2012-09-26

AL (EL) BORDE DE CADA DÍA


Al borde de cada día kafe katiluetatik eguzkiak zurrut egiten du.
Al borde de cada día txoriak zuhaitz adarretan izarak zintzilik uzten ditu.
Al borde de cada día lagun bat hurbiltzen da egun onak muxukatzera.
Al borde de cada día amildegia beldurtuta ikusten dut.
Al borde de cada día irribarreak  herriko azokan oparitzen dira.
Al borde de cada día poemek lo hartzen dute zulatutako poltsikoetan.
Al borde de cada día hirurogeita hamar urte atzera bidaiatzeko aukera izaten da.
Al borde de cada día Doraz oroitzen naiz.
Al borde de cada día mahai gaineko paper guztiak matxinatu egiten zaizkit.
Al borde de cada día laurogei minutuko tartea da.
Al borde de cada día usaimena begiradan korapilatzen zait.


Ekaitz eta Irati Castel Ruizen, Tuteran. Koldo Plaren Al borde de cada día poema liburuaren aurkezpenean.


Angel, Sagrario, Silvia, Inma, Irati, Sonia, Ekaitz, Fernando, Maite eta Koldo


Ostiralean Tuteran izan ginen Koldo Pla lagun handiaren "Al borde de cada día" poema liburu zoragarria aurkezten. Lagun talde polita elkartu ginen. Al borde de cada día horrelakoak gertatzen dira, lagun ginenok lagunago egiten gaituela poesiak. 

El borde de cada día-rena zer den? Luperen txisteetako bat. Poesiak txisteetarako tartea ere izaten du...



2012-09-25

...

Igande goizean, behia Lazkaomendiko larreetan





Nork jarri dizkio adarrak behi gajoari? Nor izan zaio desleial?



2012-09-24

Zozoa eta belea kimera bila


HITZA: KIMERA 

Ilargia ukitu nahi eta ilargirik ukitzen ez denean, norantz egin behar da salto? Izarretarantz?
 

Izarrak poltsikoan sartu nahi eta kabitzen ez direnean, non egin behar da zuloa? Bihotzean?

Bihotza poema bihurtu nahi eta hitzak mututzen direnean, nondik hasi irudimen bila? Itsasotik?

Itasoa edan nahi eta beldurrak itotzen gaituenean, nola ase egarria? Basamortuarekin?

 Basamortuari ametsak itsatsi nahi eta ametsik ez dagoenean, zer egin kimerarekin? Ukitu? Gorde? Idatzi? Edan?

Kimera amets eta ilusio lorgaitza (ez lortezina) da. Eta liskarra ere bai. Baina, nor geldituko da liskar batean kateatua ilargia ukitu dezakeela sinesten hasten denean?





AFORISMOA: "Zozoak beleari ipurbeltz. Eta belea isilik gelditzen da?"

Zer erantzuten ote dio? Akaso esango dio... jarri hadi ispiluaren aurrean. Edo oihukatuko dio.... hirea ere ez zagok ba oso garbia! Akaso egingo dio laztan edo emango dio ipurdian bertan zapla! eta xuxurlatuko dio hirea gustukoa diat nik.

Zer esaten ote dio ipurdi beltz batek ipurdi beltz bati?





HAIKUA

Galtzen ditugun
momentu guztiak non
pilatzen dira?





2012-09-20

ASKO NAZKARIK EMAN GABE


Matematika klasean. DBH 4.mailako ikasle berriekin hausnarrean (pentsatzen, hausnartzen, gogoetan) eta hausnarrean (behiarena egiten, hau da, gogoeta "bergogoetatzen", gogoetari bueltak ematen eta mastekatzen, hausnarketak irensteko hausnarrean aritu behar baita, nonbait!):
 


- Bi infinitu berdinak dira beti?

- ... (zoragarria izaten da ikasleen aurpegi harrituak ikustea... ez dago harridura sortzea baino ederragorik... bizitzan denbora gehiago pasa beharko genuke harridura guneak eta uneak sortzen).

- Ea infinitu bat beste infinitu bat baino handiagoa izan daitekeen...

- EZ! (ziurtasunez! 15 urteko gazteak dena egin behar du ziurtasunez)

- Ez? 

- EZ! Asko beti da asko. 

- Baina, asko guztiak berdinak dira?

- BAI!

- Bai?

- Edo ez! (indarra hasi da apaltzen... lortu dut (eta ez da erraza!) zalantza sortzea! (Eutsi horri, Irati!) Zalantzarik sortu ezean, ez dago hausnarketarik, eta hausnarketarik ezean, akabo jakin-minaren xarma)

- Ez?

- Ez dut ulertzen! (tarteka burua makurtzen ere jakin behar da)

- Asko bat izan daiteke askoago? Bat bestea baino infinitu askoagoa izan daiteke?

- Mugarik ez duen zerbait mugatu dezakegu, Irati?

- (Ño! Horri ere erantzun egin behar!) Badirudi ezetz, ezta? Baina, mugarik gabeko espazio guztiak neurri berekoak dira? 

- Baina,  infinituak ezin du neurririk izan...

- Hori ere egia da! (positiboa koadernora) Edo egia izan daitekeela dirudi...

- Orduan? 

- Dirudik, hau da, iruditzeak beti izaten dituela tranpak ezkutuan. 

- Orduan, zer idatziko dugu koadernoan?

- Ipuinari zuk eman beharko diozu amaiera. Idatzi lasai zure ondorioa. Idazten duzuna idazten duzula ongi egongo da. 



Ba hoixe, nazkarik ematen ez duen askoaz aritu garela hizketan, ia ezustean, gehienetan bezalaxe, halako gaiak bat-batean sortzen baitira ikasgelan. Eta zer litzateke klase ordu bat bat-batean sortutako une eder horiengatik ez balitz? Ikasi, ikasi, ikasi... halako momentuetan ikasten da gehien.



2012-09-19

ITAKA (Koldo Zubeldia_2012-9-8)



Koldo Zubeldia poeta zaldibiarra

 

Ez da erraza bat-batean elkarrizketa bati hozka egitea... ez da erraza Iratik tira egin eta korapiloa egiten asmatzea. Egin jolas zeuen buruekin eta saiatu zeuen buruak elkarrizketatuaren paperean jartzen. To, galdera sorta...

- Egia da? Malko haiei esker orain itsasoa gara?

- Ez itotzeko igerian jakin behar?

- Ito al zara sekula?

- Zure herrian norik irakasten du igeri egiten?

- Zer esaten zenien amuarrainei errekan ikusten zenituenean?

- Garai batean Tarzan zinela uste zenuen... gaur egun zer zarela uste duzu?

Eta hartu arnas... galdera sorta itsasoa bada, segi igerian aurrera edo atzera, itsasoa nora ezean ibiltzera ausartzen garenontzat margotua baita. 

Koldo Zubeldiak asmatu zuen irailaren zortzian igeri egiten. Seigarrena sei liburua aurkeztera etorri zen. Eta gustura heldu genion berak eskura jarritako flotagailuari.


2012-09-18

...

Bi ardo botila mahai gainean. Panticosan.2012-9-16, Infernuetatik bueltan. Mahainguruan: Josu, Joxe, Amadeo, Luis, Joxe eta Irati


... mendiak mozkortu egiten nau. Mendiak mozkortu egiten ditu?

Nekeak xextrarako gogorik ez duenean...


HITZA: XEXTRA

Bi oilar. Zu eta Ni. Bi begirada gurutzatu. Zurea eta Nirea. Bi belarri mutu. Zuretzako eta Niretzako. Bi ezpainarte gor. Zurekin eta Nirekin. Eta tarte horretan...

... istilua, eztabaida, ezereza eta dena, zerbait hegan joan eta etortzeko biderik gabe. Eta tarte horretan...

... xextra.



  

AFORISMOA: Nekea begizuloetan atseden hartzen.


Badira zulo izan gabe itzal bihurtzen diren arrastoak. Badira arrasto izateari utzi gabe laino trumoitsu bihurtzen diren ekaitzak. Badira ekaitz lehertu gabeak denborak garrasi bihurtzen dituenak. Badira garrasi izateko asmorik gabe eztarri urratu bihurtzen diren oihuak. Badira oihuak isiltasunak mozorro bihurtzen dituenak. Badira mozorroak euren burua janzteko nekeari tira egiten diotenak.

Batzuetan etzan egin behar da. Nekeak bertikalean etzaten gaitu eta erori egiten zaizkigu, begiak, edo atseden orduak, edo zain odolez beteak. Erori egiten zaigu pisua. Eta zer? Nekeak ere ikas dezala batzuetan atseden hartu behar dela.




                                                                                   

HAIKUA

Hiru ur ttantta
putzu sakon batean
laguntza eske


2012-09-11

...




Iratiren oina Iratiren oinetako puskatuen artean

... ibili... nora iristeko? Ausartenek egiten dute oinutsik aurrera.

Garestiak zirela, baina... ongi ordaindu dute euren burua. Eta hain izan da merkea oparitu didaten gozamena...

TRONPA ZAURITUAK


HITZA: TRONPATU

Ez, ez da elefanteek asmatutako aditza; elefanteak hizkuntzalari lanetan jarriko bagenitu guk geure burua tronpatuko genuke. Guk geure burua nahasi eta engainatuko genukeela, alegia. Tronpatzeko moduko aditza da tronpatu, engainatu egiten duelako, elefante bat irudikatu eta ispiluak norbere burua erakusten duelako. Nahastu egiten gaituelako, konfunditu, eta aldi berean engainatu. 

Engainua baita, elefantea uste izan eta inurri izan beharra. Engainua eta nahasteko modukoa.

Ba horixe! Nahaste borraste galanta dela tronpatzearen kontu hau.Elefante baten tronpa luze korapilatua dirudi. Baina, ez, tronpatu ez da elefanteek asmatutako aditza.



 AFORISMOA: Ixten ez diren zaurietan zabalik gelditzen dena zer da, leihoa edo atea?

... eta ixten ez diren zaurietan zer egin daiteke, sartu edo atera? 

Imajinatu zuen buruak zauri batean barrura eta barrura egiten. Pausoa hegan, ezerez mikroskopiko baten esklabu bihurtuta, mina lekuko bakar.

Edo imajinatu zuen buruak zauri batean kanpora eta kanpora egiten. Pausoa astun, minari tarrakataka. 

Zer dago sartzearen eta ateratzearen mugan? Leiho baten mina? Edo ate baten dolorea?


 HAIKUA

Lan bila dabil
bilatze lana bera
lan bihurtuta



2012-09-04

2012-09-03

ALBERTO ETA JUAKIN




(purito eta contador)

Covadongako lakuetara bidean Contadorrek tira Puritok eutsi, Contadorrek tira Puritok eutsi, Contadorrek tira Puritok eutsi... eta Irati begira telebistaren bestaldetik, bi txirrindulariei ikuskizuna eskertuz. Jakin mina sortu dit egoerak: zer esaten ote diote elkarri (zerbait esaten ote diote elkarri?) Contadorrek behin eta berriro metro batzutako abantaila hartu eta Puritok behin eta berriro parera iristea lortzen duenean?

Jakin mina irudimena da eta irudimena jolasa. Bi txontxongilo hartu ditut esku banatan, Alberto eta Juakin, eta elkarri begira hizketan jarri ditut. Telebistaren bestaldea urrutitxo dago eta telebistaren alde honetara ekarri ditut bi kirolariak.


CONTADOR: ez al duk etsi behar?

PURITO: etsi etsaiaren aurrean? Hik zer egingo huke?

Ni hi banintz?

Bai, imajina ezak mailot gorria duala jantzita eta nik tira egiten dudala eta hi...

Baduk tira egiteko indarrik?

Proba egin beharko nuke...

Proba egingo diagu?

Mailot gorria utzi behar diat horretarako?

Ni hi eta hi ni izan behar bagaituk...

Eta gero itzuliko didak?

Mailotak itzuli egiten dituk?

Mailotak lapurtu egiten dituk...

Ni ez nauk lapurra...

Nik ere ez nikek lapurra izan nahi...

Ez duk etsi behar, orduan?

Etsi? Nahiago diat eutsi...

Eta imajinazioarena...

Imajinazioak tira egiten dik eta errealitateak eutsi.

Baina, saiatzen jarraitu behar diat? Hik zer egingo huke?

Ni gozatzen ari nauk.

Bai, ni ere bai. 

Bostekoa emango didak?

Mailota emango didak?

Bostekoa lapurtuko diat?

Mailota lapurtuko diat?

OTSOAK ENKANTEAN


HITZA: ENKANTE 

Oihu egitearen enkantua. Edo isilik egotearena. Isilik egoten jakin eta oihu egiten asmatzen ez denean, sentitzen den zera hori. Izan daiteke zulo, sare, amildegi edota katea. Izan daiteke gaizki emandako pauso baten erori beharra, edo ibiltzen ikasi behar duela jakin duen umearen presioa. 

Arrain heriotzak umeldu berriaren usainpean dena izan daiteke oihu eta dena izan daiteke isiltasun. Euro ziztrin batzuen olatu aldiak kresalari jartzen dio prezioa. Itsasoa ez dago salgai oihukatu zuen hark ere ez omen zekien igerian. 

Akaso geure buruak itotzen ikasten dugun egunean, asmatuko dugu benetan arnasa nola hartu behar dugun.



AFORISMOA: "Zazpi antxumeak, hiru txerritxoak eta amona jan nahi izan zituen otsoa bera da?"

Sar zaitezte ordulari baten barnean eta begiratu. Begiratu ipuinek nola mozorrotzen dituzten denboraren masaila gorriak. Sar zaitezte ordulari baten barnean eta begiratu. Begiratu lastozko etxeak zergatik bukatu zuen errotariaren irin artean, ahotsa fintzeko arrautza puskatuekin jolasean ibili ondoren. Sar zaitezte ordulari baten barnean eta begiratu. Begiratu. Begiratu ezean ez baitago sinesterik amona batek hain belarri handiak izan ditzakeenik. 

Ipuinak ulertzeko entzuten baino begiratzen jakin behar da.



HAIKUA

Lanera buelta
bizkarrean bi begi 
itsu jarrita
 
 


2012-08-31

DESAGERTUAK


Orain bi egun lagun batek zipirri-zaparra (zipirri-zaparra esaten diot espazio txikian hitz asko sartzeko moduari, hitz asko dira hogei hitz segundoko gutxi gorabehera. Adibidez, zipirri-zaparra esaten da aspaldian esan nahi eta esan ezinda (auskalo ze arrazoirengatik) zabiltzan paragrafo luze, korapiloz bete hori, segundoko hogei hitz esan (bota) ezeaan, sekula esango (botako) ez duzuna) bota zidana:

Nun haile, neska! Bila ta bila nailen, baino, ez haut topatzen! Googlek e bilatzeko balio zola, baino, zeinek ziurtau ezer aurkittuko deunik! Bilatzailen Irati Goikoetxea sartu ta blog demonio hau azaltzen zaiyan ta hemen ez haut ikusten! 2 +2 = 5 ? Lautio bosteako salton galdu al haiz?

Hori dena bi segundo eta erdian bota zidan. Zapla! Eta esan  nion ba hemen nago, lautik baino bostetik gertuago. Eta esan zidan bazunan garaia. Eta erantzun nion: bai.

Horixe, borondatez desagertu eta borondatez azaltzen direnen abantaila: borondatea. Borondatez desagertzen direnek eta ez direnek uzten duten arrastoa ezberdina izaten da. Oso ezberdina. Zuloa ere bai. Borondatez desagertzen ez direnek (borondatez desagertzen deirenak desagertu egiten dira?) uzten dituzten zuloetan Manaren kantu eder bezain esanguratsu bezain gogor hau sartzen da, adibidez:



Esaldiok errepikatze hutsak bakoitza bere bidean jarriko balu... merezi du hitza entzun eta hausnartzea Desagertuen Nazioarteko Egunaren biharamunean, ahaztu gabe desagertuak egunerokotasunak bihurtzen dituela desagertu.

Ba hoixe! Azaldu naizela! Beste guztiak ere banan-banan azalduko balira mundua lasaiago, zoriontsuago eta beteago egongo litzateke.


2012-07-06

ITAKA (Leire Alonso_2012-6-9)


Ate bat zabaltzea ez da hain erraza, atearen bestaldean zer dagoen dakienak ateari bultza egiten dio. Atea zabaltzea beste kontu bat da; ez da bultza egitea bezain erraza. Atea zabaldu, pixkanaka zabaltzen da. Pixkanaka... begirada bat, esku bat, haize bultzadatxo bat, hitz bat soka muturrerako... Atearen bestaldean zer dagoen ez dakienak pausoak bi norabidetan ematen ditu. Horregatik sortzen dira bihurguneak. Horregatik da bizitza zorabio konstante bat, matxinsalto baten jauzi ikusezinaren jarraipena.

Bizitza zozketa infinitu bat da eta iheserako bidea topatzen ez duten zenbaki guztiak atepeko zuloan kateatzen ditugu. Bizitza atepeko zirrizkuetan hasi eta bukatzen da argi-ilunen bizitoki berean.

Ate bat zabaltzea ez da hain erraza, baina zorionez asmatzen dugu ateak zabaltzen, asmatzen dugu atepean kateatutako zenaki guztietatik behar dugun hura aukeratzen. Eta aukeratzen ditugu begirada eta eskuak eta haize bultzadatxoak eta hitzak soka muturrerako... Eta aukeratzen ditugu ateak zabaltzeko uneak eta batez ere guneak. Eta gune horietako bat izan daiteke, adibidez, institutu bateko pasabidea. Institutu bateko pasabidea bera, ate handi bat da. Eta lehendik zabalik egoten den  arren, horretan ere asmatu egin behar da. Institutu bateko pasabideetako atea zabaltzen.



 


Leire Alonso -> Marcilla eta Asturiaseko urek Burlatan egin dezakete topo.  Eta Burlatan elkartzen diren urek maite dute poesia eta prosa, maite dute musika, maite dute matematika, eta Burlatan elkartzen diren urek, bereziki eta batez ere maite dute bizitza; hori begietan nabari da. Eta begi horiek dira Leirerenak, ekainaren 9an hitz egitera etorri zen, eta batez ere ongi pasatzera. Poesiaz, prosaz, literaturaz, hezkuntzaz, matematikaz, musikaz... hitz egitera etorri zen, asko du kontatzeko 1994an jaio zen neskatoak.
 
Bizitzaren indeterminazioez eta bizitzaren limiteez aritu ginen... Zertaz? Ba, horretaz, begiradez, eskuez, haize bultzadatxoez eta hitzez... soka muturrerako hitzez...Barre eta negar egin genuen, eta batez ere ongi pasa genuen. Larunbat goizak, horretarako direlako, lagun on bati besotik heldu eta ongi pasatzeko.


2012-06-27

ITAKA (Patxi Ezkiaga_2012-6-23)



Batzuetan bizitza horrelakoa da. Eta kitto. Batzuetan bideak galtzen ditugu eta batzuetan bidean galtzen ditugu geure buruak eta geure poemak. Eta bideak bihurtzen dira poema eta bideak bihurtzen dira buru. Eta ahaztu egiten dugu, poemak horretarako dira, bidean aurrera egin behar dugula ahazteko.

Batzuetan bizitza horrelakoa da. Eta kitto. Batzuetan ostiralak poema gosez esnatzen zaizkigu eta batzuetan poemak lotarako aitzakia baino ez direla konturatzen gara. Gero iristen dira larunbat goizak eta begizuloak. Gero iristen dira poema hautsez goxatutako arroz esneak. Eta beti eta dena gero iristen denean, orduan gogoratzen gara esnetara erori ez zitzaizkigun arroz aleez. 

Batzuetan bizitza horrelako da. Eta kitto. Batzuetan isiltasunetik oso urruti bizi gara. baina, ez dugu ezer entzuten. Eta poema bat horrelakoa da. Trapezio itxurako isiltasunaren parekoa. Bi oinarri paraleloren ebaketa konstantea. Eta batzuetan poema bat horrelakoa da; bizitza halakoa denean, batez ere. Poema baten isiltasun urrutikoa.



 


Patxi Ezkiaga Lasa -> Legorretatik Donostiara luzatutako zubiak Ingalaterrara, Arantzazura, Belaguara, eta poesiak ateak zbaltzen dituen txokoetara iristen dira. Legorretatik Donostiara luzatutako zubiak urak daramatza eta urak dakartza poema xaltoz beteetan. Legorretatik Donostiara luzatutako zubiak pausoak sentipen eta sentipenak pauso bihurtzen ditu. Eta eskua lotzen dizu eta begirada eta bihotza... eta ederra da, lotu ahala askatu egiten zaituelako Legorretatik Donostiara luzatzen den zubiak. Patxi Ezkiagarenak. 

Zirrara baten soinuak Patxi du izena. Begirada baten indarrak Ezkiaga du izena. Samurtasunak Lasa du izena. 

Aho-soinua Gredosen, aho-soinua Ingalaterran, aho-soinua Erriberan... aho-soinua izotz ondoan eguzki forman. Solasaldi zirraragarria izan zen larunbatekoa, begiradaz betea, samurtasunak hozkatua. Mila esker, Patxi!

Egin koxk, eta gozatu!