2011-07-19

SASTARRI-AGAUTZ-LEIZADI



Gustatzen zait ezagutzen dudan hori ezagutzen ez duenari erakustea. Orduko hartan ni han zer dela eta nengoen bergogoratzea. Beti toki berean egon den harri txiki horren azpian zer dagoen begiratzearen parekoa da. Harri ttikiagoak eta lur zatiak eta zorte pixka batekin zizare marronkaren bat azalduko zaizu. Bergogoratzean gogoratzen ez zenituen txikikeria handi horiek. Polita da bergogoratzea, batez ere gogoratze horrek bertaratzeko aukera ematen dizunean, konpainia ezberdinean, urte batzuk gehiago bizkarrean.

Lizarraustitik Lareorako bidea egin eta Errekabeltzen aurrera Aralar aldera joateko ohitura dugu. Aralarri begiratzen ere ikasi egin behar da, ordea, "balkoiak aurkitzen" eta aspaldian buruan kolpeka genuen izenari (Sastarri (989 m), sastarri, sastarri, sastarri) izana oparitzea erabaki genuen pasa den ostiralean. Leku zoragarria da "Ataungo Zirkoaren" ertz harkaiztsua. Bertsoa kantatu, gurekin jolastu nahi duenari puntua utzi ("Ataungo zirkoaren/erdian Sastarri") eta Agautz ("Paradisuak hemen/ Agautz du izena") eta Leizadi gainetara egin genuen salto.


Lizarraustitik Lareoraino
birikak arnas egarriz,
pago artean barneratu naiz
bulkada ikaragarriz,
Ataungo Zirko monumentala
agertu zait letra larriz,
Mari, Jentilak ta kobak lagun
mozkortu nahi dut Sastarriz,
adjetiboak puzten baitzaizkit
noranahi begira jarriz.


Bertso ederra, Ekaitz! Ederra kontua; bertsoa hik egin eta nik txuloan sartu! Laguntza pittin bat izan huen nire partetik ;-)



Ikusi makusi, zer ikusi? Hasten da, hasten da k-z eta bukatzen da o-z. Zer da? Eta ibili ginen bila, eta ibili ginen hotz, eta ibili ginen epelago, eta topatuko ez genuela uste genuenean, hantxe erre ginen: otsoaren aho beltzean. Ikusi makusi, zer ikusi? Hasten da, hasten da k-z eta bukatzen da o-z. Zer da? ko-ba-zu-lo. Ezkutuan lurrak ezkutatzen duen paradisuetako bat. Zutik eta makurtuta leku zirraragarrian aurrera (errespetuz, urteen joanak egin dituen monumentuak tentu handiz zainduz) bitxikeria ugari ikusteko aukera ematen duen tokia. Pixka bat barrurago, pixka bat barrurago, pixka bat etzanago, pixka bat etzanago... tentazioa, horixe sortzen du Sastarriko barrunbeak.


2011-07-18

UZTAILAK 18



"Ze gertatzen dek? Jendea triste ikusten diat kalen..." "Gerra zetorrek motel, Afrikatio... gerra!"
Amak kontatu dit oraintxe, aitonak hori kontatzen ziela. 75 urte igaro dira Afrikan (Afrikan edo...) gerra abiatu zenetik. Hirurogeita hamabost urte... hogeita sei urte ditugunoi aiton-amonen oihartzunak iristen zaizkigu, institutu garaian Historiako liburu zimurtzen hasietatik ikasitako hitz-lerro bihurriak, mahai-inguruetan entzudako iritzi festa nahasiak, isil une lausoak, begirada zimurtuak, esku zaurituak, bihotz herdoiltzen hasiak... Orain hogeita sei urte ditugunok orain dela hirurogeita hamabost urte gazte-gaztetxo zirenen bilobak gara.

Oroitzapenek hitz egiten dute. Ezinbestean. Oroitzapenak galdetu egiten ditugu. Entzun. Egiari eskua luzatzea egokitu zaigu, lurpeko isiltasunei harriak astintzea. Gorroto eta mendeku usainik gabe ondoan egotea, egia ezagutu eta etorkizunari begiratzea. Iraganari egia zor diogu.



Uztailaren 8an Pilatosen balkoian izan ginen. Urbasan zehar artzainen bidea egin eta Pilatosen balkoitik Bakedano herrira doan
Portuzarra bidea genuen helburu. Balkoian, harkaitz artean, eserita egon ginen Historia entzuten, Gerra Zibileko garrasi eroriei ahotsa jartzen. Amildegiari galdetu genion. Amildegiak erantzun zigun.




Portuzarrean behera Urederrako ur majikoen ondora egin genuen salto. Malko saltarinak pentsa dezake bakarren batek. Badu zerbait berezia bai, Urederrako iturburu inguruak. Uraren kolore berdexka esperantzarena dela pentsa dezake bakarren batek. Memoriak egiari esku emanda, justizia flotagailutzat hartuta, igerian egiteko toki aproposa.


2011-07-17

metamorfosia... JAIO? SORTU? MOZORROTU?





... eta Kafkak azken puntua idatzi zuenean (bai, puntuak ere idatzi egiten dira), zer da pentsatu zuena? Auskalo, akaso bizitzak puntuez harago aurrera egiten duela, akaso hegoak ez direla hegan egiteko beharrezko, akaso hari artean bizitza kontatzen dutenek ez dutela ipuinetan sinesten.

Har ziren eta tximeleta dira. Jaio, sortu... ez da erraza zer gertatu zaien definitzea. Errezel atzean ezkutatu eta mozorrotu egin direla iruditzen zait niri. Iñauteri itxurarik ez diot hartu orain dela hilabete eta erdi inguru etxetoki jarri nien kaxari, eta horregatik eseri natzaie ondoan orain dela hamabi bat urte ikasitako LA, RE, MI gitarra akordeak joz iñauteri-dantzaldi giroa eman nahian kaxa inguruari.

Gustatu zaie, badirudi gustatu zaiela, irribarreren bat sumatu dut hego zuri-horixken artean. Haizea libre dute hegan egiteko, baina, nahiago dute bi pauso aurrera eta hiru atzera pittin bat ibili (ibili?). Ez da tximeletarik hegaldatu. Nork daki? Ziur aski arraultzak hortxe jarri nahiko dituzte, hortxe, euren burua mozorrotu duten errezel horien artean. Hortxe.

LA, RE, MI... ibilian-ibilian pozik dirudite. Etorriko dira mozorro berriak.


2011-07-12

TXONDORRA JOSTEN



HITZA: TXONDOR

Kateek nahi adina begi izaten dituzte. Ez naiz katezale, begiak lotuzale. Begiei, ordea, tira egiten diet... eta tira egin eta tira egin kateak osatzen ditut sarri, hitz kateak gehienetan.

Esanahia ezagutu arren, jakin-minak (zer ginatekeen jakin-minik gabe...) hiztegira eraman nau. Txondor: ....... eta bigarren adiera: gangaren erpina. To, bigarren begia: ganga. Emozionatu egin naiz, hitz berri bat niretzako. T-S-R-Q-P-O-Ñ-N-M-L-K-J-I-H-G. Ganga: basamortuko hegaztia edo arkua edo minerala inguratzen duen substantzia edo merkealdi garaiotan... ba horixe, badakizue... ganga. Lau begi gehiago kateari. Nahigabe (nahastuta ibili naiz eta...) gangar hitzera iritsi naiz. To, zazpigarren begia-> gangar: gandor.

Txondor-ganga-hegazti-arku-mineral-gandor. Segi begiko lepokoa. Nahigabean-nahigabean errima berdineko bi hitz lotu ditut bi muturretan. Magia! Ez, ibilian ibiltzea kateatu gabe.

Argazkia zertara datorren? Urbasa gainean txondor eder bat dago ikusgai. Txondor-ikazkin-txabol. Txabola bistan txondorra zuen irudimenerako. Ikazkina? Izan nintekeen ni, baina, ez dut uste ikatz-lanetarako itxura denik hori.



AFORISMOA: "Telebista hari-mataza bat da. Jokoa? Jostorratza non ezkutatuta dagoen asmatzea."


Eta josi nork egiten duen? Ez dakit, begiak edo begiradak...

Eta korapiloak nork egiten dituen? Ez dakit, kanpoak edo barruak...

Eta tira nork egiten duen? Ez dakit, hariak edo matazak...

2011-07-05

HAN GOITIK...


Aztertu, aztertu ongi argazkia:





Eskuinaldeko kuadrilatxoa (Bidatz, Nerea Lasa, Itziar, Dani eta Nerea Oloron) "behera" begira dago. Auskalo zer duten begien bistan! Baten batek pentsa dezake Porrotx topatu dutela Aizkorrira bidean. Ezkerreko aldean hiru panpoxa eserita. Irati harri ederren baten bila (irakasleren bati ikasturte hasieran oparitzeko edo...) eta Rakel eta Ainhoa irribarre gaixto bihurri banarekin elkarri kontu kontari (ze ote dute hizpide!). Pello argazki makinari begira, ateratako argazkian denok itsusi samar gaudela eta kezkatuta! (Lasai motel, arazoa ez da eta argazkilariarena izaten!). Pelloren ondoan Andrea... jeje Andrea... ez dakit Joxe, Pablo edo Ekaitzi begira dagoen, nork egin ahalko lukeen bere irribarre polit hori! Joxe, Pablo eta Ekaitz... horiek nire hiru zaldunak... argazki makinari (hau da, niri) begira dauden bakarrak ;-)

Egindako bideaz harro, kostata baina bagoaz aurrera, poliki-poliki, tarteka bonboiak ahoratuz, bagoaz aurrera nahigabe gora goazela ohartu gabe.



Merezi izan du e, Dani? Eeeeeeee, Daniiiiii? Eeeeeeeeeeeeee, Daniiiiiiiiiiiiiiii? BAI! Ez dakit barruak zer esan dion baina, lortu dut mingainari tira egitea. Uste dut baietz, ulertu duela zergatik gustatzen zaigun horrenbeste mendira joatea, igo eta gero igotakoa jaitsi eta jaitsitakoak neke bihurtzen zaizkigun arren oin, belaun eta izterretan.

Izebaren txorixoa, txokolatea eta fruitu lehorrak eman eta hartu eta banatu eta partekatu bitartean osatu dugu bertsoa, osatu eta kantatu, kantatu eta... postontziratu, han goian, Aizkorriko (1528 m) gainean:

Zizur aldetik Aizkorriraino
bideak bildu gaitu gu,
irakasle ta gurasoekin
ikasleak buruz buru,
maldarik malda gure pausoak
amets bat zeharkatu du,
umore ona, solasaldi ta
hartu emanak helburu,
ikasturteak modu honetan
korapilatzen ditugu.


Bitxia da; zenbat eta gehiago ibili, zenbat eta aldapa gehiago igo, ahuntzarena zenbat eta gehiago egin irribarreak orduan eta zabalagoak dira. Gero eta amona mantangorri (Zizurren marigorringo?) gehiago hurbiltzen zaizkigu. Ez da seinale txarra! Aketegiraino (1549 m) iritsi gara!


Eta zer dira bi hirugarrenik gabe? Behin zerua ukitzen hasita muxukatzea onena... hain dago urdin eta hain eder eta hain gaude gustura eta mendiak nola "engantxatzen" duen"! E, Dani? Eeee, Daniiii? Eeeeeeeeee, Daniiiiiiiiiiii? BAI! Bat, bi, hiru (tontor), ... berrehun eta bi, berrehun eta hiru (amona mantangorri), ... mila bostehun eta hogeita zortzi, mila bostehun eta berrogeita bederatzi eta mila bostehun eta berrogeita hamaika (metro). Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri:




Ipurdiko batzuk (zer da mendia ipurdikorik gabe?) hartu eta Urbiara. Sabel festa hori... norena izan da? Tokitan gelditu dira goizean goiz jandako bonboiak! Bazkaldu, behia lagun egin (Osasunako kamiseta hori...) bideo batzuk ikusi (Urbian eta telebistarik gabe! XXI.mendea!), barre egin, barre egin eta barre egin! Hamabi segundo, zortzi segundo, bost segundo, bi segundo, aupa Itziar... denok atera behar dugu eta argazkian! Pello, Dani, Ainhoa, Nerea O. (ooooooo), Rakel, Ekaitz, Andrea, Joxe, Pablo, Bidatz, Itziar, Irati, Irati eta Nerea L. (lalala lalala).




Zoragarria izan da. Bai, gaur giharretako minez izango zarete, eta zer? Zoragarria izan da.

Han goitik... begiradei egin diegu bultza, han goian... begiradak kateatu zaizkigu.

Hurrena? Txindoki, San Donato, Adi... badakit elkarrekin egun zoragarri gehiago igaroko ditugula... guraso, aiton-amon, irakasle, ikasle... berdinetik berdinera... hartu, eman, banatu, partekatu...


2011-07-04

KRISKITIN KRASKITIN



HITZA: ARRABITA

Demagun ikasturtea ez dela oraindik amaitu, izan daiteke astearte bat, arratsaldeko zazpi eta erdiak direla demagun eta kanpoan bero-zapa egiten duela. Beroa izan daiteke 37 gradukoa edo... batek daki! Demagun egun osoa institutu barruan egin duzula eta kanpora irteteko irrika bizi duzula... bai, nahiz eta 37 gradu egin kanpoan, akaso izan zitezkeen 39ºC... Demagun atezain hiztuna dela institutu horretakoa, jatorra bai, oso jatorra, baina, hiztuna eta goizean goiz hitz egitea asko gustatzen zaiola eta eguerdian ere izugarri hitz egiten duela, baina, batez ere arratsaldeetan, kanpora irteteko irrikaz zaudenetan (bero-zapa, 39ºC egi arren), hitz egiten duela gehien. Eta orri zuriak hitzez eta toki-izenez eta datez eta musika emanaldien hitzorduez... betetzen dizkizula. Eta beroa eta irrika eta zazpiak eta erdiak izanda ere, izugarri eskertzen diozula irakasten dizun guztia. Demagun azkenean zu zarela hitz-solasari tira eta tira egiten diona.

Irati, harira! Demagun astearte sargori arratsalde luzatzen hasian hitz berri bat ikasi duzula: arrabita. Eta kontu bitxi asko dakizkien atezainak irakatsitako hitza dela hori. Demagun biolinaren bikia edo arreba edo anaia edo ahizpa izan daitekeela arrabita. Demagun oso antzekoak izan arren, ez direla berdin-berdinak (zer da berdin-berdina izatea?). Demagun XIX.mendean zaudela eta badakizula XXI.mendeko egun sargori batean baten batek zutaz hitz egingo dizula.





AFORISMOA: "Zoriona HAU da"

Filologo batek akaso gomendatuko lidake erakusleari distantzia emateko. Marrazkiak hartu du bere distantzia... bost milimetro?

Baina, niri berdina zait (edo ez, baina tira!) filologoek esaten dutena!

Esku ahurraren baitan zoriona hartu egiten da eta eman. Esku ahurraren baitan zoriona ukitu egiten da, laztandu eta irristatu eta zorabiatu eta estutu eta... Esku ahurraren baitan zoriona islatu egiten da.

Nik gertuko erakusleak maite ditut. Hau eta hemen.

2011-06-30

ITAKA (Oskar Estanga_2011-6-18)



Laztan baten zirrara. Laztan baten izerdia magaleko berotasunean. Sabelaldeko kilimen sutegi isila, musika noten oihartzun mutua. Esku hatzen maitale dantzaria, begi itxien ispilu, doinu iheskorren irribarre jolastia.

Gitarrajolea eserita dago, kantuan ari zaio barrua, hizketan ari zaio begirada. Gitarrajolea eserita dago, gitarra akordeetan haize korapiloak harilkatzen.

Eta ni begira. Zalantza bakarra neuregain, ez dakidalako irratian bizi diren ipotx berak ote diren gitarra kaxaren barnean bizi direnak...


Galdera Oskar Estangari luzatu nion ekainaren 18an. Galdera luzatu edo erantzuna eskatu, ez dakit. Ez baita gauza bera. Erantzuna eskatzeko ez dago galdera luzatu beharrik eta galdera luzatzen duenak ere ez du zertan erantzuna eskatu. Galdera-erantzun jokoan Oskarrekin aritu ginen orain dela bi aste. Artista handia da Oskar, musika ikusgai egiten duena. Gitarraz, musikaz, bertsoez, Nafarroako Bertsolari Txapelketaz, sorkuntzaz, proiektu berriez... aritu ginen hizketan, gustura!

Eta saltsa-festa horretaz guztiaz gain, Elixabete Garmendiarekin ezkaratzean eta Itziar Paternainekin errota parean elkartu ginen. Eta Patxi Ezkiagarekin eman genion hasiera saioari eta Joxe Goikoetxeak hitz zerrenda pittin bat gehiago luzatu zigun eta...

Beste goiz pasa eder bat! Orduko saioa entzun egin nahi duzuela? Ba... egin koxk. Jaitsi eta gorde egin nahi duzuela? Ba... http://blip.tv/file/get/Irati-OskarEstanga_2011618816.mp3

ITAKA(Eskola_baratza_2011-6-11)

Video thumbnail. Click to play
Egin koxk


Mixki lurrazpiko laberintoetan jolasean ibiltzen den zizarea da. Lurrazpiko ur putzu txikiak gustatzen zaizkio gehien. Burua ur azpian sartu eta denbora luzez arnasik hartu gabe egoten ikasi du aspaldian. Belar zuztarretan irrstaka ibiltzea ere izugarri gustatzen zaio. Ipurdiko ederrak hartzen ditu tartean-tartean!

Baina, azken egunotan irribarre luze-zabal bat da Mixkiren aurpegi ttikian distira egiten duena. Eguna noiz argituko zain pasatzen du gau luzea, irrikaz, lorik ere ez du egiten. Beñat eta Maddiren zain egoten da goizean goizetik, herriko eskolako ikasleak dira biak eta egunero-egunero hurbiltzen dira Mixki bizi den baratzera. Elkarrekin lan egiten dute, elkarri laguntzen diote zizareak eta gaztetxoek. Baratzean aritzen diren bitartean Beñatek eta Maddik txandan-txandan euren sorbalda gaineetan jartzen dute Mixki aitzurrarekin min egingo dioten beldur baitira, eta esker onez sorbalda gainetik Mixkik baratza nola landu eta nola zaindu behar duten esaten die bi neska-mutilei.

Lagun handi egin dira Mixki, Beñat eta Maddi.


Ekainaren 11n argazki polita atera genien Goierriko eskola-baratzei. Guraso eta irakasleen arteko solasaldiak hausnarketa politak utzi zituen mahai gainean. Gu horiek denak uhinen bidez bideratzen saiatu ginen. Aloña eta Joxe (Idiazabalgo Aita Iparragirre Herri Eskolako ) Gotzone, (Segurako Laiotz Herri Eskola) eta Anttoni (Zaldibiko Lardizabal Herri Eskola) izan ziren Segurako estudioetan euren eskoletan baratza-proiektua nola lantzen ari diren kontatzen. Ikasle, guraso eta irakasleen esku hartzearekin eskolan bertan baratza lantzea zein aberasgarria den ikusi genuen. Beasaingo La Salle eta Andramendi Ikastetxeetako Miren eta Xabik eta Legorretako Ugaro Herri Eskolako Iñakik ere kontatu zizkiguten euren baratza-proiektuen esperientziak. Proiektu hauei bultza eginez gogotsu lanean dabilen Jakoba Errekondo paisajistak eta Goimeneko teknikaria den Manex Aranburuk ere egin ziguten kuku eta gustura entzun genituen aurrera begirako asmoak.

Pisurik handiena Eskola-Baratzak hartu zuen arren literaturari ere egin genion tartea Patxi Ezkiaga eta Gabino Muruarekin.

Saio entzun nahi izanez gero, egin koxk (bai, bai, beldurrik gabe hor goialdean) eta gorde edo jaitsi nahi baduuze http://blip.tv/file/get/Irati-Eskola_baratza_2011611794.mp3


2011-06-28

METAMORFOSIA (III)



Igandean arratseko zazpietan hizketan aritu nintzen kapulua egitera iritsi ez den harrarekin. Guztiek egin dute beren poltsatxo zuria batek izan ezik. Galdetu nion zergatik eta zertarako... zer dela eta... eta erantzun zidan... kostatu zitzaion, baina, erantzun zidan... eta ulertu nuen bere begi ttiki erdi zabalduek erantzun nahi izan zidatena. Erantzunen bat nahi baduzu begiraiozu zeure buruari! Belauniko, burua kaxa barruan sartuta, lerdo-lerdo harrapatu nituen neure begiak! Zorioneko jakin-mina! Zer uste zenuen zurea eta zurea bakarrik zela jakin-mina? "Lotsagabe hori!" esatea falta izan zitzaion! Eta arrazoi du, ez dakit zergatik (belauniko nengoelako, sudurra gertuegi ipini niolako, argazkiak zuengana ekartzen ditudalako...) baina, susmoa dut arrazoi duela. Eta nik ere lotsagabea izan nahi dut! To, arrazoia! Berak ere bere zeta-harkideek metamorfosia nola egiten duten ikusi nahi duela esan zidan, horregatik ez duela bere burua hari zuri pila horren erdian zorabiarazi.

Eta hantxe jarri ginen biok (elkarri ia eskua -bai, eskua- emanda), begira, zer ikusiko. Eta hauxe topatu genuena! Kapulu garden bat har metamorfosia egiten hasi berriaren ispilu!

Lotsagabea izan nahi duen eta kapulurik egin ez duen harrari izena jarri diot. Kuxki. Imajina dezakezue zergatia...



2011-06-27

KALE KANTOIKO GALDERAK


HITZA: KARKABA

Kalezulo estuak dira karkabak, etxe-eraikinek hiribilduak sortu eta gerora kaleari espazioa jan eta gelditu ziren zirrikituak.

Begi azti sakonak dira karkabak, pausoa hots eta hotsa oihartzun bihurtzen dutenak.

Harri hotzen akelarreak dira karkabak, gaueko xuxurla isilak irentsi eta gauerdiko izuaren kantu bihurtzen dituztenak.







AFORISMOA: "Zergatien bila arrazoiak galtzen ditugu."


Egiten dugun galdera bakoitzak norabait hurbiltzen gaituen neurrian urruntzen gaitu nonbaitetik.

Egiten dugun galdera bakoitzak ispilu bat hautsarazten digu beste bat aurkituko dugun esperantzarik eman gabe.

Egiten dugun galdera bakoitzak infinituago egiten du geure burua zehaztasuna galdera ikur baten azken puntu (ia ikusezina, zintzilik, ia erorian marrazten duguna) lokartzen hasia dela oraindik ulertu gabe.

2011-06-23

METAMORFOSIA (II)



Bi aste pasa dira... begiratu ttentte-ttentte jarrita dagoen harrari! Dantzan ari da, dantzaleku polita prestatu du! Bere buruaren baitan zorabiatu eta "txoko txiki txuria" harilkatuz zeta-kapulua osatuko du bere burua kapuluaren barnean lotuz.

Eskuinaldean ikusten diren bi poltsatxo zuri horiek dira kapuluak. Hortik ze aterako den... susmatu... susma dezaket, baina, ez naiz irudikatzera iristen. Etxera iristerako ez ote zaizkit denak hegan ihesi joango!


2011-06-22

ORDULARIA (eta matematika, eta zaparradak...)





(2011ko ekainaren 21eko kronika)

15:25 -> Sekulako beroa egiten du. Institutu pareko autobus geralekuan bederatzi ikasle eta irakasle bat elkartu gara. Bederatzi gazte eta... ez dakit ikasturtea bukatzen denean ikasleek ikasle eta irakasleek irakasle izaten jarraitzen ote duten. Ez dakit, baina, ez jakiteak ere ez dit axola. Gustatzen zait zenbait gauza ez jakitea.

15:30 -> Ez dakit hirurak eta hogeita bostean autobusaren zain egon eta nolatan alde egiten duen hirurak eta erdietako autobusak. Beste hamar minutuz zain egon behar. Eta bero egiten du. Ekainak su hartu duela... ikasle bati entzun diot.

16:15 -> Nafarroako Unibertsitate Publikoko "El Sario" eraikinera iritsi gara. Ekainaren hirutik hogeita laura bitartean Iruñean izango den Imaginary Matematika Erakusketa alemaniarra ikusi nahi dugu. Ikasleak oporretan daude; eta zer? Jakin-minak ez du oporrik hartzen.

16:45 -> Sagar, limoi eta donuts artean asetzeko adina kontu entzun ditugu.

17:05 -> Kaosa, zer da hori? Horiek ikasle kaotikoek ulertzeko kontzeptuak dira, Andrea!

17:20 -> Josuk kamiseta bat irabazi du. Geziak gora eta geziak behera egingo duela esateagatik kamiseta opari. Nork esan zuen matematika eskuzabala ez dela?

17:45 -> Julen, artista! x, y eta z-rekin zenbait korapilo egin eta bihotz bat irudikatzeko gai izan da Julen. Lastima, ez da bihotza Edurneri oparitzen ausartu!

18:15 -> Lau dimentsioko kubo batek hiru dimentsioko zortzi "aurpegi" ditu! Eureka! Kamiseta Asierrentzat!

18:20 -> Lau dimentsio... lasai Julen, zorabiatu gabe!

18:45 -> Badator, badator Andrearen aita. Ez dakit zergatik hasten garen hizketan autoa jadanik badoanean. Dantzan ikusi ditut Amaiaren ezpainak.

18:46 -> Agur Andrea! Aio Amaia!

18:55 -> Osasunarekin negar egiten duela... hori ere entzun egin behar! Gorkak eraman gaitu Reyno de... Sadarrera. Zeru gaina negarrez hasi zaigunean, orduantxe hasi naiz futbolak sortzen dituen pasioak ulertzen.

18:56 -> Zer? A bai! Arratsaldeak sargoria ahantzarazi digu.

19:00 -> Agur Edurne! Aio Josu!

19:01 -> Alvaro, blai eginda hago! Bete-betean harrapatu gaitu euri-jasak...

19:17 -> A ze panorama! Nork esan digu korrika hasteko! Kaleko putzu guztiak irentsi ditugu. Edonork pentsa zezakeen egarri ginela!

19:18 -> Ainhoa, sandalia! Eta Ainhoa aurrera, oinutsik, putzuetako batek sandalia lapurtu diola konturatu gabe.

19:40 -> Erlijioaz hitz egin dugu.

19:45 -> Adiskidetasunaz hitz egin dugu.

19:50 -> Itsu gelditzeko arriskuaz hitz egin dugu ; -)

19:55 -> Agur Julen, Alvaro! Aio Asier!

20:00 -> Ikasketez hitz egin dugu, eta jarreraz, eta ahaleginaz...

20:05 -> Zer? A bai, bihar (gaur) gehiago? Baina, ez zeundeten oporretan? Oporrak? A bai, jakin-minak ez du oporrik hartzen. Etorri lasai.

20:06 - > Agur Ainhoa! Aio Gorka!

20:15 -> Zizur Txantrea. Hainbeste buelta eta jirarekin autoa non nuen ere ahaztu dut!

20:15 -> Hortxe aparkatuko dut. Beti bezala bigarren ahaleginean...

20:15 -> Atsaldeon Samuel! Atsaldeon Ekaitz!

20:15 -> Blai eginda nator. Dutxatzera noa!

20:15 -> Ze ordu da, Ekaitz?

20:15 -> Zortziak eta laurdenean konturatu naiz zortziak eta laurdenean ordularia gelditu zaidala. Aspaldian nagi samar zebilen, motel (ez dakit ordulariek motel ibiltzeko gaitasunik ba ote duten... edo badabiltza edo geldi daude... ez dakit).

20:15 -> Orduantxe gogoratu naiz Maitek goizean egin didan opariaz...

20:15 -> Bolaluma bat izango zela uste nuen...

20:15 -> Ez ba! Ez da bolaluma bat... ordulari koloretsu bat, oso-oso-oso polita. Mila esker Maite! Eskerrik asko Luis!

21:22 -> Zortziak eta laurdenean jakin dut bederatziak eta hogeita bi zirela.

21:23 -> Eta segundoak aurrera doaz... ez dakit ordulari guztiek erritmo berean kontatzen ote dituzten segundoak...

21:24 -> Ordulari zaharra gelditu zaidan momentuan jaso dut berria eskura...

21:25 -> Kasualitatea?

21:26 -> Ez dakit nork esan zuen... bizitza ez dago kasualitatez betea, kasualitateak dira bizirik daudenak.

21:27 -> Ez dakit nork esan zuen...

21:28 -> Gustatzen zait zenbait gauza ez jakitea...

21: 29 -> Polita izan da arratsaldea; oso polita.


2011-06-21

BIZI GARELA!


Urteko egunik luzeenean ezin blogari kasurik egin gabe egon. Begi-jolas bihurri bat egiteko besterik ez bada ere. Bertigoak bertigo udaberritik uda aldera salto egiteko prest gaudela esateko.

Ekainak (ekiak gaina hartzen duenekoak) horrelakoak dituelako... korrikaldi gehitxo. Gaur ohore eguzkiari, Eguzkiaren Nazioarteko Egunean. Udako solstizioak atseden-itzalean harrapa gaitzala!

2011-06-08

METAMORFOSIA (I)




Beldur naiz... igande iluntzean agurtu nituen lagun berriak ostiral arratsaldean nola topatuko ote ditudan... bi egunez behin beren pisua eta neurria bikoiztu egiten omen dute! Beldur naiz... agurtzeko astirik gabe, ostiral arratsaldean zeta-kapuluan biltzen hasiak ez ote diren egongo...

Egun eta erdiren bueltan maitteko hartu ditut, hasieran nazka aurpegiz begiratu banien ere (arrastaka sumatzen dudan oro bizkarrean zintzilik sentitzen dut), etxeko maskota bihurtu dira orain. Zeta-harrak dira, har izatetik tximeleta izatera igarotzen diren izaki bitxiak. Metamorfosi prozesuan zetazko haria sortzen dutenak.

Pozik atera nien amak etxera ekarri dituen zeta-harrei argazkia... prozesua argazkitan jasotzeko asmoa dut. Goiz batean askatasun bila hegatu zen txoria (bejondeiola! Non ibiliko ote da... hogeita bat urte badaramatza hegan...) eta begiak atera beharrean hil zitzaigun zortzi urteko arrain aittondua... ez dugu etxean sekula beste animaliarik izan. Tximeleta bihurtu bitartean masustondoaren hostoen artean goxo zainduta izango ditugu etxekotu ditugun maskota berriak.

Ai! Kafkak ikusiko bagintu...


2011-06-06

BELDARRA IZAN EDO TXIMELETA IZAN. NON DAGO KOXKA?


HITZA: BELDAR

Beldarra izan daiteke... hasiera...
beldarra izan daiteke... begirada epeltzen hasi berria...
beldarra izan daiteke... oraindik zintzilik dabilen loa...
beldarra izan daiteke... arrasto bat, aurrera egiten ikasten ari dena...
beldarra izan daiteke... egunsentiaren lehen sualdia...

Bere gorputzari tiraka dabilen har jaio berria da beldarra. Tximeleta pinpirin bihurtu aurreko izaki luzanga (luzanga!) ... Iratiren bizkarrean behera... zirrara sortzailea...

Baina, badu zerbait berezia. Zer esaten asmatuko ez nukeen zer berezi hori, bizkarrean behera zirrara sortzen didan zer hori bera, akaso. Badu zerbait berezia erakartzen nauena.





AFORISMOA:
"Izan ala ez izan... zalantza egiten dakienak izaten eta ez izaten daki."

Zalantza egiteak pauso bat atzera eta bi aurrera emanarazten dizkizu. Eta... ez pentsa pauso bat aurrera ematearen parekoa denik hori! Doala pikutara matematika! (ups!) Minus bat gehi bi beti ez baita beti plus bat izaten; bizitza hori baino konplexuagoa da!

Pauso bat atzera eta bi aurrera ematen dituenak bide oso bat trazatzen du nahigabean. Eta bide hori bera da izaten eta ez izaten irakasten dizuna.

Zalantza egitea zure buruaren istorioa antzezten jakitea da. Shakespeare on bati zure ahotsik onena jartzen asmatzea.