2010-04-14

KUKUA

Kukua ere ilusio iturri bihurtzen saiatzen naiz. Urtero ibiltzen gara Kukua noiz eta non entzungo (jolas ederra da!), eta aurten pittin bat kosta zaigun arren, azkenean harrapatu dugu bere ibilian. Arraras, Urkiagako mendatea, Zalama, Lazkaomendi... Kukuaren atzetik egin ditugu mendi irteerak eta gutxien uste genuenean... Lareoko urtegian berak harrapatu gintuen gu ustekabean. Goierri erakusteko asmoz, Goierrik dituen altxor ederrenetako batera eraman genituen Samuel pisukidea eta Eva bere neskalaguna.

Poltsikoan xentimorik hartu gabe ibiltzen naiz gehienetan, baina, aurreko egunean kasualitatez poltsikoratutako 50 xentimo topatu nituen poltsikoan. Aberastasun iturri omen da Kukua. Batzuek noiz aberastuko pasatzen dute bizitza; niri momentua aberasten dit Kukuak. Eta momentua da etorkizunak aberasten didana.





San Joanetan kuku, San Pedrotan mutu.
San Pedrotan kuku, San Martzialez mutu.
Andra Mari Martxoko egunean kukua ageri ez bada, bederatzi idi-pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar izaten omen da Erromako zubira.

Kontu eder eta bitxi asko gordetzen ditu kukuak bere baitan; beharko kontuak bildu, 9.000 kilometro egiten baititu Afrikatik hona uda pasatzera etortzeko.



Lazkao Txikik ere bertso ederra kantatu zion kukuari:

kukua, berriz, zuhaitzik zuhaitz/ kuku hemen ta kuku han/ kalendario gabe badaki / noiz etorri ta noiz juan.

Kukua entzutea ez da erraza, ikustea ia ezinezkoa. Nik erronka bota nahi dizuet; ea goiko argazkian, Lareoko urtegi inguruan, nork aurkitzen duen kukua!

Eta aurten dagoeneko bakarren batek entzun badu, non entzun duen kontatuko balit...

12 comentarios:

  1. jo ba ni ez dut entzun aizu noiz duzue izalgo irteeerak nik animatuko nintzen aizu hurrego igandean seguru na goierrikoekin mendira m endia gustatzen zait pila bat hortaz konturatzen ari naiz irati ze ona

    ResponderEliminar
  2. Igandean egingo dute irteera, Zegamako apeaderotik Arranoaitzera. Ni ezingo naiz joan, partiduda daukagu igande goizean Errenterin. Gozatu Gorka!

    ResponderEliminar
  3. Buaaaa! ez zait irudia bat ere gustatzen: batez ere loditxo ikusten dudalako nire burua! Egun ederra pasatu genuen! Moxu bat!

    ResponderEliminar
  4. Argazki polit asko da ba! Eguzkiaren argia gehitxo nabari da baina... Loditxo? Handi zaude, Samuel gizon handia delako, zentzu guztietan!

    Beste muxu bat bueltan!

    ResponderEliminar
  5. Ni ere kukuaren bila ibiltzeko zalea naiz; kukua, tximeleta, ipurtargia, lore bat, edo...
    Maitte ditut gure bazterrak, mendiak, erreka zuloak. Zoriontsua naiz bertan, eta al dudanean, hor naiz, baso baten barrenean galduta.
    Ainara

    ResponderEliminar
  6. Atzo, igandea, Arranoaitzetik Zerainera gentozela kukua entzun gendun eta , berehala, dirua ba ote gendun begira jarri ginen: aspaldiko ustea da, kukua lehenengo aldiz entzutean poltsikoan dirua badaramagu urte horretan dirurik ez zaigula faltako.Kontua, historioa, siniskeria...edozer dela ere, polita da,jolasean jartzen zaitu, eta hori ezin esan txarra denik.
    Mikel

    ResponderEliminar
  7. Eguraldi ederra izan zenuten. Paraje ederra da Aizkorripea, kukuak badaki nora egin hegan!

    ResponderEliminar
  8. Aupa Irati, segi horrela, edertzen bazterrak. Gaztain egurra: Kukua Ama Birgina Martxoko egunean hasten da kantatzen Erromako zubian eta San Pedro biharamunean mututzen da. Izan ere, kukuak kantatzeko gaztain muskil bat bi gunbiguna eztarrian jarri behar izaten omen du. San Pedrotan hostoak gogortuta direlako kukua kantatu ezinda geratzen da eta, orduan, beste leku batzuetara joaten da.

    Txomin

    ResponderEliminar
  9. Hari kuku eta honi kuku: Norbait, honi ziri eta hari zirika ari denean, zera dio esaera zaharrak:
    << Hari kuku eta honi kuku dabil>>. Izan ere, kukuaren kantuak badu burla kutsu hori: kukua noiz entzungo zabiltzanian, orduan mututuko zaizu, baina patrikamn txanponik gabe zaudenian orduan joko dizu kuku eta kuku.

    Kukua

    ResponderEliminar
  10. Kukuarena egin: bizimoduarengatik eta askotan erosotasunagatik, bikote askok eta askok seme-alaba bakarra ekarri ohi dute. Kukuak ere arrautza bakarra jarri ohi du auzokoaren habian. Beraz, seme-alaba bakarra ekarri duen bikote horrek kukuarena egin duela esan ohi da Euskal Herriko hainbat tokitan.
    Irati, segi horrela, kukuari kantari.
    Basoa

    ResponderEliminar
  11. Mila esker hirukote kontu bitxi horiengatik! Niri izugarri gustatzen zait halakoak irakurtzea! Belaunaldi zaharren transmisioa daukagun altxorrik ederrenetakoa da.

    ResponderEliminar