Ekaitz, Nagore, Itziar eta Imanol Segura Irratian |
Bazen behin ipuin bat kalabaza batean sartu zutena. Ipuina kalabazatik atera ahal izateko hiru desio eskatu behar izan zituen Itaka uharteak. Eta halaxe elkartu ziren Segura Irratiko mahaiaren inguruan Nagore Leon, Itziar Saenz de Ojer eta Imanol Arabaolaza ipuinak kontatzera. Basoko misterioak elefantearekin eta lotsarekin nahastu eta astinaldiak kalabaza misteriotsua ireki ahal izan zuen.
Hori guztia apirilaren 9an gertatu zen. Kalabaza irekita dago ordutik eta gauero-gauero ipuinak kontatzen dizkie ipuinetan sinesten ez duten ibiltariei. Ez dakit zergatik; guztiei begi berri bat jaiotzen zaie bekokian.
Apirilaren 9ko Itaka saioan entzungai dituzue ipuinak (eta baita Maider Agirrek Ezkaratzetik txutxumutxuen inguruan egindako hausnarketa ederra ere). Hori bai, arretaz entzun, uneren batean belarria galtzen baduzue bekokian begi berri bat...
Itziar, Irati eta Nagore martxoaren 18an Ordiziako Barrenan |
Martxoaren 5ean ezagutu nituen Itziar eta Nagore, Ordiziako D´elikatuzen elkartu ginen hirurok Pili, Marisol eta Ekaitzekin batera. Zertara eta jolastera. Zertara eta ipuinak kontatzera. Zertara eta Ahoz aho 2016 ipuin kontaketa lehiaketan parte hartzera. Lan bikaina egiten du Intujai Teatro taldeak urtero-urtero besteak beste Ordizia eta Tolosan otsailean eta martxoan antolatzen duen hilabeteko zikloan.
Lehenengo parte hartze honetan finalera igarotzeko zortea izan nuen (plazera da ipuin bat birritan jendaurrean kontatzeko aukera izatea) eta finalean kalabaza neureganatzekoa. Halere, eta kalabaza Iruñeako egongelan dagoen arren, kalabazaren haziak Lizartza eta Tolosan ere badaudela esango nuke, kalabaza ez baita inorena; izatekotan ipuinak kontatzen ditugun guztiona baita.
Eskerrik asko Mai, Bea eta Alairi antolaketa honengatik guztiagatik eta aurtengo edizioan zuekin batera gozatzeko aukera izan dudan ipuin kontalari guztiei. Datorren urtean gehiago!
Ipuinak entzungai eta ikusgai Goierri Telebistan: http://www.gitb.eus/azken-berriak/8268-ahoz-aho-jaialdia-narrazio-lehiaketa?category_id=21
Hitzen Uberan egindako elkarrizketa: http://uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/ez-da-gauza-bera-ipuin-bat-idaztea-edo-kontatzea
No hay comentarios:
Publicar un comentario