Ekaitz, Maite, Mikel, Irati, Martin eta Lucía maiatzaren 22an San Cristobalen |
Maiatzak
22 zituen igandean. 78 aldiz hotz eta 78 aldiz busti bihurtu zen maiatzaren
22ko igande goiza San Cristobal gainean. Azken urteotan urtero inguratu izan
naiz Txinparta Elkarteak maiatzaren 22aren buelta-inguruan antolatzen duen
omenaldi ekitaldira. San Cristobalgo Gotorlekuko sarrera nagusiaren aurrean
hitzak bertso, poesia, kantu, musika, esker-oroitzapen modura egiten dio omen
memoriari. Memoriari omen modu aktiboan egin behar baitzaio, egoten jakinez,
entzundakoa jasoz, jasotakoa sentituz, sentitutakoa hausnartuz eta
hausnartutakoa kontatuz. Hirurogeita hemezortzi urte bete dira ihesaldi
saiakeratik, 78 urte iheslarietako hiru mugaz bestaldera iritsi zirenetik, 78
urte baino gehiago garai bateko erietxea kartzela eta kartzela infernu toki
bihurtu zutenetik.
Aurtengo
omenaldi ekitaldira eguraldiak hotza eta bustia ekarri du. Horrela irudika
dezakegu bere garaian eskenatoki krudela: hotza, bustia eta goseak zulatua.
Eguraldia
modu batekoa edo bestekoa izan, omenaldiak beti izaten du, ordea, berotik eta
gozotik asko. Bertan preso egon edo fusilatu zituztenen senitartekoen
testigantzak zuzen-zuzenean entzutea memoriari egin diezaiokegun keinu
eraginkorrenetakoa da, ustezko egiari mozorroa kentzen hasi eta egia biluztua
ezagutzen hasteko modua.
Ernesto,
Teodoro, Calixto eta Victorino izan ziren igandean memoriaren oihartzun
kateatuak tximeleta aske bihurtu zituen izenak.
Maite
Mené, Lucía Sócam eta Ekaitz Goikoetxea kantuan entzutea beti da ederra, Martin
Erroren txistu hotsa entzutea zirraragarria den bezalaxe.
Memoriak
hori du ederra, edo hori behar luke eder: sare bihurtzeko gaitasuna. Aurten
Urretxuko lagun bat izan dut aldamenean aurkezpen lanetan: Mikel Babiano. Eskerrik
asko, Mikel, jakinmina konpromiso bihurtzeagatik.
Eta
ez nuke tarte hau itxi nahi orain dela hiru bat aste hil zen Txinpartako kide
Jesus Mari Urbiolari muxu handi bat eman eta Txinparta Elkarteak egiten duen
lana txalotu gabe. Maiatzaren 22a joan da, etorriko da hurrengoa ere; denborak
ez daki, ordea, salto jauziez, memoriari askatasunez hegan egiten uztea urte
osoan lan egitea baita.
euskalerria irratirako prestaturiko irrintzia. Entzungai: http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1464189871315
No hay comentarios:
Publicar un comentario