Liburuak irentsi genituen 2009ko apirilean; memoriari tiraka aritu ginen 2010ean; 2011n farola baten azpian jolasean ibili ginen; harriekin hotsak atera genituen 2012an; iaz atximur egin genion arteari eta aurten... argi-itzaletan ibiliko gara ezkutuka. Hezkuntza da, kultura, euskara, elkarbizitza, ikasleekin batera egin nahi izaten dugun bidea. Ilusioa da, emozioa, jakin-mina, jolas egiteko gogoa, esperientzia bizitzeko irrika. Urduritasuna da eta ongi egiteko ardura. Heldutasuna da.
Nafarroa hau ere bada. Zizurko ikasle-irakasleok badakigu politika mailako ika-mikez harago hezkuntzari hozka egin, hizkuntza maitatu eta geure bidea egiten. Gu ez gaude geldirik. Gu aurrera goaz.
Bihar arratsaldeko zazpietan elkartuko gara Zizurko Kultur Etxean. Taula gainean 60 bat lagun, 11 eta 17 urte bitarteko ikasleak. Eta irakasleok laguntzen. Poesia egingo dugu, eta dantza, eta musika, eta antzerkia. Hori delako egitea; kultura, euskara eta hezkuntza egitea. Gu han izango gara, zu ere etorri!
Iñaki Otaño musika irakaslearekin batera taularatuko naiz ni ere. Hauxe prestatu dudan olerkia:
ITZALIK GABE JAIO NINTZEN
Itzalik gabe jaio nintzen,
izpi eskeletikoen umezurtz
pausoak zintzilikatzeko mamu baten faltan,
takoi zorrozdun zapatekin zorua zulatzeko arrazoi baten
faltan.
Jolasik ez dut izan nire gorputzaren aurre-atzeetan,
Jolasik ez dut izan eguerdiko hamabietan.
Irudimenezkoa da nire bizkar-bularren marrazkia.
Noizbait saiatu naiz eguzkia poltsikoan sartzen,
noizbait saiatu naiz itzala marrazten,
gorputza belzten,
eusten
arnasa ihartuen iluntasunari.
Baina infinitu suizida bat da eguzkia,
poltsikoko zuloetan bizitzari mingaina ateratzen diona.
Noizbait saiatu naiz.
Itzalik gabe jaio nintzen,
eta orain gaua lapurtzen dut,
gaua lapurtzen dut nire argitasunetik.
Itzalik gabe jaio nintzen
eta orain gauez bizi naiz.
Itzalik gabe jaio nintzen
eta ez dut argirik gabe hil nahi.
Atzo Euskalerria irratian izan ginen Txaro Etxetxipia irakaslea eta biok, eta Ana Gurpegi, Mikel Biurrun eta Unai Ruiz ikasleak.
2009an harritu egin ginen denok. 2010ean hankaz gora jarri zenuten institutua. 2011n elkarri eskua emanda borroka egiten ikasi zuen bikote batek: atsedenaldiak gaztetxoekin, klase orduak batxillergoko ikasle-ikaskideekin eta bestelakoak oihu egiten, poesiak oihu egiteko balio duelako. 2012an ilusioak eta asebeteak tarteka lanaren gainetik egon behar dutela erabaki nuen, eromen ezarriaren zurrunbiloan. Iaz atximur egin zidan hurbildu ezin izateak. Aurten ... aurten ere han nahiko nuke. Aurten ere han izango naiz, matematika fakultateko apunteen limiteak infinituan literatura direlako, adibidez, Bartzelonatik Zizurrerako zuzen irudikarian.
ResponderEliminarIrratia ... irratiaz orain dela gutxi izan ginen hizketan. Arratsalde hura garrantzitsua izan zen. Ez dakit zerbait esaten asmatu ote nuen. Ez dakit Filologo Jaunaren eta lagun matematika irakaslearen alboan nuen lasaitasuna ez ote zitzaidan lotsagorritu bi neskato saltsero eta irakaslea heldu zirenean. Ez dakit zergatik, baina neska hark bazuen zerbait berezia. Irakurtzean edo. Papereko zuritasun urratuan edo. Eta, behin amaituta, ez zaitzaidan, ba, hasi euskara irakaslea alaba gora eta alaba behera; alabaren ipuina hau eta alabaren ipuina bestea, hantxe, eraikineko azotean!
Biharamunean hurbildu nintzaion alabari. Ezin zen bestela, amaren literatura dena aditu ondoren. Biharamunean hurbildu nintzaion alabari eta ez dakit lagun noiz sentitu nuen lehenengoz. Orain lagun handi dudala, hori badakit. Hori eta hiru sorgin elkartzen direla tarteka, elkarrekin amets egitera, elkarrekin irribarre egitera, elkarri ipuinak kontatu eta elkarren gezurrak irakurtzera. Tarteka garagardo aparretan igeri egiten ikasten dutelako irratiko ahotsak eta amaren literaturak.
Artista denei txalo eta erdi nire partez.
Zuri irribarre bat, badakit aurkituko duzula, eserlekuen arteko iluntasunean, Filologo Jauna kantuan denean.
Txarori infinitu erradiodun muxu bat, boribil-boribila, ipuin baten hasiera oparitzeagatik, eraikinaren azotean literatura eginez.
Ostiralean zuen emanaldian izan nintzen, eta, hasi eta buka hunkituta izan ninduzuen begi-belarriak ezin zabalago. Orotariko adierazpideak, adin ezberdineko ikasle ugari oholtzan, euskara goxo eta landua, oholtzaratze ezin hobea, irudien indarra, Eñauten detallea... Mundiala! Hori da etorkizuneko eskola, zuek dagoeneko orain eta hemen gauzatzen duzuena. Bejondeizuela, eta segi eskola plazaratzen!
ResponderEliminar