"Lainoa zuhaitz artean sartzen denean, iluntasunak gauari atximur egiten dionean, normala da beldurra sentitzea. Normala da begiak itxi nahi eta betileek gauari hozka egitea. Lainoa zuhaitz artean sartzen denean, dena pixka bat zailagoa da. Batez ere egunsentiko ezkutalekuei begiratzea, ezkutalekuak norberaren baitan zulatzen direnean, ezer ez da erraza.
Oinez ibiltzen dakienak aurrera ustean, atzera egiteko arriskua izaten omen du, oinez ibiltzen dakienak zirkuluak marrazten omen ditu lurrean, erpinik gabeko bideak oinez ibiltzen dakitenenak omen dira. Pausoak bidea egiten duela ikasi genuen, orain bideak pausoa egiten duela ikasten ari gara. Bidea ibili egiten dugula ikasi genuen, orain bideak ibili egiten gaituela ikasten ari gara.
Oinez ibiltzen dakienak lainoa zuhaitz artean sartzen denean bezala egiten du, irrist. Lainoa zuhaitz artean sartzen denean, iluntasunak gauari atximur egiten dionean, normala da beldurra sentitzea".
Asier Huegun (liburuarekin) eta Gari Udabe |
Asier Huegun -> Joateak horixe du, ez duela itzulera ziurtatzen. Joanak horixe du, etorrerarik ziurtatzen ez duen bidea dela. Batzuetan denborak edo bideak edo auskalo zerk itxaronarazi egiten digu, Asier joan zen eta itzuli ere itzuli zen, baina, ez joaterakoan uste bezala. Asier Kolonbiara joan zen 2003an eta bahitu egin zuten. Bederatzi urteren bueltan liburua argitaratu du. Berak kontatu eta Gari Udabe kazetariak idatzi egin du: "Kolonbian bahituta, 74 egun ELNren esku."
Abenduaren erdialdean ezagutu nuen Asier Beasainen eta garbi esan zidan: "Ez, Irati, ez zen abentura bat izan."
Larunbateko saioan Kolonbiaz, bahiketa zirraragarri batez, liburu bat idazteaz, beldurraz, koadro bitxiez, behin eta berriro abestutako kantuez... hizketan aritu ginen Asier Huegunekin. Eta kulunkan aritu ginen Joxe Goikoetxearekin eta Iñaki Mendigurenek kuku egin zigun Bilboko manifestaldiaz egindako hausnarketa mahaiganeratzeko.
Beste behin, gozatu egin genuen larunbatean...eta ikasi...
Ederra saioa! Interesgarria benetan Asierren bahiketaren ingurukoak. Faltan botatzen genituen irratsaioak, Irati. Zuzenean entzun ezin ditugunok ere oso gustora entzuten ditugu. Mila esker!
ResponderEliminarBai! Mordotxo bat banituen zintzilik...baina, hutsik egin gabe jarriko ditut atzeratuta ditudanak ere! Eskerrik asko zuri uhinen bestaldean egoteagatik!
Eliminar