2018-03-28

HAMAZAZPIGARREN HILABETEA

Eleder hatzarekin autobusa ukitu nahian_2018-3-28

HAMAZAZPIGARREN HILABETEA: AUTOBUS, MOTOR, KAMIOIEN... HILABETEA

Kanpo hotsen zurrunbiloak barne mugimenduetan lurrikara eragiten duenean, begiek salto egiten dute. Konturatu zara doazenak kriskitinak joz itzultzen direla berriro. Etxeko leihoa munduranzko begiratoki bihurtu zaigu, badatozen eta badoazenen agur-toki. Denei egiten diegu ongi-etorria eta guztiek hartzen dute gure etxera sartzeko segundo bat beren bidaia saltarietan. Guk zure ezpain dardartien motor-hotsean egiten dugu bidaia. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Hamazazpigarrena
hotsaren plazera,
autobus bat badabil
aurrera-atzera,
ume txikia ume 
txikien antzera,
motor hotsa non zure
begia hantxe da,
baina gure bizitzen 
motorra zu zera.

2018-03-08

GUK ERE PLANTO

Eleder eta biok gaur eguerdian Sarasaten

GAUR GUK ERE PLANTO IRUÑEAN

Sarasate Pasealekuan jendetza

GAUR GUK ERE OSPAKIZUNA


Etxeko balkoia

GAUR GUK ERE ALDARRIKAPENA


ETA BIHARTIK AURRERA, ORAIN ARTEAN BEZALA, GOGOTSU LANEAN JARRAITZEKO ASMOA. AHAL DELA ELKARREKIN. BATEZ ERE ELKARREKIN. INDARRAK BATUZ.




2018-02-28

HAMASEIGARREN HILABETEA

Elederren ahoa

HAMASEIGARRENA: HOTS-HITZEN HILABETEA. IDENTIFIKAZIOA

Zer den hatza luzatu eta hitzak gerturatu nahi izatea. Zer den ahoa zabaldu eta ahots kordetan gora olatuak zipriztintzea. Zer den ezpainartean mundua harrapatzea. Aita, ama, titz, bat, eta han aitona eta han amona eta han leihoa, laranja, musika (ze ederra den musika ikusi egiten dela sinestea), txakurra, oilarra, liburua, ogia. Eta han zoriona; hor, ispiluaren bestaldean. Zure aurpegia du, txiki. 


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Identifikatzeko
aba eta abo,
hamasei hilabete 
ditugu igaro,
ahoa belarri ta
belarria aho,
elkar ulertzen dugu
gero ta gehiago,
hotsa hitza hartzeko
desiratzen dago.

2018-02-27

UGAZTUNAK IKASTEN

Eleder eta Irati lagunei begira_2018-2-24

-          Hozka egiten dio?
-          Hozka egiten didazu?
-          Eta zer edaten du?
-          Zer edaten duzu zuk?
-          Gustatuko zaio?
-          Zuri gustatzen zaizu?
-          Behia gustura dago?
-          Gustura egoten naiz ni.
-          Handitxoa da tititik zintzilik egoteko e ama?
-          Zu ere ez zara txikia…
-          Ama, gure antza dute?
-          Edo guk haiena…
-          Ama, nahi duzu titi pixka bat?


2018-02-21

Itaka_Kattalin Miner_2017-2-10

Kattalin Miner

Trenez, hegazkinez, korrika edota hegan, autoz, bizikletan edota katuka, akaso oinez, akaso autobusez, atzeraka edota zeharka, begiak... begiak hor nonbait, betileetan zintzilik, kafe bero-kiskaltzen hasiaren ketan urtuta; laino borraska bat bizkarrean kolpeka, atzera begiratu eta egindako bideari uholdeka hasiera ezbatu diona. 
Bat-batekoa izan da, hemen nago eta ez dakit... ez dakit nola heldu naizen ni honaino. 

Segura Irratiko Itaka literatur saioan Kattalin Minerrekin solasean aritu ginen otsailaren 10ean "Nola heldu naiz ni honaino" eleberriaz. Kontu kontari jolasean aritzeko tartea hartu genuen. Ondo pasa genuen. Oso ondo. Ostiralean Beasaingo Irakurle Taldean izango da Kattalin, Igartza Saria jaso zuen tokira itzuliko da. Beasaingo Irakurle Taldea Igartza Jauregian elkartuko da 17:30ean. 


2018-02-06

Itaka_Anjel Lertxundi_2018-1-20




Horma zeharkatu dut eta hormatu egin naiz. Zuriz jantzi nau zuloak eta orain alferrik da atzera begiratzea. Hotz egiten duen arren, sutan dut ezinegona eta memoria urtuko didan beldurrez putz egin diot su-hariari. Izotzak beti egiten du ketara. Eta ahanzturak ere bai. 

Urtarrilaren 20an Andurekin solasean aritzeko plazera izan nuen. "Horma" liburuaz aritu ginen hizketan. Baina, argitaratu duen azken nobela ederraz hitz egiteaz gain, Andu irakurlea ezagutzeko ere aukera polita izan genuen. Kontu asko izan genituen hizpide; beste baterako utzi genituen: ahuntz erdara, uzta txarrak uxatzeko baserritarrak usteltzen uzen duen azken azaburua, Beldurrik Gabeko Erresuma, Badaezpadakoen bizitza...

Eskerrik asko, Andu!


2018-01-28

HAMABOSGARREN HILABETEA

Eleder eta Lino_2018-1-28

HAMABOSGARRENA. LINOREN HILABETEA. 

Jolasaren magiak lo arrastoak margotzen dizkizu iluntzero argi ttikiak amets handi bihurtuz. Kantua eta dantza ohearen zorabio gunerik bihurrienean. Eta zu irri eta algara, Lino lagun hartuta, zorion poz txinpartak elkarri oparituz. Eskerrik asko, ttiki, eskua txontxongilo-panpin bihurtzeko egunero erakusten duzun ilusioagatik.   

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Hamabost hilabete
Eleder kuttuna,
ikusgarri bihurtzen
da ikuskizuna
izara artera biltzen
denean eguna,
Lino txontxongiloa
da zure laguna
poltsikoan amets bat
ekartzen dizuna.

  

2017-12-28

HAMALAUGARREN HILABETEA

Eleder eta biok. 



HAMALAUGARRENA. HARRIAK HARRITZEN GAITU

Harrien azpian begiratu beharrik ez dago ikusten ez dena nolakoa den ezagutu nahi izateko. Jakin-minaren sekretuak ezkutuan egiten dizu atximur, agerian dagoena lotsatu egiten duzu eta zure jolasak poltsikoak betetzen dizkigu. Mundua zulo bihurtzen du zure irribarreak eta mundua zugan betetzen da. Muxu erraldoi bat da harriduraren irrika.

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Gaur hamalaugarrena
erdi inuxente,
heldu arren guk poza
dugu ospatzeke,
noiznahi zuei begira
harritu naiteke,
mundua eta biok
hustu eta bete,
elkar deskubritzera
jolasten zarete. 



2017-12-27

ZORIONAK, AMAMAMA!

Eleder eta Irati jolasean; zertan bestela!
- Zorionak, ama!
- Eskerrik asko, txiki!
- Urte askotarako, ama!
- Eskerrik asko, txiki!
- Zenbat urtetarako, ama?
- Ni zurekin biziko naiz.
- Zu jaio zinenean non nengoen ni?
- Nirekin batera jaio zinen zu ere.
- Hori ezinezkoa da.
- Nondik begiratzen zaion!
- Zure betaurrekoak bereziak dira?
- Nahi dituzu?
- Zorabiatu egingo naiz.
- Bizitzan tarteka zorabiatzen jakin behar da.
- Ni zurekin batera jaio nintzela sinesteko?
- Eta denbora ulertzeko.
- Ama, zer da denbora? Goiz bat zurekin edo goiz bat zu gabe?
- Denbora da elkarrizketa hauxe.
- Zu ez zaudenean ere hitz egiten dut zurekin.
- Horixe esan nahi nizun.
- Ez didazu hori esan.
- Halako zerbait.
- Ama, titi pixka bat gehiago?
- Hartu lasai!
- Zorionak, ama! Topa zure alde!
- Zu ere jaio zinen.
- Sorgin hutsa zara, ama!
- Betaurrekoduna.
- Utziko dizkidazu?
- Zorabiatu egingo zara.
- Eta zer?


2017-12-22

Loteriaren zigor beltza

Aba Taano boskotea, Ekaitz eta Irati_2017-12-10

Euskalerria irratirako hiruhileko honetan idatzi ditudan hiru gogoetak jartzen dizkizuet eskura, urriaren 10ekoa, azaroaren 7koa eta abenduaren 12koa. Irakurgai eta entzungai. 

QUÉ OS HEMOS HECHO LOS NEGROS? _ 2017-12-12
 
Begietara begira. Derrick-ek 440 pertsonari. Derricken bi begiek 880 begiri. Ordu eta erdian horixe izan zen isilune bakarra. Segundo erdiko zuloa. Segundo erdiko ezinegona. 440 pertsonari Derrickek begietara begira galdetu zigunean: ¿qué os hemos hecho los negros? Baluarteko oholtza gainetik. Eta gu azpian. Isilik. Zuriak azpian. Eta Derrick gazte beltza zurioi galdezka: ¿Qué os hemos hecho los negros? Begietara begira. Irmo. Tente. Lasai. Zain. Norbaitek erantzungo zain. ¿Qué os hemos hecho los negros? Segundo erdiko zuloa. Segundo erdiko ezinegona.  ¿Qué os hemos hecho los negros? Eta gu isilik. Koldarrak gu.

Aba Taano boskote ugandarrak Baluarten eskainitako kontzertuan izan nintzen  igandean. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak antolatutako kontzertuan. Zortedun sentitzen naiz, antolaketa lanetan aritzeko aukera izan dudalako, eta boskotea eta proiektuak atzean duena eskenatokian eta eskenatokitik kanpo ezagutzeko aukera izan dudalako.

Ikaragarria da ordu eta erdian nola hustu zituzten ahots eta gorputzak. Ikaragarria da hustu ziren neurri berean nola bete gintuzten gu. Bitxia da. Beste behin, beltzak hustu, zuriak bete. Kontua ez da hain sinplea, ordea. Zerbait berezia gertatu baitzen igandean. Boskoteak berak saioaren bukaeran niri esana. Eta poz horrekin itzuli nintzen etxera. Eta segundo erdiko isiltasunak bere baitan duen pisuarekin ere bai. ¿Qué os hemos hecho los negros? Dena ez baita kantu, dantza, irrintzi eta festa. Dena ez baita igande eta jai. Astelehena horretarako asmatu baitzuten, zintzilik utzitako galderen erantzun bila lanean aritzeko.

Sekulako esperientzia izan zen igandekoa. Eskerrik asko Harriet, Louis, Patrick, Morris eta Derrick. Erantzun bat zor dizuet. Webalè. 

Entzungai: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1513093557244-que-os-hemos-hecho-los-negros

Harriet eta biok_2017-12-10

ZORIONTASUN HIPOTETIKOA_ 2017-11-7

Loteria tokatuko balitzait etxe handiagoa edo kotxe hobea erosiko nuke, edo munduari buelta emango nioke, edo zoriontsuagoa izango nintzateke. Baldintza azaltzeko irakasleak erabiltzen duen gaietako bat da loteriarena. Ea Ana… “Loteria tokatuko balitzaizu…” eta Anak begiak irten beharrean etorkizuna miazkatzen du esaldia nola bukatu asmatu nahian. Edo, ea Pello… “Santiri loteria tokatuko balitzaio…” eta Pello amorratu egiten da zoriak zergatik ez duen laguna beharrean bera aberasten irakasleari galdezka.

Okindegietan, jatetxeetan, ikastetxeetan eta lantokietan dagoeneko eskuragai daude abenduaren 22ko loteria sarirako papertxoak. Nafarroa zorteko dago, gainera, Sorteko urrezko sorginak hemen egin baitu alto aurten. Ni txundituta uzten nau loteriak inguruan sortzen duen gogo-nahi-miresmen-irrika-urduritasun eta diru mugimenduak. Inoiz ez dut loteriarik erosi; grazia-amorrua-tristura eragiten dit eta ingurukoei tokatuko balitzaie? tarteka-tarteka egiten didaten galderak. Ez da hain zaila esaldia osatzea… Ingurukoei loteria tokatuko balitzaie, eurek euren zoriontasuna loteriaren haize boladen arabera dantzatu nahi izan dutelako, ni izugarri poztuko nintzateke.

Egunotan sare sozialetan, Kataluniako afera tarteko, Espainiako loteriarik ez duela erosiko irakurri diot bakarren bati. Bitxia iruditzen zait erabaki hori politika jarrerek baldintzatuta hartzea. Nik beti lotu izan dut loteria eredu kapitalista eta ohitura kontsumistekin, eta horrek Kataluniarekin eta Espainiarekin eta gure inguru eder honekin ez duela zerikusirik uste izan dut. Edo badu?  Izan ere, ez dut ongi ulertzen… Espainia Kataluniarekin gaizki ari dela iritzita loteria nazionala erosteari utziko dionak Euskal loteria erosiko luke?

Balitzaizu, balitzaio, nuke, luke, lioke, litzateke… handiagoa, hobea, azkarragoa, ederragoa, altuagoa… koherentzia ezak eraginda zoriontasuna nola baldintzatu eta hipotekatzen dugun ikusita tristetu egiten naiz. Baldintza irakatsi eta ikasteko adibide berriak erabiltzen hasi beharko ginatekeela uste dut, zoriontasuna ez dadin beti hipotetikoa izan. 


BIZITZA ZIGORTZEA_2017-10-10

Hamar, hamar. Tokatu zait. Urriak hamar. Hemendik hamalau urtera arratsaldeko bostak eta hogeian Euskalerria irratiko uhinetan irrintzia bota behar duenak akaso Kataluniaz hitz egingo du. Kontatuko du orain dela hamalau urte Kataluniako bla, bla, bla… Hamar, hamar. Tokatu zait. Urriak hamar. Hemendik hamalau urtera irrintzilariak atzera egingo duen bezala, nik ere atzera egin behar ditut hamalau urte. 2003an aldarrikatu zen Heriotza Zigorraren aurkako mundu mailako lehenengo eguna, urriaren hamarrean.  Aurtengoa, hamabosgarrena txirotasunaren gaiari lotuta iritsi da.  Bai, tamalez, halako egunak iritsi egiten dira. Urte osoko zurrunbilo zalapartatsuak irentsi eta dagozkien egunean txilipurdika nonbaitetik behera eroriko balira bezala. Datuak zirraragarriak dira; 2016an gutxienez 1032 pertsona exekutatu zituzten hogeita hiru herrialdetan; gutxienez diot Txinan ustez egiten diren milaka exekuzioak ez baitira ezagutzera ematen. Exekuzio gehienak Txina, Iran, Arabia Saudi, Irak eta Pakistanen egin ziren. Urrutiko kontuak pentsatzen dugu askotan; zer egingo dut nik nire arnasgune ttiki honetatik? Pablo Ibarren izena entzuten dugunean itotzen zaigu pixka bat gure arnasgune ttiki hori, baina, gainerakoan… munduaren beste arazo bat gehiago da heriotza zigorrarena eta mundu zabal handi erraldoi horretan gu txiki ñimiño eta ezdeus garenez, urrutikoak garenez, oso urrutikoak, nahikoa izaten dugu lo minutuak lapurtzen dizkiguten gure-gure-gure, barkatu nire-nire-nire arazoekin. Kontua da heriotza zigorraren aurkako mundu mailako aurtengo eguna txirotasunaren gaiari lotua dagoela. Mundutar txiroak, pobreak, baliabide urriak dituenak heriotza zigorrera kondenatua izateko aukera gehiago ditu. Beraz, eta mundu mailako ezberdintasunak bizilagunarengandik hasten direnez, ai amigo… eta amiga, kontua da arazoa gurea, barkatu,  nirea ere badela. Izan ere, gure bizi baldintza oparoen kontura zenbati zigortzen diogu bizitza?  


2017-12-05

ELURRA IKASTEN

Eleder eta Irati leihotik begira_2017-12-1

- Nondik?
- Goitik.
- Nondik goitik?
- Zerutik edo.
- Zerutik?
- Zerua baino goragotik.
- Zer dago zerua baino gorago?
- Lurra berriro.
- Mendiak?
- Eta ardiak.
- Ardien ilea da?
- Hala esaten dute.
- Nork botatzen du?
- Erori egiten da.
- Gainezka egiten du?
- Hori da. Udan ardiei moztutakoa da… gehiegi pilatzen denean, erori egiten da.
- Teilatu gaineetara?
- Teilatuetako hotza epeltzen du artileak.
- Eta…
- Bai. Teilatuetatik etxe barruetara pasatzen da barruak epeltzera.
- Horregatik hartzen dute berriro teilatuek gorri kolorea...
- Hori da.
- Eta ardiak eroriko balira?
- Guk leihoak zabalduko genizkieke…
- Ardi beltzei ere bai?
- Ardi beltzei batez ere...
- Elur beltza egingo luke orduan?
- Elur beltza egingo luke orduan...

Eleder elurra ikasten_2017-12-2


2017-11-30

HAMAHIRUGARREN HILABETEA

Eleder eta Irati udazkenarekin jolasten
HAMAHIRU. ZUTITZEN ZUTITZEN... 

Behatz punten gainean gerriak salto egiten duenean, badirudi mundua bera altxatzen duzula buruan gora. Belaunetan jositako orkatilekin ez pentsa erraza denik alehop! besoak eskuen gainetik luzatzea eta zu ari zara jolas eta dantza gorputza nahieran tentetzen. Askatasunaren irudia da zure itzala.

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Oinpean ezkutatu
ondoren beldurrak,
ausart egin dituzu
ahalegin apurrak
eskuz lagundutako
bidaia laburrak
laztandu nahi dituzu 
zeruko gailurrak
baina oraindik asko
maite zaitu lurrak.

2017-11-21

Itaka_Gurasoei gutuna_2017-11-11

Liburuaren azala


Barruko kobazuloak argitan itzaltzea, barruko labirintoetan hanka puntetan ibiltzea, barruko sareetako zuloak oihartzun isolatuez betetzea edo barruko ur parrastadetan suzko bolak marraztea. Emozioen bila aritzea ezer aurkituko ez duzun beldurrik ez izatea da. 

Behin esan nahi eta esan ez nizkizun haiek, behin esan eta ondo azaldu ez nizun hura, behin esan gabe utzi eta nola esan asmatu ezin dudan hori, behin esan behar nizula konturatu ez eta orain zentzurik ez duen hau... 

Lau edizio osatu ditu "Gurasoei gutuna" ekimen lehiaketak eta aurten bosgarren edizioko sari banaketa egingo den egunean orain arteko zenbait gutunen bilduma-gune bihurtu den liburu ederra aurkeztuko da. Itxaro Mendizabal da proiektuaren buru eta gidari; liburuaren jatorria, prozesua eta nondik norakoak kontatu zizkigun azaroaren 11n Itaka saioan. Lau edizioetan sarituak izan diren eta izan ez diren gutunak biltzen ditu liburuak, irakurketa soila eskaintzeaz harago, emozio eta gai ezberdinen lanketa egiteko proposamen bikaina da Josu Maroto marrazkilariaren irudiak ere biltzen dituen liburu hau. Liburuan jasota dauden gutunak audio modura entzuteko aukera ere izango da. Zorionak proiektu eder honen jiran emozioa azaleratzen asmatu duten guztiei!

Liburuaren aurkezpenak: 
Azaroaren 25ean 11:30ean Beasaingo Igartza Jauregian
Abenduaren 6an 15:00etan Durangoko Azokan


2017-10-30

URTE ASKOTARAKO, ELEDER!

 
Eleder eta Irati abuztu hasieran; majo hazi zaizkizu melenak ordutik, txiki!
Kaixo, maitte; urte askotarako, bihotza!

Hauxe bururatu zait, txiki, eta badakizu, amatxok bururatutakoa gauzatu arteko onik ez du izaten! Hauxe urtero urtebetetze egunean egingo dizudan oparia: urteko bion kontu txikiak bilduko dituen eskutitza. Neure buruari erosiko diot eta bihotz mintzetan bildua oparituko dizut. Elederren eta Iratiren liburutegian gordeko dugu eta hala momentua gozarazteko goxoki izateaz gain, oroitzapenen altxor gune ere bihurtuko da eskutitzen bilduma. 

Urtebete, Eleder! Nondik ote dator eta nora ote doa denbora? Handitzen zarenean galdetuko dizut. Handitzen zarenean... dagoeneko handitu zara eta! Gogoratzen zara beso arteko zirrikituetan ezkutatzen zineneko garaiaz, irribarre izatera ere iristen ez ziren eguzki haiek ezpainartetik erortzen zitzaizkizun garaiaz, muxurik eman gabe maitasuna jolasten zenidan garaiaz?Eleder, gogoratzen al zara, txiki, amaren besoartera munduratu zinen momentuaz? Hori belarrira kontatzeko ipuina da. Ez sinestekoa! Handitzen zarenean kontatuko dizut. Ea zuizango zara nire fedea, eta nire ipuina, eta esango dizut: zu sinesten zaitut! Zu sinesten zaitut! 

Ederra izan da urtea, maitia, oso ederra! Zenbat pauso joaneko, zenbat haize lapurtze, zenbat aldaketa saltarin, zenbat zu eta zu eta zu. Zenbat emozio. Eta zenbat ni eta ni eta ni zugan. Titiarena mundiala da! Zenbat gozatzen duzun eta zenbat gozarazten didazun. Lotsati-lotsati heltzen zenion lehenengo orduetan eta basati-basati heltzen diozu orain. Titi-buru bat ahoan, bestea hatz artean... eszena erotikoagorik! 

Izugarri gustatzen zait goizero zuri poema bat irakurtzea, zure azal leuna olioz laztantzea, zure oin txikiak nire izterren gainean sentitzea, izarape berean izarrak zenbatzea, barre eginarazi nahi didazula ulertzea, zoriontsu egiten zaitudala somatzea. Izugarri gustatzen zait zure ama izatea. 

Hamar hilabetez hogeita lau orduz bizitza irentsi diogu elkarri. Eta hamaikagarrenean abalndonatu egin zintudala sentitu nuen. Ai! Haur Eskolan zure ondoan pasa nituen lehenengo hamar minutuetan egin nituen barne negarrak! Abandonurik ez dagoela ulertu dut orain hamabigarrenean, ikasten ari naiz, ulertzen ari naiz, onartzen ari naiz ez zarela nirea. Hori bai, ez nuke nahi inorena izatea, zu zurea izan zaitezen nahi dut. Zu zurea. Eta besteentzat. 

Zutitzen ari zara poliki-poliki. Baina, lasai, pott, hemen goikoak hor behean du eta oinarria. Ez izan presarik, haurraren neurria erraldoia da eta!

Asko maite zaitut; asko baino gehiago!

 Amatxo




Osaba Ekaitzek ere bertso bikaina oparitu dizu: 

Mila zorion Eleder maite,
begira nola gauzkazun!
Zure ondoan guztia da poz,
izpi eta alaitasun. 
Guk zer moduz pott galdetzen dugu,
zuk apapapa erantzun,
dantzak buruan irudi dira
hotsak gogoan oihartzun,
gugandik beti jasoko duzu 
bihotza bete maitasun,
denbora eta espazioa
betetzen jarrai dezazun. 

2017-10-11

Itaka_Koldo Zubeldia_2017-10-7

Koldo Zubeldia



Hogeita bost aldiz eseri da Koldo Zubeldia Segura Irratiko mikrofonoen aurrean. Urriaren 7an zilarrezko bihurtu zen gure harremana. Hogeita hamar poema errezitatu eta Gabriel Korta lagun handiaren hitzaurrea irakurri zigun. Zaldibiko festak, HarriarenTasunak argia ikustera doan liburua, Erroma, ile mozketak, zoriontasuna, Athletic eta beste kontu asko izan genituen hizpide. Beste behin plazera, Koldo, zurekin irratiko tarteaz gozatzea! Eskerrik asko!