2011-09-15

LUBO



Mahaigainean nituen bi egunkarietako bat utziko al nion galdetu zidan. Horrelaxe hasi zen elkarrizketa. Me dejarás uno de los periódicos? Eta nik baietz, euskaraz idatzia zegoena nik hartuko nuela eta lasai hartzeko bestea.

Bi neska-mutil gazte (bi gizon-emakume?) egongela berean elkar ezagutzen ez dutelako bazkalordua egunkariaren konpainian arintzen. Eta galdera bat nahikoa egunkari beharrik gabe bazkalordu interesgarri bat korapilatzeko.

Ea irakaslea al nintzen, eta nik baietz, bera institutuko garbitzaileen arduraduna zela. Beasaindarra naizela kontatu nion eta astea Txantrean (Iruñean) igarotzen dudala; bera Noainen bizi zela jakin nuen, pero soy de Bulgaria. Eta zast! jakin-mina zirikatu zidan... Hamar urte daramatzala hemen esan zidan eta Beasain eta Olaberri eta Goierriko bazterrak ezagutzen dituela. Greziako mugatik gertu dagoen herri txiki batekoa dela izatez eta bere herriak Leitzaren antza handia duela, mendi aldea, erreka... Ilusioa sumatu nion begietan, bi urte omen daramatza Bulgariara joan gabe. Pero voy mucho a Leitza... zer den herri-mina...




Gazteleraz oso ongi egiten duela esan nion eta berak baietz esan zidan irribarretsu, kalean ikasi duela dakien guztia (eta asko da dakien guztia), entzunez eta eginez. Ea zenbat neurtzen dudan galdetu zidan (ezustean harrapatu ninduen galderak... eserita nengoen... bazkaltzen...) eta nik 1, 80 inguru erantzun nionean, berak ezetz, gehiago behar nuela, berak 1,92 neurtzen duela eta hainbesterainoko alderik ez dagoela bion artean. Irudika dezakezue... elkarren sorbaldak parekatuz bukatu genuen bazkalordua.

Ze izen zuen galdetu nion (kuriositatea...) eta berak Lubo zela izenaren laburdura, y eta h gehitxo zituela tartean izenak bere osotasunean gogoan hartzeko. Y tú? Irati. Bonito nombre. Zurea ere bai, erantzun nion pozik.

Horrelaxe bukatu zen elkarrizketa. Orain lagun berri bat daukat institutuan. Bulgariarra da eta Lubo du izena. Hemendik aurrera bazkalorduak arintzen lagunduko diogu elkarri.

Atzoko egunkaria? Gaur irakurri dut.


5 comentarios:

  1. Istorio/solasaldi ederra: hangoa eta hemengoa, hemengoa eta hangoa, bost axola. Distantziak eta ezberdintasunen gainetik, gerturatu, eskuak elkar luzatu eta bizi. Segi horrela politte.

    ResponderEliminar
  2. Zorargarria istorioa eta are zoragarriagoa kontatzeko modua. Eta ederrena horixe, bene-benetan gertatua dela, ala ez? Ni behintzat ipuin batean bezala sentiarazi nauzu. Mila esker eta segi irudimenaren eta errealitatearen mugak lausotzen.

    ResponderEliminar
  3. Bene-bene-benetakoa. Elkarrizketari argazkia atera eta argazkia hitz bihurtu banu bezalaxe kontatu dizuet... Irudimena ez da ba hori? Begiak zabalik ibiltzen dituen errealitatea...

    ResponderEliminar
  4. Matematika zale bat edo16 de septiembre de 2011, 17:18

    Niri ere ooooooso polita iruditu zait, eta atsegina izan da zure txoko honi beste behin hitzak lapurtzen ibiltzea. Baina... problema? Noiz amaitzen dira problemen oporrak? jeje, MUXU bat (ez dakit letra larriak muxuak potolotzen ote dituen, baina).

    ResponderEliminar
  5. Aste honetan! Ea ostiralerako urteko lasterketari ekiteko prestatzen dugun geure burua! Nahikoa entrenatuta al zatoz? Lasterketa luzea izango da... muxu POTOLO bat!

    ResponderEliminar