2016-01-25

ITAKA_Maddi Noguera_2016-1-2

Maddi Noguera

Formato txikian entzun genuen, Beasaingo Liburu eta Disko azokan. Ez dakit 40-45 minutuz... parez pare, bera aurrean genuela... Eta harrapatu egin gintuen. Hori da denbora: 40 minutu. Harrapatu egin gintuen bere ahotsak, bere aurpegiak, bere begiradak, bere gitarrak... Hori delako musikak duen magia. Eta hala proposatu genion: guk gozatu dugun hau gure entzuleek gozatzea nahi genuke. Etorriko zara irratira? Berak baietz. Ahots, aurpegi, begirada eta gitarra hartuta etorri zen Maddi Noguera, ataundar musikari gaztea, irratira urte berriari zuzen-zuzenean musikaz kaixo esatera. 


2016-01-19

ITAKA_ Isuo Sasiia eta Jon Murua_2015-12-19


Jon eta Isuo Segura Irratian

 

Elkarri marrazki bana eginda etorri ziren. Elkar aurkeztu zuten zuzenean; irratian. Elkarri begietara begira. Isuok Jon aurkeztu zuen eta Jonek Isuo. Isuok Joni buruz esan zuena: gizon orekatua, aurpegi borobil samarrekoa, betaurrekoduna, beti bizar pixka bat izaten duena, beti neurri berean. Berezitasuna: kopeteko begia, hirugarren begia, tipo espiritualaren ikur. Jonek Isuori buruz esandakoak: mutil saltaria, dantzan hasten denean pasioz salto txikiak egiten dituena, bizitzarekiko jarreraren isla. Inoiz iritsi da ilargiaz harago salto egitera. Dena ez zuen kontatu Jonek Isuori buruz (badaezpada ere). 
Gitarra eta tronpeta lagun, musika-kantura etorri zen bikotea Segura Irratiko Itaka saiora. Idiaren zaintzari buruzko hamar estanpak diskoa aurkeztera; besteak beste. Asmoa hori bazen ere, hori eta askoz gehiago eman zioten irratiari. Musika zoragarria egiten dute, berezia, patxadan, lasai-lasai, barru-barrura iristen den horietakoa. Plazera izan zen goiza eurekin partekatzea. 
Lanean ari dira bigarren diskoarekin, jarraituko diegu arrastoa. 


2016-01-13

KARTZELARA GOAZ



Arriskua beti dago presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean… izan daiteke kasualitatea, kausalitatea, patua, zoria, hala behar zuen, zerbaitegatik gertatzen dira gertatzen direnak eta niri gertatu beharra ere, gaur, orain, hemen… eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean mina egiten du. Ez dakit eztenak edo ipurdiak. Hori bai, kaka zahar guztiak eztarrian korapilatzen dira.

Ederra joan zen larunbateko irratsaioa. Gozatu egin zenuen, Irati, eta Iñakiren hitz-jolasek bera ere gustura aritu zela helarazi zizuten. Zergatik ez aitortu: lan bikaina egin zenuen mikrofonoaren aurrean, Iñaki Zubeldiaren lan berriak merezi zuen tarte eder bat eta asmatu zenuten galde-erantzunetan.

Orain dela 46 urte idatzitako “Euskaldun bat Marten” eta argitaratu berri duen “Martetarrak Zarautzen” liburuak izan genituen hizpide. Goizeko hamarretan puntuan Audacity-ri Klik. REC. Grabatzen. Zuzen-zuzenean egindako saioak asteazken iluntzetan errepikatua eta blogean zintzilikatua izateko aukera eduki dezan.

Audacity. Arriskua beti dago presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Batzuetan baino ez, ia inoiz ez. Ia salbuespen marka izan zen larunbatean. Ipurdia eztenaren parean egokitu eta kaka zahar guztiak eztarrian korapilatu zitzaizkidan. Azken minutuan Olatz Zugastiren kantu eder batekin agur esaten ari nintzela zeharka ikusi nuen ordenagailuko pantaila urdintzen, error eta reiniciar. Bi orduz saiatu nintzen irratsaioa berreskuratzen. Google-ko jarraibide ulertezinei jaramon eginez, Iñigo lankideak ia-ia lortu zuen. Baina ia kondena marka izan zen larunbatean.

Erraza izan zitekeen: gertatu da eta kitto. Baina, mina ematen dizuna eztena edo ipurdia den ez dakizunean kaka zahar guztiak eztarrian korapilatzen zaizkizu. Frustrazioa, inpotentzia, haserrea… erraza izan zitekeen: onartu eta kitto. Baina, geure burua zigortzen dugu sarri gertatzen direnak zergatik gertatzen diren ulertzen ez dugunean.

Epailea: ni
Akusatua: ni
Kausa: ordu eta erdiko sormen lan ederra galtzea
Kondena: ordu eta erdiko sormen lan ederra sortzea

Urtarrilaren 19an arratsaldeko 17:00etan Martuteneko kartzelan sartuko dut neure burua. Eta gorputza. Ordu eta erdiko sormenera kondenatu dut neure burua. Eta gorputza. Literatura kartzelan. Nirekin batera sartuko ditut Nagore Ezeiza eta Ekaitz Goikoetxea. Errugabeak dira, baina, neurekin kondenatzea erabaki dut. Tarteka gertatzen dira halakoak ere. Literatura kartzelan. Ordu eta erdiz. Sormenera kondenatuak.


Agian ausartuko naiz Audacity bidez saioa grabatzen. Hori izan daiteke askatasuna eman diezadakeen fidantza: kartzelan eskainitako literatur saioaren grabaketa. Agian ausartuko naiz Audacity bidez saioa grabatzen. 


Euskalerria irratiko atzoko irrintzian testua entzungai: 




2016-01-12

ITAKA_Tere Irastortza_2015-12-5










Ez zegoen hutsunerik; orratz batentzat tokia baino ez. Ez zegoen hutsunerik, norbait saiatu zen oin punta ñimiño baten keinua itzal bihurtzen. Norbait saiatu zen, baina, orratz batentzat tokia baino ez zegoen. Eta hutsunea ez da putz eginez sortzen, hutsuneak ez du ezerezik bere baitan, hutsuneak bete egiten du zuloa, eta hor orratz batentzat tokia baino ez dago. 

Hor orratz batentzat tokia baino ez dago. Muntua betetzen zenuten; hutsune eta guzti. 


Mundua betetzen zenuten olerki liburu ederra aurkeztera etorri zitzaigun Tere Irastortza abenduaren 5ean irratira. Tarte gozoa izan zen. Oso goxoa. 


2016-01-11

Neguko oporretan gozatutakoak eta Antonio


GANBO (1413 m)_2015-12-25

Giro zoragarriarekin, inguru ederrean, konpainia bikainarekin (eskerrik asko, aita) goiza borobildu egiten da Aralarren bihotzean. Han atzean Txindoki sudur zorrotz. 

Ganboko postontziarekin

ANTONIO DE PABLO_1955-2015_2015-12-26

Gozamen uneetan halako eztenkadekin egiten dugu topo. Eta minak iraun egiten du. Institutuko egunerokoan iraun egiten du minak. Eta zuk utzitako irribarre-ahots ozen sarkor ederrak. 

Sekulako idatzi ederrak ari dira ikasleak zure omenez egiten. Plazera izan da zure lankide izanik, ikasleek bezainbeste ikastea zugandik. 

Zoriontsua egin zintuen
irakasteko jardunak,
zenbat ikasgai eman dizkigun
zure kritikotasunak,
izugarrizko indarra zuen
zure giza-nortasunak,
Ai Antonio, opari dira
zu bezalako lagunak,
ta zure faltak ekarri arren
une triste ta ilunak,
hain indartsu zen zure baitango
ahotsaren oihartzunak,
biziberritu egingo ditu 
institutuko lagunak. 


BERIAIN (1493 m)_2015-12-27

Zorionak, zure urtebetetzean zorionak... belarritik tiratzean zorionak ta muxu bat, zuretzako. Urte askotarako, Irati! 
Ez dago zorion opari ederragorik zuretzako: izugarri maite dituzun lagunekin goiz pasa eder bat egitea mendian. 

Waqar, Ekaitz, Khurram, Joxe eta Irati. Argazkilari Luis. 

AIAKO HARRIA (Erroilbide, Txurrumurru eta Irumugarrieta)_2015-12-29

Ezagutzeke, ezagutzeke... mendirik mendi ibilian ibili ondoren... azkenean... eraztun-heldulekuari eutsi eta ipurdiak gora! Han goitik ere itsasoa ikusten da. Eta nola gainera! 

Ni eta itsasoa. Tira, itsasoa eta ni.

Granitoaren ezkutaleku
historiak ekarriak,
hiru tontor gain interesgarri
lotzen ditu uztarriak,
xenda bihurri, harkaitz jolasti,
ta bista ikusgarriak,
itsaso eta mendi artean
biltzen diren mugarriak,
iraganaren aztarna bizi 
dira Aiako Harriak. 


Iñaki, Joxe, Luis eta ni. Eskerrik asko Iñaki gidari lanengatik eta...!


AGAUTZ (974 m) - SASTARRI (995 m)_2015-12-30

Zer da, zer da? Zenbat eta gehiago ezagutu, goiza orduan eta gehiago gozarazten dizuna? Agautz gaina Ataun, Lareotik gora. Bisitan datorren edozein laguni erakusteko txoko aparta. 

Joxe eta biok Agautzen. Argazkilari Pablo. 
Zer da, zer da? Zenbat eta ilunago egon ingurua burua orduan eta gehiago argitzen dizuna? Erraiak bere horretan, halaxe ezagutu genituen han barru-barru-barruan. 

Sastarriko kobaren atarian espedizioaren ondoren. Argazkilaria: barrunbeetako ...

SAN SILBESTRE ZUMARRAGA-URRETXUN_5 km eta ... _ 2015-12-31

Bikotekako lasterketa mistoa. 85 zenbakiarekin Gorka Santesteban eta Irati Goikoetxea. Eskerrik asko Gorka parte hartzera animatzeagatik eta eskerrik asko Luis; ezin entrenatzaile hoberik aurkitu. 

Aldea nabari da, ezta?

1.go itzulia:


2. itzulia:




IRIMO (901 m)_2016-1-1

Urte berri on, kuadrila! Eguneko 24 ordutan, asteko 7 egunetan eta urteko 12 hilabeteetan zorionik ederra izan dezazuen (eta zorion hori lortze bidean lan egin dezazuen) opa dizuet: 24·7·12=2016

Gaur lehertzen da urtezahar eta
urteberriaren lehia,
begiratu ze dotore eta 
eder dagoen izeia,
izango dezu argaldu edo
maitemintzeko ideia,
goizer entzun eta jarraitu
zure bihotzaren deia,
zorionaren urtea baita
bi mila ta hamaseia.

Joxe, Khurram, Waqar, Irati eta Gorka

ETXEBARRIKO HAITZAK-LARRAITZA ETA KREZMENDI URBASAN_2016-1-5


Sorginak toki sorginduetara joateko ohitura du. Zer egingo diogu!


Luis eta Irati. Argazkilari Joxe eta Pablo.

LIBURUAK GAILURREAN_IRAKURKETA GOZAMEN


Irakurri eta gozoki bihurtu ditudanak: X hil da, Mundua betetzen zenuten (bigarrenez), La buena suerte, Atertu arte itxaron, Gerezi denbora, Lasai ez da ezer gertatzen, Martetarrak Zarautzen. 

Irakurri ditudanak
 Zain ditudanak; berandu baino lehen irakurriko ditudanak: Zu eta Orain hilak ditugu. 


Zain ditudanak

2015-12-10

Itaka_Jasone Osoro_2015-11-14


Hamabietan puntu-puntuan. Kanpaikada bakoitzeko astinaldi bat barrura, hamabietan puntuan, begirada bat, kolpetxo bat ipurdian, birikak betetze bat, hozkada bat mingainari. Hamabietan puntuan, atximur kontzientziari, betileak hutsunean, sua hozkailuan, isiltasun lerrokatua. Hori guztia hamabietan puntu-puntuan. Hasi eta eten; topa egiteko. 

Bermutaren garaia da esan zuen erlojugileak, eta tik-tak bakoitzeko azeituna hezur bat irensten saiatu zen. Eztarria itxita du ordutik, ahots oihartzuna pentsamenduarena da. 




Azaroaren 14an Jasone Osoro idazle elgoibartarrarekin aritu ginen solasean argitaratu berri duen "12etan bermuta" liburuaz. Bejondeizula, Jasone, liburu eder honengatik! Topa!

Ezkaratzean Irati Ricon beasaindar gaztea izan genuen. Bikaina idatzia, Irati!


2015-12-09

Zazpi ezberdintasunak

Txindoki_2015-12-5

1.- Goierriko eguzki uzkurtua, Erriberako eguzki hanpatua. 
2.- Goierriko urdin ilunkara, Erriberako urdin urdin urdina.
3.- Goierriko lainotzarrak, Erriberako laino aspaldi zahartuak.
4.- Goierriko harkaitz idorrak, Erriberako harkaitz bustiak.
5.- Goierriko gorputz saltaria, Erriberako gorputz uzkurra. 
6.- Goierriko argazkilaria, Erriberako argazkilaria. 
7.- Goierriko motots harrotua, Erriberako motots lotsatua. 


Moncayo_2015-12-6



2015-12-01

BIHURRIKERIAK

Santillana del Mar-en abuztuan Santio Bideko etapa amaieran
Inoiz kontatu izan dizkiet ume eta gaztetxoei ipuinak. Inoiz ausartu izan naiz irudimena errota lanetan jarri eta sinesten errazak ez diren hankaz gorako istorioak kontatzen; begiak betazaletan zintzilikatzen, mingaina ezpainei itsasten, eskuekin eguzkiak berotzen, eta lo hartu aurreko segundo horretan esnatzen. Ederra da gaztetxoenen jakin-mina eta inozentzia bihurrikeria bihurtzea. Ipuinak kontatzea hori baita, bihurrikeriatan aritzea.

            Ostegunean Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Eskolara joango gara Ekaitz anaia eta biok ipuinak kontatzera, eta egunotan hor nabil jolasa ezuste, ezustea sorpresa eta sorpresa jolas nola bihurtu asmatu nahian. Bihurrikeriak bururatzen zaizkit; bihurrikeriak umeentzat eta bihurrikeriak neure buruarentzat. 
       Ez zait gustatzen hiztegian bihurrikeriaz topatu dudan definizioa; gaiztakeria eta okerkeria aipatzen ditu. Nik buruan darabilkidan bihurrikeriak asmo txarrik gabeko jolasa du ardatz. Bihurrikeriak buruaren plazer direla uste dut.

         Bihurrikeriak egileak eta hartzaileak ditu. Egileak jakin-mina asetzea du helburu, hartzailearengan ezusteko erantzuna bilatzea.

       Konta nitzake besteen bihurrikeriak, baina, buruaren gozamen diren plazerak, gorputzarenak diren bezalaxe, norberak bizi eta sentitzekoak dira. Orain eta hemen bihurria izatea gustatuko litzaidake. Hartzailearen, hau da, soinu mahaian zauden horren ezustea neure egitea. Eta isilduko banintz? Ez dakit… zazpi-zortzi segundoz… Hitz egiteari utziko banio? Jakingo luke irratiak isiltasunaren pisuari desafio egiten?

            Haustea. Espero den egoera normal horrekin hausteak du xarma. 

            Mutu gelditu zen irratiarena. Argumentu polita izan daiteke ipuin baterako.


        Hurrengoan gehiago, bitartean izan bihurriak. Eta hautsi, ezer eta inor puskatzeko asmorik gabe, hautsi. 



2015-11-11

Itaka_Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategi_2015-10-24

Iñaki Apalategi eta Aitor Sarriegi Lazkao Txiki begira dutela



Urriaren 24an Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategirekin aritu ginen solasean. Besteak beste Gipuzkoako Bertsolari txapelketaz, baina, ez hortaz bakarrik. Mahaiaren bueltan bertsotan hastea bakarrik falta izan zitzaigun; horrek ez du esan nahi bertsoa falta izan zenik. 

Saioaren egunean final laurdenetan kantatzeke zegoen Iñaki, orain finalerdietan kantatuko duela badakigu. Zorionak eta zorte on!



2015-11-10

Azaroan uztaila

Hiru Erregeen Mahaina_2015-11-8

Bi ukabilak itxi eta esku gainaren eta hatzen arteko lotura diren hezurrei erreparatzen erakutsi ziguten umetan. Eskuaren kanpoko aldetik hasi eta 1urtarrilahezurra31egun, 2otsailazuloa31egunbainogutxiagoja, 3martxoahezurra31egun, 4apirilazuloa30egun... Hilabeteek zenbat egun dituzten jakiten genuen horrela.  Hilabete bakoitza urtean zehar non kokatuta dagoen irudikatzera ere iristen ginen. Ume izateari utzi diogun honetan (ja!) hilabeteak zenbat egun dituen asmatzen jarraitzen dugu; hilabeteak urtean zehar non kokatuta dauden, ordea, ez dago jakiterik. 


Hiru Erregeen Mahian_2015-11-8



2015-11-04

AKTITUDE KONTUA DA

Khurrame eta Irati Txindoki gainean
Pasa den igandean Txindokin izan nintzen, aitarekin, Khurramekin eta Wakarrekin.  Lagun handiak egin ditut azken hilabeteotan Khurram eta Wakar. Pakistandarrak dira. Hizketaldi sakonak izaten ditugu, tabu, muga eta zapirik gabeak. Urdua hitz egiten dute eta ingelesa. Gaztelania ere bai. Panjabia da euren ama hizkuntza. Bitxia da, baina, euskara ikasten hasi aurretik ikasi dute euskara erabiltzen.
Euskaraz agurtzen dugu beti elkar eta euskarazko hitz berri bat ikasita joaten dira beti etxera. Ikasi dute euskaraz irribarre egiten. Euskaraz egiten dute irribarre. Esango nuke jarrera kontua dela, eta nahiz eta aktitude hitzak euskara jatorretik askorik ez izan, gustatzen zait aktitude kontua dela esatea. Aktitude kontua da. Ingurua euskaraz gozatzen ikusten duenak, ingurua euskara goxatzen ikusten duenak euskara erabiltzen ikasten du.

Institutuko guraso elkartearen kezka da: ikasleek, hau da, euren seme-alabek, ez dute euskararik erabiltzen. Arlo akademiko oso hertsira mugatzen omen dute euskararen erabilera institutuetako ikasleek, hau da, gurasoen seme-alabek, hau da, udalerrietako herritarrek.
Euskaraz egiteaz gogoratzen ez den ikasleak, seme-alabak eta herritarrak euskararekiko aktitudea behar du bere baitan, baina, batez ere, euskararekiko aktitudeak behar ditu bere inguruan. Kezkatuta dagoen guraso horrek, izan euskaldun edo ez, badaki euskaraz irribarre egiten, badaki euskarazko animoak ematen eta batez ere badaki hain ezdeusak diruditen baina, hain garrantzitsuak diren keinu esanguratsu horiek euskaraz egiten. Aktitude kontua da.

Orain gutxi Iñaki Eizmendiri entzun diot irakasleak berritsua behar duela izan. Berritsu entzulea, hizketaldiak sortzen dituena, hizketarako uneak eta guneak errazten dituena, ikasgelan, pasabideetan, jangelan… Aktitude kontua da.

Euskaraz gozatzen dugunok euskararekin gozatzen dugula erakutsi behar dugu, hori ez baita ikusten ikusarazi ezean.


Bidea luzea da, Txindoki han dago, baina aktitudea, jarrera pauso bakoitzak indartzen du. Eta ederra da Txindoki gainera iritsi, elkarri eskerrak euskaraz eman eta Khurrami bizkarretik helduta argazkia ateratzea. Bat, bi eta klik. Ez dago zalantzarik. Irribarreak euskaldunak dira. Eskerrik asko, bikote. Shukriya.



Euskalerria irratiko atzoko irrintzian testua entzungai http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1446741707540




2015-11-03

Itaka_Nahia Martinez_2015-10-17

Nahia Martinez kantuan Segura Irratian
Gaztea da, ilusioak gainezka egiten dion gaztea. Abestu egiten du, pianoa jotzen du eta sormenaren magiarekin jolasean ibiltzen da. EITB-ko Izarrak Kalean saioko finalera iritsi eta entzuleen saria irabazi zuen. Urriaren 17an irratian izan genuen zuzen-zuzenean kantari. Bere ahots ederraz gozatzeko aukera polita izan genuen. Eskerrik asko, Nahia!



Itakakideoi Nahiak egindako marrazkia:


Nahia Martinezek Itakarik eginiko oparia



2015-10-26

Itaka_Aritz Gorrotxategi_2015-10-10

Aritz Gorrotxategi "Koldar hutsa zara" liburuaren aurkezpenean
Izan daiteke beldurragatik, lotsagatik beharbada, minak ere izan dezake zerikusirik, edo nekeak, edo asperdurak. Batzuetan lo harrapatzen gaitu ezusteak, espero gabe esnatzen den egunak. "Itsasoa handiegia da" entzun nion behin bati ura poltsikoan sartzen zuen bitartean, ez nion galdetu ea zertan ari zen; ez nintzen ausartu. 

Izan daiteke ezjakintasunagatik, desorekengatik akaso, bustitzen ez duten izerdiek izan dezakete zerikusirik, edo nazka sentipenek, edo biluzik irudikatutako sabelek. "Egarria handiegia da" entzun nion behin bati pixa egiten zuen bitartean. Ez nion iradokitu bere pixa edan zezakeela... Zertarako, itsaso handi horretan dena bada pixaontzi? 

Izan daiteke auskalo zergatik, ez naiz esatera ausartzen. Koldarra naiz, edo ez. Ez naiz esatera ausartzen eta kitto. Koldarra naiz?





Aritz Gorrotxategirekin solasean aritu ginen urriaren 10ean Itaka saioan. "Koldar hutsa zara" (Erein) liburua aurkeztera etorri eta liburuaren aurkezpenaz harago asko da Aritzek oparitu ziguna. Begirada oparitu zigun eta biluztu egin zen. Biluztu egin gintuen. Ez dago gehiago ematerik. Ez dago gehiago eskatzerik. Eskerrik asko!


2015-10-19

Itaka_Idoia Granizo, Maddi Aiestaran eta Ekain Alegre_2015-10-3


Ekain, Irati, Maddi, Ekaitz eta Idoia Segura Irratian_2015-10-3





XXIV. Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketako sariak jaso berritan egin zigun bisita hirukoteak. Gazteen mailako hiru sariak jaso dituzte Idoia Granizo, Maddi Aiestaran eta Ekain Alegrek hurrenez hurren. Altsasuarrak dira lehenengoa eta hirugarrena, beasaindarra da bigarrena. Ilusioz heltzen diote sormen lanari eta ederrak dira emaitzak, bikainak. Hizketarako gaitasun aparta dute. Ederki pasa genuen irratian, ederki pasarazten digute etortzen diren aldiro. Eta gainera ikasi egiten dugu. Batez ere ikasi egiten dugu; eurengandik ere bai. 

Zorionak, hirukote!


2015-09-30

Itaka_Agurtzane eta Ion Elustondo_2015-9-26

Diskoaren azala



Elkarri begira, elkarren begietan, elkarrenganako miraz, elkarrekin solasean, elkartuz musika, elkarrentzako sortuz, elkarrengana iritsi. Urte luzetako lanaren ispiluetako bat da orain gutxi plazaratu duten diska. Beraiek ardatz nagusi izanik, asko eta aberatsak dira inguruan izan dituzten kolaboratzaileak, bai letra egileak, baita musikariak ere. 14 kantuko sorta ederra sortu dute, hara-honako joan-etorrietan gustura entzuten duguna. 

Larunbatean elkarrekin aritu ginen solasean irratian. Ederki pasa genuen! Eskerrik asko, bikote!