baratza. 


GRAN FACHA (3005 m)_ 2012-7-14

Txanpaina ordaindu behar izaten omen da lehenengo hiru milakoa egiten denean. Tabernarik, ordea, ez genuen topatu zeruko atearen ondoan.






ANAYET (2574 m) _ 2012-7-15 eta 2012-8-7

Kate batzuek lotu ez baina askarazi egiten gaituzte.Bakoitzak bere burua askatzeko adrenalina lotu egin behar da? Bi aldiz egin diot bisita udan, hurbilduko naiz gehiagotan ere.



Barne sentipen gozoenentzat
hau da opari edarra!
Ibon onboan begiz jo dugu
Anayeteko bizkarra,
pausoa ziur botaz lasaitu 
dugu barreneko harra,
txoko hauetan lehertzen zaigunez
bizitzak duen indarra,
behin etorrita bertan galtzeko 
ez da bate toki txarra.




AIZKORRI (1528 m) _ 2012-7-17

Postontzian bi bertso sartzen badira, zergatik ez egin bi? Aizkorrik hori eta gehiago merezi du. Aurtengo udan gertuan sentitu zaitut, oso gertuan.



Iratik: 

Xendari pausoz pauso
diogu jarraitu,
Aizkorrik erakarpen
berezia baitu,
nahiz ta aldapan gora
indarrak ahitu,
zenbat eta gehiago 
izerdiak blaitu,
orduan ta gehiago 
maitemintzen gaitu.


Ekaitzek:

Eguzkiaren argitasuna
indartzen hasi denean,
Otzaurten ginen Aizkorriraino
igotzeko afanean,
kobazuloa maite genuen
umeago ginenean,
gaur kanpotik zuzenean,
amildegiei bizkar emanez
heldu gara azkenean,
bide guztiak dira ederrak
helmuga zu zarenean.


MANDOEGI (1045 m) ETA UREPEL (1056m)

Heldu sorbaldatik fuerte. Nor da mandoa eta nor da astoa?  Urepelen ez genuen Xalbador topatu... akaso begiak pittin bat gehiago estututa irits daiteke Nafarroatik Behe Nafarrora.



MANDOEGI:

Mandoegi gainetik
Urepel paretsu,
ederresteko gutxi
direnez bost zentzu,
Gipuzku ta Nafarro
artean zaude zu,
harago itsasoa
uki dezakezu,
abereen pentsu,
Van Gogh-en errezu
biderako mezu, 
zirku koloretsu,
koadro borobil bat ematen dezu.





UREPEL (1056 m)

Adarra eta Saioa tente
ezker eta eskuinean,
Urepel dugu atsedentoki
nekearen ordainean,
zauri zaharrak sentigai daude 
tumuluen orbainean,
iragana zut jartzen zaigunez
harriz harri orainean,
bizitzak indar berezia du
heriotzaren gainean.


GORBEA (1481 m) _ 2012-7-31

Hartu gogoan: Baias erreka. Gozoa gozatzeko baldintza bakarra: biluzik bainatu behar da.


Pagomakurre ta Muruatik
iraganeko fereka, 
Barazarretik ere keinuka
aritu gara tarteka,
gaur Sarriatik gora heltzea
zen gure barne apeta,
aldamenean erreka,
aldapa eta ordeka,
Gorbea jaioberrien begiz
jartzen dizugu arreta,
urtero bide berri batekin
harritzen gaituzu eta.



IREBER (1206 m) eta ERNAITZU (1203 m) _2012-8-2

Muxu handi bat Berueteko neske-mutil kuadrilari! Ireberreko bertsoaren atzetik guganaino iritsi zirenei! Zer dute berezia Otzolako zelaiek?



Beruetetik bide maldari
koxk egin diogu laister, 
Iontzako zelai zabal berdeak
eskura ditugu eder,
natura baino politagorik
ba ote da beste ezer?
gaur ere alai sentitzen gara
mendi buelta honi esker,
goiz pasa eder honen lekuko
izan delako Ireber.


GARMO NEGRO (3066 m) _2012-8-8

Eskuekin zerua ukitu genuenekoa. Zeruaz harago zer egon daitekeen imajinatu genuenekoa.


ORKATZATEGI (874 m)_2012-8-14

Emozionatzen garenean... muxuka hasten garenean...


... bertsoa hor nonbait galtzen zaigu... muxu artean?



ANBOTO (1331 m) eta BESAIDE eta TEILAMENDI eta LURGORRI_2012-8-26

Bai! Ikusi nuen! Mari! Eta mutiko txiki bat ere bai, aitari nik postontzian utzitako bertsoa kantatzen!


Udalan barna, Besaide pasa
eta Zabalaundin adi,
harkaitz arteko erakarpena
nonahitik dugu nabari,
hirugarrenez eman diogu
muxu Anboto gainari,
mendi inguru sorgindu hontan
bilakatu zara Mari,
zugan sinesten dugun guztion 
jolaslagun ta zaindari.






















INFERNUAK (3087 m) _2012-9-15

Zenbat pauso daude infernuaren eta zeruaren artean? Hiru lagun eta hiru lagun... sei lagun dira?


ASPE (2645 m)_2012-9-16

Deskribatzeko hitzik topatzen ez denean, gomendio bakarra egin daiteke: bertaratu eta gozatu.




Ezezagunak beti sortzen du
emozioa, zirrara,
zelai ta harkaitz artean eder
Aisa barneko bailara,
Aspe zuregan hasi daiteke
gozamenerantz hegada,
Anie, Mahaia ta Petretxema,
Bisaurin eskura hara!
Midi, Balaitus eta Gran Facha
Anayet ta Collarada,
Infernutara begira jarriz
zeruan sentitzen gara!




































Udari esan... datorren udara arte... ea bitartean emozio txiki (eta handi) gehiago bizitzen ditugun...



2012-09-26

AL (EL) BORDE DE CADA DÍA


Al borde de cada día kafe katiluetatik eguzkiak zurrut egiten du.
Al borde de cada día txoriak zuhaitz adarretan izarak zintzilik uzten ditu.
Al borde de cada día lagun bat hurbiltzen da egun onak muxukatzera.
Al borde de cada día amildegia beldurtuta ikusten dut.
Al borde de cada día irribarreak  herriko azokan oparitzen dira.
Al borde de cada día poemek lo hartzen dute zulatutako poltsikoetan.
Al borde de cada día hirurogeita hamar urte atzera bidaiatzeko aukera izaten da.
Al borde de cada día Doraz oroitzen naiz.
Al borde de cada día mahai gaineko paper guztiak matxinatu egiten zaizkit.
Al borde de cada día laurogei minutuko tartea da.
Al borde de cada día usaimena begiradan korapilatzen zait.


Ekaitz eta Irati Castel Ruizen, Tuteran. Koldo Plaren Al borde de cada día poema liburuaren aurkezpenean.


Angel, Sagrario, Silvia, Inma, Irati, Sonia, Ekaitz, Fernando, Maite eta Koldo


Ostiralean Tuteran izan ginen Koldo Pla lagun handiaren "Al borde de cada día" poema liburu zoragarria aurkezten. Lagun talde polita elkartu ginen. Al borde de cada día horrelakoak gertatzen dira, lagun ginenok lagunago egiten gaituela poesiak. 

El borde de cada día-rena zer den? Luperen txisteetako bat. Poesiak txisteetarako tartea ere izaten du...



2012-09-25

...

Igande goizean, behia Lazkaomendiko larreetan





Nork jarri dizkio adarrak behi gajoari? Nor izan zaio desleial?



2012-09-24

Zozoa eta belea kimera bila


HITZA: KIMERA 

Ilargia ukitu nahi eta ilargirik ukitzen ez denean, norantz egin behar da salto? Izarretarantz?
 

Izarrak poltsikoan sartu nahi eta kabitzen ez direnean, non egin behar da zuloa? Bihotzean?

Bihotza poema bihurtu nahi eta hitzak mututzen direnean, nondik hasi irudimen bila? Itsasotik?

Itasoa edan nahi eta beldurrak itotzen gaituenean, nola ase egarria? Basamortuarekin?

 Basamortuari ametsak itsatsi nahi eta ametsik ez dagoenean, zer egin kimerarekin? Ukitu? Gorde? Idatzi? Edan?

Kimera amets eta ilusio lorgaitza (ez lortezina) da. Eta liskarra ere bai. Baina, nor geldituko da liskar batean kateatua ilargia ukitu dezakeela sinesten hasten denean?





AFORISMOA: "Zozoak beleari ipurbeltz. Eta belea isilik gelditzen da?"

Zer erantzuten ote dio? Akaso esango dio... jarri hadi ispiluaren aurrean. Edo oihukatuko dio.... hirea ere ez zagok ba oso garbia! Akaso egingo dio laztan edo emango dio ipurdian bertan zapla! eta xuxurlatuko dio hirea gustukoa diat nik.

Zer esaten ote dio ipurdi beltz batek ipurdi beltz bati?





HAIKUA

Galtzen ditugun
momentu guztiak non
pilatzen dira?





2012-09-20

ASKO NAZKARIK EMAN GABE


Matematika klasean. DBH 4.mailako ikasle berriekin hausnarrean (pentsatzen, hausnartzen, gogoetan) eta hausnarrean (behiarena egiten, hau da, gogoeta "bergogoetatzen", gogoetari bueltak ematen eta mastekatzen, hausnarketak irensteko hausnarrean aritu behar baita, nonbait!):
 


- Bi infinitu berdinak dira beti?

- ... (zoragarria izaten da ikasleen aurpegi harrituak ikustea... ez dago harridura sortzea baino ederragorik... bizitzan denbora gehiago pasa beharko genuke harridura guneak eta uneak sortzen).

- Ea infinitu bat beste infinitu bat baino handiagoa izan daitekeen...

- EZ! (ziurtasunez! 15 urteko gazteak dena egin behar du ziurtasunez)

- Ez? 

- EZ! Asko beti da asko. 

- Baina, asko guztiak berdinak dira?

- BAI!

- Bai?

- Edo ez! (indarra hasi da apaltzen... lortu dut (eta ez da erraza!) zalantza sortzea! (Eutsi horri, Irati!) Zalantzarik sortu ezean, ez dago hausnarketarik, eta hausnarketarik ezean, akabo jakin-minaren xarma)

- Ez?

- Ez dut ulertzen! (tarteka burua makurtzen ere jakin behar da)

- Asko bat izan daiteke askoago? Bat bestea baino infinitu askoagoa izan daiteke?

- Mugarik ez duen zerbait mugatu dezakegu, Irati?

- (Ño! Horri ere erantzun egin behar!) Badirudi ezetz, ezta? Baina, mugarik gabeko espazio guztiak neurri berekoak dira? 

- Baina,  infinituak ezin du neurririk izan...

- Hori ere egia da! (positiboa koadernora) Edo egia izan daitekeela dirudi...

- Orduan? 

- Dirudik, hau da, iruditzeak beti izaten dituela tranpak ezkutuan. 

- Orduan, zer idatziko dugu koadernoan?

- Ipuinari zuk eman beharko diozu amaiera. Idatzi lasai zure ondorioa. Idazten duzuna idazten duzula ongi egongo da. 



Ba hoixe, nazkarik ematen ez duen askoaz aritu garela hizketan, ia ezustean, gehienetan bezalaxe, halako gaiak bat-batean sortzen baitira ikasgelan. Eta zer litzateke klase ordu bat bat-batean sortutako une eder horiengatik ez balitz? Ikasi, ikasi, ikasi... halako momentuetan ikasten da gehien.