2018-10-09

ITAKA_Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa_2018-9-22

Sari banaketa eguneko argazkia_2018-9-9

Aurtengoa XXVII.edizioa izan da. Harro egoteko moduan da Lazkao Txiki. Aurtengo sarituak: Oinatz Aramendi Plazaola, Aner Azurmendi Beain, Ane Arrizabalaga Arrieta, Maddi Aiestaran Iparragirre, Aner Peritz Manterola, Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena, Aitor Albistur Pulido eta Jon Gurrutxaga Urbieta.

Irailaren 9ko irratsaioan Oinatz, Maddi eta Ekaitzekin hitz egiteko eta beraien lanak ezagutzeko aukera izan genuen.   

Ohikoa baino saio motzagoa egin genuen, egun horretarako Lazkao Txikiri Abaliñe jaiotetxean antolatutako omenaldira egin baikenuen salto.  

Zorionak parte hartzaile eta saritu guztiei!




2018-09-28

HOGEITA HIRUGARREN HILABETEA

Eleder Iruñeko Zitadelan_2018-9-27

HOGEITA HIRUGARREN HILABETEA: BALOIAREN HILABETEA

Izter, belaun, oinak luzatu eta... indarrari bultzaka zabiltza aspaldian. Baloia kolpe-lagun hartu eta korrika-korrika espazioen joana deskubritzen. Oinak baloia laztantzen duela sinetsita zabiltza... eta ni irrikaz, oinak baloia mintzen duela konturatzen zaren egunean egingo didazun galdera erantzuteko desiratzen.  


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Hogeita hirugarrena
dator baloi gisan, 
borobilduta zure
ametsen gerizan,
punba hor, punba hemen,
ta punba berriz han,
ikusiz ostikoka
zein pozik zabiltzan,
gol ugari sartuko
dituzu bizitzan.


2018-09-14

ITAKA_Ramon Olasagasti_2018-9-8


Ramon Olasagasti "Sasiolako errotaria" liburuarekin

Irin arteko zurian beltzak doministiku egiten du beldurrak astinaraziz. Eta errotarriak danba! Itzulia ematen dio misterioaren barne urduritasunari. Aurpegi zuri irineztatuak itzal iheskorren ispilu bihurtzen dira oharkabean, eta baso arteko putzua baliatzen dute ur fresko saltariaz begietako maskara kentzeko. 

Eta zast! Esku bat bizkarrean. Sokari tira eta tira egin nahi dion korapilo gaiztoaren garrasia. 

Eta zast! Zergatik ez duzu bakean uzten errotarriaren erritmo isila? Zergatik ez diozu ogiaren goxotasuna ontzen uzten?

Eta zast! Denborak harrapatzen bazaitu! Denborak harrapatzen bazaitu jakingo duzu zer den joan gabe etortzea, irinak irentsitako mamu horrek. 


Irailaren 8an bisitan etorri zitzaigun irratira Ramon Olasagasti.  "Sasiolako errotaria" liburu saritua (Lizardi Saria) aurkeztera. Mendia poltsikoan ekartzeko esan genion eta... irratsaioan duzue entzungai oparitu ziguna. Eskerrik asko eskainitako tarte ederrarengatik, Ramon! 

Xabier Sagasta marrazkilariak ere parte hartu zuen irratsaioan, Sasiolako errotariari eginiko marrazki ederrak hizpide hartuta. Mila esker, Xabier!




2018-09-10

ITAKA_Koldo Zubeldia_2018-6-16

Goierriko Hitzaren argazkia

Hiruzpalau hilabete pasa ondoren berriro bisitan etortzen zaigu Koldo Zubeldia irratira. Ederra izaten da berarekin solasean aritzea, bere ahots lehor hautsiaz irakurtzen dizkigu bere izen-sinadura daramaten poemak. Konturatzerako hogeita zazpi saio egin ditugu elkarrekin. Azkena ekainaren 16an. Ea hurrengoa urriaren bukaeran egiten dugun. Segi sortzen, Koldo!

2018-09-07

Emozioa gozamen

Eleder eta Irati Iruñeko Takoneran_2018-9-6

- Ama! Ama!
- Zer maitte?
- Ama! Ama!
- Nun bihotza?
- Ama! Ama!
- Nolakoa txiki?
- Ama! Ama!
- Ikusten det!
- Zer, ama?
- Ez dakit! Ze ikusi behar det?
- Ama! Ama! Han!
- A bai! Ze politteeeeeee(eta une horretantxe klik! argazki makinak nahigabe)eeeeeeee!

Eta han... han ez zegoen ezer berezirik, han zehazki ez zegoen bidean lehen ikusitako galtzerdidun oilarrik, indioilar harrorik, ahate eder eta itsusirik, antzar karranakaririk... Han zegoen belarra eta belarra eta belarra. Nahikoa, ordea, emozionatu eta barne-begiak dantzan jartzeko. Belarra eta belarra eta belarra. Nahikoa, ordea, elkarrekin emozio hori gozamen iturri bihurtzeko. Han zegoen mundua Elederren begietara. 


2018-09-05

ITAKA_Karlos Linazasoro_2018-9-1


Karlos Linazasoro

Eta punbala! Ustekabean baloiak kristala hausten duen bezala, hautsi ditzake gauak goizeko ordu txikiak eta beldurrak histeria eta kaosak nora eza. 

Imajinatu piztia izaugarri bat, izugarri handia bai, baina batez ere, izugarri izugarria, beldurgarria, iluntasuna irentsi eta beltza zulo bihurtzen duen horietakoa. Imajinatu bere ahotzarra su, su-kea pozoi eta arnasa itolarri bihurtua. Imajinatu begien bestaldean eternitate suntsitu bat. Eta atera argazkia horri.  

Ezinezko egoera horretan errealitatea kabitzen dela konturatuko zara eta irribarreren bat ikusiko duzu argazkian ezpainarteak urkatua. 

Eta punbala! Kolore guztiak zuri-beltz bihurtzen dira gauak goizeko ordu txikiak hausten dituenean. 


Irailaren 1ean bisita egin zigun Karlos Linazasorok irratira. Erein argitaletxeak argitaraturiko "6012" bere lana besapean hartuta etorri zen. Ikasturteari hasiera bikaina eman genion kantuak eta batez ere kontuak bide-lagun hartuta. Eskerrik asko, Karlos! 


2018-08-28

HOGEITA BIGARREN HILABETEA


Irati Elederri ipuina kontatzen gauaren iluntasunean

HOGEITA BIGARREN HILABETEA: GAUEKO IPUINAREN (amaren sabelean zegoenetik entzun ditu Elederrek ipuinak, baina orain hasi da lo hartu aurreko momentu eder horretan kontatzeko eta kontatzeko eskatzen) HILABETEA

Bazen behin mutiko txiki-txiki eder bat amaren buru-bihotz-ahoetatik ipuinei tiraka aritzen zena. Bazuetan ipuinean barrura sartzeko salto egiten laguntzen zion amatxok, beste batzuetan ipuinak berak egiten zion salto izara artera. Olatuekin, sorginekin, erraldoiekin, mendiekin, pozarekin, haserrearekin, harriekin, izarrekin... jolasean ibiltzen zen eta askotan, amak berak baino lehenago lo hartzen zuenetan, munduak ipuin izateari utzi eta ipuinak mundu bihurtzen ziren. Eta hala bazan eta ez bazaaaaaaaaaaaaaaaaan sar dadila kalabazan eta atera dadila Elederren ezpainarteko plazan!


Zorionak, pottolo! Bertso bikaina oparitu dizu osaba Ekaitzek: 


Hogeita bigarrena
kontuz datorkizu,
gauaren eskaintzari 
eskean beti zu,
dantzari porrokatu,
ipuinzale itsu,
amak Elederrena
kontatzen badizu, 
bi begiak belarri 
bihurtzen zaizkizu.


2018-08-27

ITAKA_Izaro Lasa_2018-7-28

Izaro Lasa Segura Irratian_2018-7-28



Hiru liburu (La vida nos llama, Puro amor eta El sentir del equilibrio) argitaratu berri ditu Izaro Lasak. Uztailaren hasieran egin zuen liburuen aurkezpena Zumarragako Zelai Ariztin eta bertan izan zen Ekaitz. Irratira joateko gonbita luzatu eta uztailaren 28an mahaiaren bueltan solasean aritu ziren biak bizitzaz eta heriotzaz ertz-erpinetan eta mamian sakonduz. Eskerrik asko, Izaro!

Ekaitz eta Izaro Segura Irratian_2018-7-28 





2018-08-23

ITAKA_Pello Biain_2018-7-14




Kafe tertulia filosofikoak Pello Biainen eskutik. Inguratu, harrapatu, amua luzatu eta irratirako gonbita egin. Eta aurretik eta ondoren pentsatu, pentsatu, pentsatu eta hausnartu, hizketagaiak sortu eta emozioak kateatu, badakizue... zalantzak-beldurrak- aurreiritziak... 

Nik ez dut tertulietan parte hartzeko aukerarik izan eta  uztailaren 14an irratian berarekin egoteko aukerarik ere ez nuen izan. Baina, Ekaitzen eta aitaren bidez etxean jaso ditut tertulietako eta irratsaioko kontuak eta izan ditugu hizpide gai sakon askoak.  


Ekaitzek zenbait komunikabidetara bidalitako eskutitza doakizue jarraian


Aspaldian nuen Pello Biainen eskutik azken bi urteotan ekainean eta uztailean Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean antolatu diren kafe tertulietan parte hartzeko nahia eta irrika. Bestelako zeregin eta jarduerak direla-eta, ekainean ezin, eta uztaileko azken bi saioetan izan dut aitaren konpainian lagunarte ezin aberasgarriagora bertaratzeko egokiera. Taldekide guztien artean hala adostuta, aurrez identitatea eta izatea bezalako gaiak jorratu bazituzten, uztailaren 11n eta 18an konpromisoa eta heriotza (norberarena nahiz ingurukoena onar ote litekeen) izan genituen hizpide. Hizpide, bai, kafe tertuliotan hitzak bide baitira, norbere baitarakoak, ingurukoenganakoak, pentsamendurakoak, hausnarketarakoak, kritika eta autokritikarakoak. Eta Pello Bi(k)ain arduratzen da pentsatzen dugunaren inguruko kontzientzia hartzearen garrantziaz ohartarazteaz, esan nahi eta esaten duguna bat eta bera izateaz. Saiotik saiora berritzen diren adin ezberdineko hamasei bat buru eta beste horrenbeste aburu, aurtengoak amaituta, Pelloren ekimena eta ausardia zinez eskertu eta etorkizun hurbilean berriro elkartzeko gogoz elkar agurtu genuenak. Dena orain eta hemen beharreko irudiaren, informazio jasaren eta estresaren gizarte honetan, eskertzekoa eta txalotzekoa baita ikasturtearen hondarrean, pentsamenduaren eta hitzaren bidez, azken bi urteotan Zumarragan geratzeko eta garatzeko egin zaigun proposamen ausarta.
Bukatu aurretik, lerrook probestu nahi nituzke, Zumarragan egin bezala, Goierriko gainerako herri eta udalak buru-bihotzen ongizaterako gune eta une askeak sortzera animatzeko.
Eta bukatzeko, eskerrik asko, Pello. Bi(k)ain, Pello.

2018-08-01

NIK HARRITTUTA BIZI NAHI DET

Irati Haitzulon_2018-7-22

- Ama, ama... nola esaten zon osabak?
- Harriak ez du begirik...
- ... begiak harritzen dira... Baino...
- Bai, txiki, osabak esaten don guztie...
- Amatxo... osabak esaten don guztie ez da egie?
- Ez eta bai.
- Ordun harrik badauzkie begik? 
- Ikusten dezu...
- Nik bai... eta harrik? Ze ikusten due harrik, ama?
- Galdetuko dieu?
- Nik ez dakit harrikin hitz eitten... 
- Baino eak bai zurekin.
- ...
- ...
- Ama! Ama!
- Zer?
- Harrittuta darela! 
- Harrittuta zein?
- Harrik esan die harrittuta darela gure begikin. 
- Itxi begik ordun!
- Itxi zertako, ama?
- Harritzearen xarma ulertzeko...
- Ama...
- Ze...
- Nik harrittuta bizi nahi det...


Eta kontu-kontari egin genuen Orkatzategirainoko (869 m) bidea. Gertu Araotz, han Urkulu eta hemen gu. Eleder hasi da mendi gainak bertsoz janzten. Osabaren laguntzarekin bertso ederra ondu zuen; tontorreko postontzian dago irakurgai: 

Joxe, Irati, Eleder bertsoa uzten, Ekaitz eta Luis (argazkia ateratzen) Orkatzategin_2018-7-22

Araoztik barrena
ordu eta erdi,
begiak harri eta
harriak begi,
beso zabalik egin
diguzu abegi,
Kurtzeberri ta Andarto
aurpegiz aurpegi,
zelaiak orlegi
zaizkigu ageri,
muino ta urtegi,
mitoak alegi,
ikusgarria zara
Orkatzategi.


Luis, Joxe, Ekaitz, Eleder eta Irati,  Orkatzategin_2018-7-22








2018-07-30

ITAKA_Patxi Ezkiaga_2018-7-7

Pena... halako mendi irteerarik zurekin partekatu ez izana...

Irungo  Salletarren egoitzan lagun asko elkartu ginen uztailaren 2an Patxi Ezkiagaren jira bueltan goxo-goxo elkarri babes emateko.  Ezin aukera galdu zenbait ezagunekin hitz egin eta Patxiz (Patxirekin finean) irratsaio eder bat egiteko. Uztailaren 7an egin genuen. Ederra izan zen oso. Hitza eta irribarreak izan ziren protagonistak. Zer ederragorik! Felipe Juaristi, Jose Manuel Agirrezabalaga, Amaia Ezkiaga, Zelai Amenabarro, Ibon Gaztañazpi, Ekaitz Goikoetxea mila-mila esker; Patxi eta biok oso eskertuta gauzkazue. 


2018-07-28

HOGEITA BATGARREN HILABETEA

Eleder Iruñeko Askatasunaren Plazan_2018-7-25

HOGEITA BATGARREN HILABETEA: OINEN ETA GURPILEN HILABETEA

Ia gurpilak oinpean hartuta. Pausoa eman, pausoa irristatu. Ekilibristaren oreka arrastoak haizeari marraztuz gabiltza, oinak non eskuak hara eramanez. Irribarrea ere oinez dabil, barre algara motorrean eta bizikletan. Banoa, banoa, banoa... nora? Banoa, banoa, banoa... eta amak... nora? Orain ez dakit neure eskuarekin zer egin. Eta ederra da hori. 


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Hogeita batgarrena
argazki kamera,
oinez lehen argazkia
dizugu atera,
motor ta txirrinduan
ere bai gainera,
zabiltza Eroskiko
eskaintzen antzera,
ikasi baitituzu
hirurak batera.




2018-06-29

Bihotzez, Patxi

Ekaitz, Joan Mari, Patxi, Eleder eta Irati_2017-3-19 Legorretan

Patxi, maitea: 

Ikusten al duzu argazkia? Irribarre horrek urrea balio du. Bati baino gehiagori esan diot gaur goizean oparia izan dela zu ezagutzea. Orduak eta orduak pasako nituzke 2009tik (lehenagotik akaso) idatzi izan dizkidazun mezu eta poema guztiak irakurtzen. Irati, maitea........... Bihotzez, Patxi. Eta tartean muxuak eta besarkadak, eta tartean aitorpenak gizatasunez.  Zenbat aste ditu urteak? Ba... biderkatu bider bost gutxi gorabehera... zenbat da, Patxi? Eta biderkatu hori sentimendu eta emozioz... hori guztia da eman didazuna, eman diguzuna. Bihotzak salto egin izan dit denbora luzez astero-astero-astero-astero zure izenean, "Poematxoa" izenburupean, mezu elektronikoa jaso eta zabaltzerakoan. Itakako entzuleentzat oparia. Ez dut gogoan nik zuri edo zuk niri egin zenidan astero-astero irratiko lehen tarterako olerkia bidaltzeko proposamena. Zure hitzei oihartzun egiten jarraituko dugu, behar hainbat alditan errepikatuko ditugu zure olerki ederrak, gure artean presente egoten jarrai dezazun. "Lore baten izena eskatzen zaidanean, “lilia” ateratzen zait barrutik, udan, Petretxemarako bidean, mazelak betetzen dituen kolore urdin morea gogoan...". Hitzak desagertu arte errepikatu eta errepikatu egingo nuke zure olerkia... Zenbatetan amestu dudan... gau bat, gau bat mesedez, Patxirekin Belaguan... hemendik aurrera ere zurekin amets egiten jarraituko dut. 

Zorrotza eta gozoa, xorrotxa eta goxoa. Izugarri ikasi dut zuregandik, Patxi. Eta eskerrik asko. Ez ditut ahazteko behin Andraizeaz esan zenizkidanak: "beste zenbait gauzen artean bertako kosmobisio "hondradua" atsegin dut nik, bizikizunen isla. Badakizu, Irati, barrutik leitzen ohituta nagoela...". Ez dut ahazteko orduko hartan bidali zenidan poematxoa "opari pertsonal gisa. Barruan aspaldian lotuta egon diren gauza askotxo askatu nahi izan ditut, modu apalean." Ez dut ahazteko orain hilabete batzuk idatzi zenidana: "ni ere askotan oroitzen naiz zurekin. zaindu Eleder, bihotzez, patxi". 

Zu tarteko lagun asko eta oso onak ditut; Maialen, Joan Mari, Manuel, Felix, Amaia... Zu izango zara gure oroitzapen iturri eder eta emankorra. 

Itakak ahotsa jarriko dizu eta Iratik bihotza. 

Plazera izan da. Eskerrik asko. Bihotzez, Irati. 





2018-06-28

HOGEIGARREN HILABETEA

Eleder oin-hutsik eskuak beteta_2018-6-28

HOGEIGARRENA HILABETEA: OINETAKOEN HILABETEA


Oin-hutsik bide arrastoak bete dituzu denbora luzez. Oin-hutsik pausoak bete dituzu. Oin-hutsik harriak harritu dituzu eta dagoeneko oinutsik ez zebiltzan ume ttikiak ere bai. Oin-hutsik zure beharrak ase dituzu, eta zure nahiak.  Azken egunotan oinetakoak jantzi dituzu denok egiten duguna egiteko… Eta denok erantziko bagenitu zuk egiten duzuna egiteko? Oin-hutsik zorion betea nabari zaizu…


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Hogeigarrenak ere
zenbat zirrikitu,
zapatilena dela
zaigu iruditu,
parkean gara ttipi
ta ttapa aritu,
lasai maitea nahiz ta
zutik ez gelditu,
zortziko txiki batek 
lau oin behar ditu.


2018-06-10

HEMERETZIGARREN HILABETEA

Eleder pozik


Eleder haserre

HEMERETZIGARREN HILABETEA: ANTZERKIAREN HILABETEA

Sudurra uzkurtzean zimur arrastoetan algarak itsatsi eta haserre imintziok zorion zantzu bihurtzen dira. Masaila keinu jolastien antzezpenak opariak egiten dizkigu uneoro eta zortekoak gu, zure gidoien irakurleok. Eskerrik asko, txiki, lehenengo lerroan aulkitxo bat erreserbatzeko aukera emateagatik.  


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu zizun maiatzaren 28an (atzeratu egin gara oraingoan!).

Hemeretzigarrena 
keinuen berrespen,
nola jakin azala
mozorro bat ez den?
Begirada akuilu, 
begirada ezten,
begia klixkatu ta
ezpainak tolesten,
segi, maitia, segi
bizitza antzezten.