2016-05-16

Handitzen, handitzen

Iratiren sabela_2016-5-12

Kaixo, txiki:

Zer moduz barrualde horretan? Argirik iristen da zilborrean barrura? Argi ttikiren bat edo…

Bitxia da, baina, kanpoalde honetan dagoeneko nabaritu dugu zure argia. Zure berri kontatzen diedan guztiei irribarrezko argi bat pizten zaie begietan. Bitxia da, ia ezin sinestekoa, baina, batzuetan barruan sentitzen dut nire burua, nire baitan, zure ondoan. Eta beti egiten didazu tokia zure umetokian, nire umetokian. Bitxia da, baina, dagoeneko nahastu egiten zaizkit nire eta zure guztiak, zilbor-hestearen misterioa izango da,  ama izaten hastea kanpo eta barru guztiak lotzea, nire eta zure guztiak korapilatzea dela ulertzen hasia naiz.

Ama izaten hasi. Ama izanez hazi. Hazi. Jaio nintzenean sendagileak amari esan zion: 53 cm. Neska hau asko haziko da. Bere adineko neskarik altuenetakoa izango da. Eta 1,80ko altuera honetatik orain egunero-egunero sabela handitzen eta handitzen ikusten ari naizen honetan, esku txiki, buru txiki, bihotz txiki, gorputz txiki hori poliki-poliki nola hazten ariko ote zaizun irudikatzeak hunkitu egiten nau. Dagoeneko ari zara hazten, zure izate eta zure nortasun. Akaso zuk ere esango didazu egunen batean: ai amatxo ez dut hazi nahi…

Akaso nik ere esan nion noizbait nireari beldur niola hazteari, beldur niela ardura eta kezkei, beldur niola bizitzari barre, bizitzari mingaina ateratzen zion ume hura izaten ez jarraitzeari.

Lasai txiki, lasai maitea, bizitzako ardura eta kezka horiek baitira zorion iturri handienetakoak. Ederra hazi eta barre egiteari ez uztea da, ederra hazi eta hartutako erabakiengatik lana eta borroka egitea da, ederra zu bezalako altxorrak –eta bizitzak asko eta oso ezberdinak eskutatzen ditu- , ederra zu bezalako altxorrak aurkitzeko igeri egiten ikastea da.

Lasai txiki, hazi lasai, nire sabelak zure tamainen neurritan hazten asmatuko baitu.

Lasai txiki, hazi lasai, kanpo mundu honek ere zure tamainen neurritan hazten asmatuko baitu.

Muxu bat,


amatxo.  Zurekin batera hazten jarraitzeko irrikaz dagoen amatxo. 


2 comentarios:

  1. Ez dakit bloga ote den sabela ikusteak lapurtu didan begirada irribarretsua bidaltzeko egokiena. Ez dakit zenbat byte duen begirada batek. ASCIan tokirik ote duen. Zu blog honetantxe ezagutu zintudala, hori badakit, ahizparen klasean proposatutako problema tarteko. Agian horregatik ilusio berezia egin dit txikia ere hemen ezagutzeak.

    Bilbotik muxu potolo bat. Azterketak amaitzean, zor dizudan begirada irribarretsua.

    ResponderEliminar
  2. Izugarri poztu naute zure hitzek, Miru bihotzeko! :-D Zure eskua ere sentitu dut sabel gainean.
    Animo azterketekin! Bi muxu ;-) (muxuak ere bikoiztu egin zaizkit)

    ResponderEliminar