2011-07-29

BIGARREN PLATERAK... eta eman pedalari...



Bi lehenengo plater jateko aukera izanez gero, zertarako egon bigarrena noiz etorriko zain? Ez, ez naiz bigarren platerak jan zalea.

Liburutegira joan eta buruan zenuen liburu hori egon ez eta... itsu-itsuan eskua apalategian sartu eta... hauxe etxerako. Bai, ezuste asko ederrak izaten dira, baina.... ah! Hortxe arantza... zuk liburu hura nahi zenuen...

Telebista saio bat ikusi nahi eta saioa eskaintzen duen telebista-katea izorratuta... itsu-itsuan hatz-jolas baten ondoren... horixe ikusiko dut... ezuste asko ederrak izaten dira, baina.... ah! Hortxe arantza... zuk saio hura ikusi nahi zenuen...

Bai, harrapatu... mutil horrek harrapatu egin zaitu, inguratu zatzaio (buf! a ze komeriak!) eta... kaka! Edo neska du, edo ez zaitu gustuko, edo... eta itsu-itsuan eskua luzatu diozu... hura ere gizon ederra da... baina.... ah! Hortxe arantza... zuk bestea gogoan...

Ez, ez naiz bigarren platerak jan zalea.




Aste osoan zehar (ejem, hilabete osoan zehar) eguraldia ez da portatu. Gaiztakeriatan ibili gabe bihurrikeria txikiak egin ditu. Hori iruditu zait niri, mendi gainei txapelak jartzeko tentazioz zirika ibili zaidala. Egun bati eta hurrengoari leiho ertzetik tira egiten saiatu naiz. Baina, ezin. Eta nik mendira joan nahi. Baina, mendi gainetan busti gabe ibiltzeko aukerarik ezean... itsu-itsuan eskua luzatu eta... hortxe lagun berria... bizikleta... ezuste asko ederrak izaten dira, baina.... ah! Hortxe arantza... nik mendia nahi...



Lehenengo pedalkada (Ezkiora) tira, bigarrena (Lizarraustira) lotsati, hirugarrena (Otzaurtera) gozo, laugarrena (Altzora) ezti, bosgarrena (Olaberri eta Lazkaomendira) ilusioz, seigarrena (Araitz bailarara) muxuka, zazpigarrena (Gaintza-Larraitz-Bedaiora) maitasunez. Bai, maitemaindu egin naiz. Bizikletarekin. Kilometrotan eta kilometrotan bizikleta lagun egitearekin. Mendate luze bat, bi mendate ertain, aldapa beldurgarriak, herri bat han, 80 kilometro, herri bat harago, ipurdiko mina, pinoi txikia, plater handia... eta eman... eta eman... ezustean maiteminduta.

Portatu da. Eguraldia. Orain bi lehenengo plater ditut. Eta biak jateko aukera izanda zertarako egon bigarrenaren zain?

2 comentarios:

  1. Iepa Irati, txirrinduari ere heltzen diozu! Hori sasoia hori!Zer esaten didazu Araitz bailaraz? Euskal Herrian ba ote beste bat halakorik? Azkarate, Uztegi, Atallu, Gaintza... eta Mailoa Zaharrak: Ttutturre, Intzeko Dorrea, Balerdi... Urtero egiten diot bisita eta han ikusitakoak ez nau aspertzen, gehiago esango dut, geroz eta harrapatuagoa nauka.Segi horrela neska!

    ResponderEliminar
  2. Araitz bailara... inguratzen naizen aldiro, aittona Patxi bizi izandako Mekola baserrira (Atallu) inguratzen naiz. Gustura hurbiltzen naiz paraje haietara. Bailara estu bezain ederra da!

    Sasoia... ez dakit ba! Gozatzera iristen ari naiz eta ez da gutxi! Poliki-poliki, pausoa beti aurrera!

    Muxu bat!

    Aittona Patxiren matraka

    ResponderEliminar