2014-10-13

Bi hilabeteren ostean...

Luis Ribadesellan_2014-8-13



- Aupa, Luis! Ze berri hor goien?

- Zaharrak zahar, Irati. Bi hilabeteko denbora tartea eguzkitan egosia.

- Akordatzen al zea?

- Nola ahaztu!

- Momentu politte izan zan...

- Bistan da!

- Aizu, Luis...

- Uiiii, horrela hasten garenean... aizuka eta aizuka...

- Aizu, Luis... ta euzkie Getariko arratoian antza dauken mendin atzekalden izkutatzen danen benetan izkutau itten da? desagertu itten da, eroi itten da, uretan itto iten da, eaman itten due...?

- Zuk zer uste duzu?

- Luis...

- Bai, badakit "galdera bati ez erantzun beste galdera batekin"... Ba, ez dakit, hurrengoan argazkia handik atera beharko dugu... Aizu, Irati...

- Eiiiii, horrek ez do balio!

- Zer berri hor beheran!

- Berriak berri. Bi hilabeteko denbora tartea itsasok bildue.

- Izugarri gozatu genuen!

- Bistan da!

- Aizu, Irati...

- Bota!

- Nik ikusi nuena eta zuk ikusi zenuena berdina izan zen?

- Ze ikusi zendun zuk?

- Irati...

- Bai, bakit "galdera bati ez erantzun beste galdera batekin"... Ba, ez dakit, hurrengon argazkie nik hor ta zuk hemen atea beharko deu...

- Horrek ez du balio!

- Hurrengon alderantziz ingo deu! Bizi ta gero galderak in ordez...

- Galderak egin eta gero bizi!




Irati Ribadesellan_2014-8-13

2014-09-30

ITAKA_Fatima eta Sukaina_2014-9-20

Suka eta Fatima Segura Irratian_2014-9-20




Marokoarrak dira Fatima eta Sukaina. Hamasei urte dituzte eta Lazkaon bizi dira. Andoainen ari dira Batxilergoa egiten.  Eta ametsak dituzte, etorkizuneko ametsak. Sukak bikain egiten du euskaraz eta Fatima ere ari da ikasten, udako bi hilabeteak Maizpide euskaltegian pasa ditu. Eta ametsak dituzte, asko, etorkizuneko ametsak. Fatimak kazetaria izan nahi du eta Sukak nazioarteko gaietan egin nahi du lan. Primeran ezagutzen dute elkar, elkar ezagutu zutenetik urtebete eskas igaro den arren. Konplizitate estua nabari da bien artean. Elkar ulertzen dute eta elkarren ametsei bultza eta txalo egiten diete. Euren buruez aritu ziren irratian hizketan, gozo-goxo. Ametsak dituzte, asko, etorkizuneko ametsak. Eta erroak dituzte, asko, iraganekoak. Baina, oso presente dute: oraina idatzi nahi dute jasoz eta batez ere emanez. 

Mari Karmen Odriozolarekin ere aritu ginen Ordiziako Yoga Klasikoko taldeaz. 25 urte betezen ditu taldeak aurten eta zenbait jarduera-ekitaldi antolatu dituzte egunotarako. Aste honetan zehar zabalik izango ditu ateak Ordiziako taldeak bai gozez eta baita arratsaldez ere egiten eta ikusten dutena ezagutzera inguratu nahi duen ororentzat. Goizez 10etatik 11:30era edo arratsaldez 18:30etik 20:00etara. Saio guztiak Ordiziako Barrena Jauregian. Egin hozka zeure jakin-minari!


2014-09-25

Pruden, GURE PRUDEN

Amona eta biok larunbatean.

- Gaztetxotan ilea ipurdiraino luzatuta eramaten zuelako.
- Trentza kendu gabe erabiltzen zuelako.
- Neskame lanetara joan zenean moztu ziolako amak ilea.
- Behi-ardiei buztana mozteko erabiltzen zuten guraizeekin (haundihaundihaundihaundihaundihaundihaundiekin, hau da, guraize erraldoiekin) moztu ziotelako ilea.
- Goizaldeko ordu-txikietan astoa lagun hartuta esne partitzera joaten zelako artean ume zela.  
- Maistrak ikasle osososososososososo ona zela esaten ziolako.
- Umetan handitan maistra izan nahi zuelako.
- Amak esan ziolako: Pruden... eta zure anai-arreba txikiak...?
- Eta orain, handitan, hasperen artean, handitan maistra izateko gogoz jarraizen duelako.
- Familian maistra-maisu irakasle asko bildu dituelako atzetik. 
- Mutil gazte-gizonezko asko maitemindu zituelako eta...
- ... azkenean aitona Patxirekin (muxu handi bat aittona) ezkondu zelako.
- 93 urte betetzera doalako.
- Seme-alabak izugarri maite dituelako.
- Bilobak izugarri maite gaituelako.
- Birbilobak izugarri maite dituelako.
- Galdetu ahala horiek guztiak kontatzen dizkidalako.
- Larunbatero besarkada estuestuestuestuestuestuestuestuestuak ematen uzten didalako. 
- Argazki polit honetako koprotagonista bihurtu garelako.
- Horregatik guztiagatik izugari maite dut amona. 




2014-09-23

ITAKA_Mutur Beltz eguna_2014-9-13


150 urte dira trena Beasain eta inguruetara iritsi zela. Kultur eragileak elkartu eta lanean aritu dira azken hilabeteotan. Iraileko azken asteburuan festa giroa nagusituko da Beasainen. Zu ere gonbidatuta zaude! Anima zaitez eta egiozu bisita Beasaini eta bide batez XIX.mende amaierari! 


Irailaren 13an  Mutur Beltz egunaz hitz egiteko elkartu ginen Segura Irratian. Maider Agirre (Kultura eta Euskara teknikaria), Garbiñe Zurutuza (Kultura eta Euskara zinegotzia), Jabier Elorza (Lemniskatako kidea) eta Joxe Goikoetxea (herritarra) bildu ziren mahaiaren bueltan; Xabier Garmendia (Txilibutxof-eko kidea) ere telefonoz aritu zen.  Hauxe kontatu zigutena:







Egitaraua:
  • Irailak 18, osteguna:
    • 11:00etan: Igartzako Jauregian, Mutur Beltz pintxoen aurkezpena, herriko ostalarien eskutik. Pintxoei laguntzeko Sagardo dastaketa izango da.

  • Irailak 26, ostirala:
    • 17:30ean: Geltokitik Igartzara, Musika Eskolako trikitilarien kalejira.
    • 18:00etan: Igartzako Jauregian, kantu emankizuna Kantu-jira taldearekin.
    • 18:15ean: Igartzako Jauregian, ekitaldien aurkezpena eta erakusketaren inaugurazioa (urriaren 5a arte ikusgai).
    • 19:00etan: Igartzako Jauregian, hitzaldia Juanjo Olaizolaren eskutik (Azpeitiako Trenaren Museoko zuzendaria) eta luntza.
    • 22:30ean: Gernika pasealekuko frontoian, Trikitixa Jaialdia Musika Eskolako Trikitilarien eskutik.

  • Irailak 27, larunbata:
    • 17:00etan: Loinazko San Martin plazatik irtenda, Musika Eskolako trikitilariek eta Erraldoiek herriko haurrak lagunduko dituzte erromeri txikian. Saioari amaiera emateko ikasitako trenaren bertsoak.
    • 17:30ean: Barrendain plazan, urteurreneko pregoia.
    • 17:45ean: Barrendain plazan, bertso desafioa, balkoitik balkoira.
    • 18:30ean: Barrendain plazan, herri-proba.
    • 20:30ean: Barrendain plazatik irtenda, erromeri handia.
    • 21:00etan: Plazazpian, afaria.

    • Gernika Pasealekuko girotzea:
                   -19:00-20:00 haur jolasak aparkalekuan Txilibutxof taldearekin                                      - Kontakizuna Irati Goikoetxearekin.                                                                                  - 19:00-20:00. Bolatokia aparkaleku ondoan jolastu  nahi duenarentzat.                          - Artisauak                                                                                                                          - Sagardo eta muztio banaketa  doan.                                                                                - Kale animazio antzeztua: Aldabe, Asmube, Hijos de Martin y Loinaz                              - Argizpi elkartearen argazkiak.                                                                                          

  • Irailak 28, igandea:
    • 11:00etan: Bidaia gidatua. Ibilbidea: Beasain-Ormaiztegi-Altsasu-Ormaiztegi-Beasain.

2014-09-17

Itaka_KOLDO ZUBELDIA2014-9-6



Koldo Zubeldia Segura Irratian

Hamabost: bi esku eta oin bat, hilabete erdi bat, ordu laurden bat, bederatzi orduko loaldia egiten duenarentzat egun bete bat, nerabezaroa. Hamabost: aspertzeko astirik gabe jardunean aritzeko denbora tartea. Hamabost: urte, hilabete, aste, egun, ordu eta minutuak denbora unitate berean biltzen dituena. Hamabost: segundu-hutsarterik gabeko isilaldi kalakaria. Hamabost: Koldo bezalako lagunei hamabostekoa (ama bostekoa) emateko aukera.






 Hamabosgarrenean ere gustura heldu zion erronkari; gustura heldu genion erronkari. Orain dela hogeita hamairu urteko poesiaz aritu ginen besteak beste hizketan. Nire ezerezaren eta bere betetasunaren arteko distantziaz. 

Ongi pasa genuen; batez ere ongi pasa genuen. Beste behin. 

2014-09-16

Bidean STOP


To barrikada bat:


Aizkorritik Urbiara bidean_2014-9-17


To bigarren barrikada:


Larraitztik Aralarrera bidean_2014-9-6



Animo Irati, pasa hadi nahiahal badun! Asmazan! Ez dun matematika problema makala parean tokatu zainana. 


2014-09-09

JOLASEAN...


Ganbora bidean



... ZUK ERE JOLASTU NAHI?


Larunbatean mendian izan ginen aita eta biok (larunbat goizak irratiari lotzen dizkiogu, baina, larunbateko lanak ostiralean egin genituenez...). Asmoa Alotzatik Ganbo Txiki eta Ganbora joatekoa zen... Asmoak, ordea, erdi asmo. Asmoei tiraka ibiltzea gustatzen zaigu, tira eta tira luzatzea, mendian batez ere. Beraz, Alotzatik Ganbo Txikira joan ginen, handik Ganbora luzatu genuen bidea, Ganbon jolasean aritu ginen eta Txindokiko puntan bukatu genuen Aralar barnebihotzzoragarriko ibilaldia.



Ganbon

Hauxe jolasa, Ganbon bertan postontzian sartzeko bertsoa idazten ari nintzela bururatu zitzaidana. Bertso egina (erdi-egina) dago. Bukaera falta zaio! Bukaera asmatuz gero liburu bat opari zuretzako! (bai, zuretzako ere bai, nahiz eta Ganbotik bueltan ez ibili. Bertso-lana Ganboko puntatik eginez gero, oparia zuretzako eta bertso-lana hortik, oraintxe zauden tokitik, ordenagailuaren aurretik, ipurdia pega-pega eginda daukazun txokotik eginez gero, oparia zuretzatko). Hor, bertso-erdi bertso-bertso hankamotza, bukaera falta duena: 


Etorri gera mendi
filma grabatzera,
barne sentimenduak
Ganbon haizatzera,
Hollywood-eko izar
handien antzera,
Alotzako alfonbra
berdean aurrera,
.............................
.............................


Txindokin


2014-09-02

UDAN GOZATUTAKOAK_mendia


PIC BLANC (2884 m)_ 2014-7-16

Pic Blanc gainean Joxe eta biok



Buf eta baf! Laku izoztu, harkaitz urtu eta sabai (bai, gain horietan zerua sabai bihurtzen da) airezkoan soka-saltoan ibiltzea bezalakorik ez dago! 




Uztaila izozten denean uda hilezkor bihurtzen da. 


Luis eta biok. Norena da hatz punta? Ekaitz, zurea?

MONTARDO (2833 m)_2014-7-17



Montardon

Han goitik itsasoa ez, han goitik itsasoak ikusten dira. 


ia-ia BESIBERRI (3014 m)_2014-7-18



Besiberrira bidean. Oraindik ia-iarik gabe.

Bai. Ia-ia. Bai ia + ia-ia + ia = berriro itzultzeko gogoa. 100 m. Salto txiki bat. Esku luzatze bat. Zertarako? Zer da ukitu nahi dena? Sentitu nahi dena? Ikusi nahi dena? Ez dakit honek guztiak zentzurik baduen, baina, gustatu egiten zaigu... 100 m. Salto txiki bat. Esku luzatze bat. Hori guztia bagenuen. Kranpoiak falta. 


MONCORBISSON (2173 m)_2014-7-19



Zo-ra-ga-rri-a. Harkaitz arteko berdeak zerbait oso berezia du. Belar arteko harkaitzak duen bezalaxe. Artelan baten ukitu nahitaezkoa. Berdea ordea, are berdeagoa Anetoko glaziarraren islapean. 


Moncorbisson gainean


MONTGARRI_2014-7-20


Garizko mendietan behinola sortutako istorioek diote... Lau hilabeteko tartean zuria berde bihurtzen zela. Berdepeko zuriak mingaina ateratzen ziola berdeak potsikoan izaten zuen zuloari. Zuloan zintzilik pausoek euren buruaz beste egiten zutela... Garizko mendietan dena zen mendi eta ezer ez da gari; dena zen gari eta dena da mendi garizko mendietan. 

Montgarrin martxoaren 7an
Montgarrin uztailaren 20an
















PERDIDO (3355 m)_2014-8-3

... eta galdu gabe ibili ginen



Gorizera bidean_2014-8-2
Sorpresa! Laino artetik, euripe-kazkabarpetik, urtetan (urtetan, urtetan, urtetan) ikusi gabeko laguna azaltzen denean... ezustekoa gozoa (gozoa, gozoa, gozoa) izaten da. 

Perdido gainean utzitako bertsoa. Txokolate zaporedun bertsoa.


Joxe, Irati eta Luis_2014-8-3


Torla, Pradera, Cola Caballo,
ttipi-ttapa, lasai, bare,
Gorizen gora ibili gara
hegazti onenen pare,
pausorik pauso Perdidon barna
dena izan dugu alde,
geure burua aurkitu dugu
bilatu beharrik gabe,
eta sentitu dugunarekin
oso-oso pozik gaude. 


Beherakoan_kontuz-kontuz

Mundiala. Mundiala mendi buelta. Mundiala sentsazioa. Eta mundiala hotza (nabari da aurpegietan, ezta?). Gauean bertan egindako elur laprast artean ukitu genuen gaina. Esperientzia zoragarria.



Beherakoan Ordesan.

URKULU-HARPEA (1423 m)_2014-8-5

Urkuluko dorrearen gainean. 

Mendiarena izaten baita
harra piztu ta hastea, 
Montardo eta Monte Perdido,
Besiberriko atea, 
Urkulu gainan estutu dugu
udako mendi katea, 
Orbaitzetatik Azpegira ta 
orain zain dugu Harpea, 
txoko hauetan bihurtu ohi da 
natura bera artea. 

Tok-tok! Nor dago zuloaz bestaldean? Iluntasun erabatekoa soineko zuriz jantzia?




AIZKORRI-ANDRAITZ (1523)_2014-8-17


Aizkorrin_2014-8-17


Ez gara aspertzen. Aizkorrira joateaz ez gara aspertzen. Aldiro erronka txikiak jartzen dizkiogu geure buruari. Oraingoan Andraitz genuen jomuga. Genuen...

Joxe, Irati eta Ekaitz_2014-8-17


Udaberrian eguzkilore,
neguan balkoi elurtsu,
udazkenean haitz distiratsu,
udan talaia amultsu,
Santispiritun gora zugana
goxo ekarri gaituzu,
paregabeko edertasunak
ezaugarritzen zaitu zu,
bihotza pozez elikatzeko,
izateko zoriontsu,
guk gutxi behar dugu baina zuk
asko ematen diguzu.

Bertsoa uzten_2014-8-17
Andraitz bai, andre haitza genuen jomuga... genuen... Ez dakit andrearen edo haitzaren bila aritu ginen... aritu... topatutakoa aurkitu gabe hausnarketarako gai hartu genituen andrea eta haitza. 

Hor nonbait_2014-8-17

RECILLA (1381 m) -CERVERA (1384 m)_2014-8-24


irri BARREAN nabari da bihurrikeria. Geldi egoten ez dakienaren kausazko kasualitatea. Bertso bildumaren koadernotxoan begira hasi eta... 2012ko abuztuaren 24an toki berean egon ginela konturatu ginen. Bi urte tartean egun beraren bueltan. Berdinak, ordea, ez ziren ez mendia eta ezta gu ere. Izan ere segundo huts baten ezberdintasunaz harago zer da bat bera eta berdina? 

Ekaitz eta biok_2014-8-24


Egunsentiko lehen printzekin 
zazpi t´erdiak aldera,
oroitzapenak hegan ekarri
gaitu Pipaon parera, 
pago itzalen azpian egin
dugu bidean aurrera,
ze ikuspegi ederrak dauden
batera eta bestera,
pauso berean lotu ditugu
Recilla eta Cervera,
bidea ikasi genuenetik 
urtero etortzen gera.

To

MUNAZORROTZ (1012m) eta SORATXIPI (1069 m)


Labaiengo apaiz gazteak semetxo bat badu...


Soratxipin.

Eta plisti... eta plasta... ametsak beratzen


Leurtzako urtegia

ITZAGA (1360 m)_2014-8-26


Eguzkia agur-agurka


Egunsentia ederra dela baina, iluntzeak ere badu bere xarma. 

Sastraka artean hanka-gorputz-mutur hotsa entzun genuen... gaua gertu genuen seinale. Natura hala esnatzen da: gu lokartzen garenean.  




Itzagan


2014-09-01

NEURE BURUARI BARREZKA SERIO-SERIO

Irailak 1. Ikasturte berria. Jakina da irakasleok urteka ez eta ikasturteka zenbatzen (ejem, denbora bat, denbora bi, denbora hiru... segundo bat hiru senguduko?) dugula denbora. Guk ito egiten dugu urte bat bestean, edo urte bat bestearen flotagailu bihurtzen dugu, edo nola esan... urteak eskutik helduta jartzen ditugula igerian gu ito ez gaitezen: 2012-2013 eta 2013-2014 eta... bai hurrengoa ere iritsi da mahats aleak esku ahurrean (edo aurrean) jartzerako. Tan, tan, tan, tan... zorionak eta ikasturte berri on! 

Proposamen eta erronka eta helburu berriak jarri dizkiot neure buruari ikasturte berrirako. Baikorra naiz, oso baikorra, baina, nire baikortasunari barre egitea otu zait serio-serio. Irati ezetz (edo baietz, nondik begiratzen zaion)...

  • Ezetz segi korrika itten (pasillotan ta astearte-osteunetan ta karreratan ta Ormaizitiko Saharan ta arbeletik arbeleako tarten ta...) (lortuko det)
  • Ezetz azkazalai tira in be bi ordutik gora eon (ejem)
  • Ezetz oain in pixkat (baino oso pixkat) geroxo in daikezun hue (ejem)
  • Ezetz zure ahots tonue aaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaa-tik aaaaaaaaaa-ra pasa (baten batek eskertuko izu) (lortuko det)
  • Ezetz  esan ezetz bai esan daikezunen (ejem)
  • Ezetz gorrittu be zure kaskezurreko kontuk kontau (lortu nahi det)
  • Ezetz in literatura matematikako klasetan (lortuko det)
  • Ezetz heldu beize blogen astero-astero aforismok idazteko lan ear hari  (lortuko det)
  • Ezetz bukau be utzi hasitako lana (ejem)
  • Ezetz Athleticen partidu bat San Mames Barrin ikustea iritsi. Baietz!
  • Ezetz mendia pauso normalen juten hasi? Zer da pauso normalan kontu hoi?
  • Ezetz liburuk banaka irakurri? (ejem)
  • Ezetz zoriontsu izatei utzi. Ezetz!


2014-08-29

URTE ASKOTARAKO POTTOLO!


Atzoko partez urte askotarako, Ekaitz!

Egun batean ile kizkurdun
ume bat jaio zen hara!
Gainerakoen bihotz txikitan
jo nahi zuena aldaba,
bere hitz eta sentimendutan
majiadun zerbait bada!
Hogeita hamalau urte hauetan
elkarrekin egon gara,
Ekaitz ondoan izateagatik

zoriona gurea da!

2014-07-01

ITAKA_IÑAKI ITURAIN_2014-6-28



Hazkaka-hazkaka egiten du azalak salto, hazkaka-hazkaka lurpeko itzaletatik argiak zizta. Isiltasunaren hatz marketan oinutsik dabiltzan garrasien tatuaia da iragana, idatzi gabeko galderen bilduma erdoildua, erantzun fosilizatuen mendi-zerra. Hakaka-hazkaka dabilenak hozkaka-hozkaka egiten dio historiari haginka, aldabarik gabeko atearen bestaldean argazkiak pilatzen ari direla konturatu gabe.


Iñaki Iturain Segura Irratian_2014-6-28




Iñaki Iturain -> Euskara, arrauna, bertsolaritza, historia... herritik eta herrirako aztertzen dituen oriotarra, hezkuntza eta euskara uztartuz bide aberatsa trazatzen ari dena.
Larunbatean 1936ko gerra zibilaz aritu zitzaigun hizketan irratian, irailean argitaratuko duen liburuaz (1936ko gerraren ubera, Orioko istorioak); liburuaz, gerraren ankerkeriez, Orioz, Orioz, Orioz eta batez ere, entzundako eta jasotako istorioetan topatu dituen protagonista ataundar eta goierritarrez. Ataun eta Orio, Goierri eta itsasoa lotzen dituen Oria ibaian igerian aritu ginen.  

2014-06-16

Hi ta ni

Txindokira bidean hi eta ni_2014-6-15
- Ta hi zein haiz?

- Ni?

- Bai, hi! Ñoño irribarre horrekin... ematen din... ematen din... hotzez-minez-beldurrez hagola...

- Hotzez ni? Eguzkia bazatorrek eta pozik nagok...

- Ez hunan minik hartuko?

- Mina? Min-gozo-plazerezkoa izatekotan. Gainotan ezin minik sentitu...

- Ez haiz ba nire beldur izango?

- Ni beldur? Non nabari duk ba?

- Irribarrean, eta belaunetan, gerria ere ez dun oso lasai jarria hanka-zangoen gainean, eta ileak... tentetzen hasiak dauzkan... Ez haiz ba nire beldur izango? Etorri hadi hona eta egin iezadan laztan. Ni hotzez nagon eta!

- Hi polita, irribarrea nirea duk, belaunak eta gerria nik neurera itsatsiak eta ileak... ileak... zer nahi duk ba egitea hezetasun honekin, zer nahi duk ba ile zapookin egitea!

- Bai, bai, baina etorri hadi niregana, hotzez nagon eta!

- Itxaron ezak! Lehenengo argazkia aterako diagu eta gero-gerokoak. Geldi egoten bahaiz laztan egingo diat, lehentxo bezala korrika hasten bahaiz hor konpon! Baina, ez diagu fundamentua egingo argazkilaria mugitzen ez baduk...




2014-06-10

Datorren ikasturtera arte!!




Bi urtetako oroitzapenak
zuenak eta nireak,
urte askotan izango ditut
bihotz barnean gordeak, 
barre txikiak, negar malkoak,
emanaldiko loreak,
infinitura iritsi gara
elkar lotuz bektoreak,
ikasle gisa onak zarete
pertsona gisa hobeak.
Infinitura iritsi gara
elkar lotuz bektoreak,
segi margotzen matematikez
bizitzaren koloreak,
ikasle gisa onak zarete 
pertsona gisa hobeak.