Euskalerria Irratirako astearterako prestatu nuen irrintzia:
Gizarte eta politika mailako eztabaida fokuak
identifikatu eta galdera potoloen bila hasten naiz tartean-tartean irrintzi
honen bidez horiei erantzuteko gai ote naizen neure burua estutuz. Zaldibar,
Mendigorria, haur eskolak eta hizkuntza, Txina, eutanasia, kale-inauteriak
Iruñeko eskoletan, emakumeen eta gizonezkoen arteko soldata arrakala Nafarroan,
hauteskundeak han, aurrekontuak hemen… Oraingo honetan ere dena esanda dago eta
dena esateke.
Asteburua pasa dut erantzuten saiatu nahiko nukeen
galdera horren bila eta oraingoan kale. Hain nahi nuen potoloa galdera, hain
nahi nuen zikina, hain nahi nuen hautsia… erantzun oro garbiegi topatu dut eta
ez nau galdera bakar batek ere erakarri, ez neure burua estutzeko, ez zurea,
entzule, neure kezkara kateatzeko. Akaso izango da nagikeria, pereza esaten
duten hori.
Galdera ezinezkoen bila aritzen gara sarri, harro,
puztuta, guk ere zerbait esan behar dugula sinetsita, eta gutxien espero
dugunean, ezustean harrapatzen gaituzte beste galdera askok. Eta ezinezkoak hor
sortzen dira, erantzuteko ezintasunetik. Ni gaurko irrintzirako galderaren bila
eta hiru bota zizkidan atzo arratsaldean hiru urteko semeak ordubete eskasean,
eta marka da gero, ezin zer eta nola erantzun asmatu.
1.- Zertan ari da emakume hori?
Iruñeko autobus geltoki zaharreko parkean
oinetakoak kenduta, belauniko, zapi baten gainean errezoan ari zen.
2.- Nor da gizon hori?
Etxera bidean San Fermin parrokiaren aurretik
pasatzean gizon bizardunaren marrazki-irudi handiak arreta eman zion.
3.- Zegatik erre behar dugu eskolan Miel Otxin
ostiralean?
Astea galdera potoloen bila hasi eta erantzun
potoloen bila nabil orain, edonori bai, baina batez ere hiru urteko haur bati
zor baitzaio zintzotasunez erantzutea. Eta isiltasunak ez du balio.
Audioa: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1582037436172-irati-goikoetxea-galderak