"Ze gertatzen dek? Jendea triste ikusten diat kalen..." "Gerra zetorrek motel, Afrikatio... gerra!" Amak kontatu dit oraintxe, aitonak hori kontatzen ziela. 75 urte igaro dira Afrikan (Afrikan edo...) gerra abiatu zenetik. Hirurogeita hamabost urte... hogeita sei urte ditugunoi aiton-amonen oihartzunak iristen zaizkigu, institutu garaian Historiako liburu zimurtzen hasietatik ikasitako hitz-lerro bihurriak, mahai-inguruetan entzudako iritzi festa nahasiak, isil une lausoak, begirada zimurtuak, esku zaurituak, bihotz herdoiltzen hasiak... Orain hogeita sei urte ditugunok orain dela hirurogeita hamabost urte gazte-gaztetxo zirenen bilobak gara.
Oroitzapenek hitz egiten dute. Ezinbestean. Oroitzapenak galdetu egiten ditugu. Entzun. Egiari eskua luzatzea egokitu zaigu, lurpeko isiltasunei harriak astintzea. Gorroto eta mendeku usainik gabe ondoan egotea, egia ezagutu eta etorkizunari begiratzea. Iraganari egia zor diogu.
Uztailaren 8an Pilatosen balkoian izan ginen. Urbasan zehar artzainen bidea egin eta Pilatosen balkoitik Bakedano herrira doan Portuzarra bidea genuen helburu. Balkoian, harkaitz artean, eserita egon ginen Historia entzuten, Gerra Zibileko garrasi eroriei ahotsa jartzen. Amildegiari galdetu genion. Amildegiak erantzun zigun.
Portuzarrean behera Urederrako ur majikoen ondora egin genuen salto. Malko saltarinak pentsa dezake bakarren batek. Badu zerbait berezia bai, Urederrako iturburu inguruak. Uraren kolore berdexka esperantzarena dela pentsa dezake bakarren batek. Memoriak egiari esku emanda, justizia flotagailutzat hartuta, igerian egiteko toki aproposa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario