2010-09-01

GANBO (1412 m)-GANBO TXIKI (1382 m)-ARRUBI (1325 m)-TXINDOKI (1346 m)


Zubi bat Aizkorritik Aralarra. Horixe da behin kazetari bati esan niona; zubi bat egingo nukeela Aizkorritik Aralarra. Aizkorrin abuztuaren hamaikan izan nintzen; Aralarren abuztuaren hogeian. Aurpegiei begiratzeaz gain, bihotzak sentitzea gustatzen zait niri. Horregatik Txindoki muxukatzeko gogoa sentitzen dudan aldiro, Ganbo laztantzera ere joaten naiz. Ganbo delako Txindoki aurpegitzat duen Aralarren bihotza. Hala sentitzen dut nik.

Ganbori:

Hanka azpian xenda gozoa
begi miran mendi gaina,
Ganbo Txikitik zureganaino
hurbildu naiz alajaina!
Aralarreko bihotza zara,
nekearen poz ordaina,
lau haizetara eskaintzen duzu
begiraleku bikaina,
inguruotan Txindokik duen
sonarik ez duzu baina,
nik ezagutu zintudanetik
maite zaitut bera aina.

Txindokiri:

Goierriko ikono
eta irudia,
aspaldiltxo lapurtu
zenidan begia,
nahiz ta zorrotz-zorrotza
duzun aurpegia,
nahiz zurrupatzen duzun
gure izerdia,
bihotzeraino heltzen
da zure argia.



Eta... mendia hori ere badelako... behien artean eseri eta lasai egotea. Behorren artean etzan eta lasai egotea.


ARRAZOLA-ANBOTO (1330 m)

Arrastoak. Gorputzean tatuatzen zaizkigunak. Nahi gabe esango nuke nik. Hiru ditut eskuineko belaunean. Bat borobil-borobila; zaharrena, nirekin urte gehien daramatzana. Lau urte izango nituen? Bost? Auskalo... ordurako oinez banenbilen, korrika ere bai, hala moduz, baina korrika. Umeak korrika egin behar omen du... noraino? Auskalo! Inora iritsi aurretik muturrez aurrera erortzen da umea. Eta ni ere harri artean erori nintzen. Negarra gero etorri zen. Eta gurasoen errieta ere bai. Ez dut sekula ulertuko, min hartu duen umeari gurasoek zergatik egiten ote dioten errieta. Bigarren arrastoa adar ttiki bat da, zurtoina jaio eta lorerik jaiotzen ez zaion landarea. Ahaztuak ditut bere nondik norakoak. Eta hirugarrena... Mari sorginaren gaixtakeria (Marirenak gaixtakeriak izaten dira, gainerakoenak gaiztakeriak). Abuztuaren hamazazpian Anbotoko tontorra metro gutxira nuela erori nintzen. Eta bete-betean jo nuen belaunarekin harkaitza, edo ez dakit harkaitza bera ez ote zen izan belauna bete-betean jo zidana (zenbat gustatzen zaigun errua besteei leporatzea!). Konturatzerako lurrean nintzen... hortzak puskatu ez nituenean... Handik gora Marik berak eraman ninduen tontorreraino.

Pol-Pol, Andasto ta Bertikala
bideak mila aukeran,
bertikalari heldu diogu
korrikalarien eran,
izerdiaz gain odola ere
Anbotok egin dit edan,
erratz gainean edo bestela
Marin suzko bolan hegan,
ea hurrengoan laguntza pixkat
bidean izaten dedan!


Anbotok bi bertso merezi zituela eta bigarrenarekin ere ausartu nintzen. Mariri idatzi nahi izan nion; Mari delako etxeko leihotik askotan ikusten dudan suzko argia, Mari delako larunbatero irratiko estudioan teklatxoen mahaian izaten dudan laguna, Mari delako antzerkietako irrintzien eztarria, Mari delako...


Murumenditik, Txindokitik ta
baita ere Anbototik,
ai Mari! zure irrintzi-festa
entzuten da edonondik,
sasi guztien gainetik eta
laino guztien azpitik,
mendi tontorren magia oinez
gozatzen uzteagatik,
zure arrasto ikusezina
bihotzean daramat nik.


Bai, hor nonbait dago Marik Anbotok duen koba. Saiatuz gero, itzala antzemateko moduan zarete! Kondairak dio Mariren ile arrastoak argazkian topatzen dituenak gau batez Marirekin amets egiteko saria lortzen duela.


TOLOÑO (1271 m)





















Abuztuaren hamarrean izan ginen Toloñon. Arabar Errioxako Labastidatik gora igotzen da mendi eder honetara. Bide erraza du Toloñok eta mendi gaina zoragarria. Hamalau bat urte tartean. Umetako oroitzapenak mila, hamaika bat urterekin igo bainintzen lehenengo aldiz Toloñora. Ederra da mendi bidean oroitzapenen arrastoa margotzen joatea.

Labastidatik gora ez duzu
pausoa luzatu baino,

inguruetan ez dago mendi
ederragorik zu baino,

garai batean udan etortzen

ginen Laguardiaraino,
eta gaur ere oroitzapenek
ekarri naute honaino,

biak batera gozatu ditut
haurtzaroa ta Toloño.


2010-08-28

Itaka_Santiago bidea Gorkarekin-2010-8-14


Mendiak bezalaxe, irratsaio bakoitza ere berezia izaten da. Bera, bakarra eta ezberdina. Abuztuaren 14koa ere berezia izan zen. Santiago bideaz aritu ginen, abuztu hasieran bi astez bidea egiten aritu den Gorka Santestebanekin. Eta sentsazioa horixe: bera bideko arrastoak azaltzen ari zen bitartean gu ere bidea egiten ari ginela. Bidea egiten bere esanahirik zabalenean. Bidea egitea ez baita oinen joanean aurrera egitea bakarrik. Bidea egitea sentsazio, bizipen, eta gogoeten zurrunbiloan igerian (estilo guztietan) aritzea baita. Eta harreman sarean bizitza guztirako korapiloak harilkatzea.
Gorkak berak Santiago bidean egindako lagunekin (Murtzia, Castellon, Uruguai, Hungria, Italiako... lagunak) zuzenean hitz egiteko aukera izan genuen; Gorkak Burgoseraino egin zuen bidean aurrera jarraitzen baitzuten gainerakoek. Abuztuaren 14an munduaren muturrak lotu genituen Itakan eta bildutako hausnarketak entzun eta gozatzeko modukoak dira.
Besarkada estu bat Dani, Luis, Jose, Osvaldo, Ana eta kuadrila guztiari, elkar ezagutu gabe telefonoaren bestaldetik konfiantza osoz solasean aritzeagatik. Besarkada lindo bat.
Eta Gorkari... mila esker. Bizitako esperientziaren gozoa dastatzeko aukera emateagatik.



BIDEA

ARGIA

PAUSOA

ESKUA

2010-08-18

Beasain-Mandubi-Nuarbe...


... -Beizama-Santa Ageda-Bentaundi-Beasain. Aspaldian trazatua genuen bidea. Bizikleta gainean egiteko. Ez gara konturatzen, ordea, paper gainean bidea marrazteko arkatz txiki kaskar bat nahikoa den arren, bizikleta gainean jartzean arkatzari punta zorroztu egiten zaiola! Ai ama! Izterrak aldapan gora tente, izerdia aldapan behera hotz, arnasa estu, kilometroak luze.

Eta ahaleginaren gozoa? Bai, egia da, gorputza larri dabilenean, kontzientziak egiten du eraso. 60 bat kilometro, bi mendate, bost ordu, ahoa lehor, kopeta bustia, lepoa minbera, mila gogoeta, irribarreak erdizka, begiak urduri, haizea kantu hots... Bai, egia da, ahaleginaren gozoa ederra izan zen!

Argazki bilduma

URBASA-LEGUNBE-LEGAIRE


Hiru begik bik baino... gehiago ikusten dute? Hobeto ikusten dute? Garbiago ikusten dute? Ez dakit... hainbeste urtetan lau begirekin ikusten ohitu garenok... ez dakit zer esan beharko genukeen aurrean hiru begi jartzen dizkigutenean. Hiru begi, harkaitzean hiru zulo... eta ikuskizuna zirraragarria: Nafarroako Sakana eta Arabako Lautada. Han goitik... (ez, Julen, han goitik ez da itsasoa ikusten) han goitik... mundua ikusten da. Eta birekin ezin, eta mundua ikusteko hiru begi behar!

Urbasako Legunbe (1128 m) tontorraren ondoan dago bitxikeria eder hau, Gasteiztik Altsasura bidean Egino, Andoin, Ziordia... pare horretan gora aldera begiratuz gero antzeman daitekeena: hiru zulo, hiru begi harkaitzean. Guk gora ez, baina, behera begiratzeko aukera izan genuen. Eta ikusi genuena: lanbroa, behe lainoa, zuria eta grisa hegan. Hiru begi edo zazpi izan, miopea beti miope!

Egun osorako ibiliak, ordea, eman zigun eguzkiari errezelak zabaltzeko aukera, eta Urbasako baso amaigabeaz gain, Arabako Lautadaz eta Nafarroako Sakanaz ere gozatu genuen. Hiru begien majia izango zen, edo betaurrekoena, edo lentillena...

Laino artetik kukuka dator
eguzkiaren distira,
bagenuen bai, Legunbe gaina
besarkatzeko desira,
Araba aldeko lautada zabal
ta ederra ageri da,
Urbasako mendi jira,
ezin da hitzez deskriba,
harkaitz artetik ortzi mugara
jarri ezkero begira,
paisaia hontaz disfrutatzeko
hiru begi behar dira.


LAGRAN-CRUZ DEL CASTILLO-BIASTERI


Eta buelta! Zoragarria! Hasierako asmoa ez zen hori, baina... ez dakit sekula etxetik abiatzean izaten dugun asmoari heltzen ote diogun! Bi pauso eman orduko ideiak eta nahiak eta gogoak nahas-mahasean korapilatzen zaizkigu eta bideari tira eginez ibilbide eta erronka berriak marrazten dizkiogu bideari. Mendian ibiltzea horixe delako, ilusioz eta jakin-minez, bihurgune bakoitzaren atzean zer topatuko, zure barruari hegan egiteko aukera ematea.

Lehen ere izanak ginen Cruz Del Castillo (1432 m) gainean, oraingoan, ordea, Kantabriako mendilerroak banatzen dituen bi Arabak hanka arrastoz lotu nahi izan genituen. Arrasto zuri-gorriak gidari, hamaika bat kilometro eder daude Lagrandik Laguardiara. Erdian Toro-ko mendatea, eta puntu horretatik gora, zazpiehun bat metrora Cruz Del Castilloko gain ikusgarria.

Lagran ta Biasteri
eskua emanez,
bi isuriek hemen
hartzen dute babes,
izenari izana
dagokio berez,
nahiz errege bidean
igo garen errez,
gurutzea aurkitu
ta gaztelurik ez.


Argazki bilduma


2010-08-09

KOSTALERA (1234 m)


Harkaitzaren indarra, isiltasunaren ziztada, itzalaren borroka eguzkiaren begien aurrean.
Ezpelaren muxua, pagoaren agurra, zer da bidean korrika dabilena?
Haizea kopetan behera irristari; tximeletaren ezkutaleku bihurtu zait besoa.

Kostalera; Kanpezu (Araba) eta Nazar (Nafarroa) herrien artean, Kodes mendikatean dagoen tontorra. Uztailaren 27an bertso bat lapurtu zidana. Sabelean gora harkaitz hotzaren ziztada eragin zidana. Begirada luze, ikusmena maitemindu zidana.


Ioar gainetik Kostalerari
luzatu diot begia,
jakin-minaren har jostariak
irentsi dit ausardia,
ezpela dauka soinean berde,
harri grisean argia,
harkaitz zorrotzen adrenalina,
haitz zorrotzen izerdia,
pauso bakoitza maitasun muxu
bihurtzen duen mendia.


BEASAIN-MANDUBI-LOIOLA-ZUMARRAGA-BEASAIN























Bizikleta gainean. Irudi batek mila hitzek baino... eta zertarako idatzi, argazkiek guztia esaten badute!

1.- Mandubiko gaina. Beasaindik atera eta berehala gora eta gora, ordubeteko igoera, txirrindulari zailduen bidean hasiberri baten arnas hots estu ilusioz betea. Goierri eta Urola bailarak bereizten dituen gaina, azpian Arriarango urtegia. Pittin bat sufritu arren, artean banuen bai, txantxarako gogoa; eta indarra. Aitari metro batzuk aurreratu eta argazkia (egin klik!) ateratzeko esan nion. Sufrimendu aurpegia jarri nahi izan nuen, baina, mendatea nire egitearen poza ezin izan nuen ezkutatu. Horixe, jolasa. Jolaserako gogoa nuela artean!

2.-Matxinbenta, Nuarbe, Urrestilla, Landeta eta Azpeitiko hirigunea zeharkatu ondoren: LOIOLA. Ordurako 25 bat kilometro eginak. Pittin bat argazkiei zorrotz begiratuz gero, lehenengoan bizikletari nik eusten diodala ikus daiteke, bigarrenean bizikleta da ni eusten nauena. Eta kaskoa kentzeko indarrik ez! Horra lehenengo argazkitik bigarrenerako ezberdintasunak. Bila hasiz gero, gehiago ere topatuko nituzke!

3.- Eta hirugarrenaz... ai, zer esan hirugarrenaz! Laugarren bat atera behar izanez gero, lurrean etzanda atera beharko nukeela! ;·) Tente egotetik, gorputz erorian egotera. Bai, bai, hatz potoloak garaipen itxura du, baina, itxurak itxura mozorroa agerian! Azkoiti pasa eta Azkoiti Zumarragarekin lotzen duen bidegorriaren hasieran nago hortxe. Aurretik 15 kilometro zain, garai bateko Urola trenaren bidean gora. Nekatuta? Bai, pixka bat... zain jarri eta trena azalduko balitz sikiera!

Zertarako idatzi, argazkiek guztia esaten badute? Adibidez, nekeak neke hurrengo astean ere bizikleta hartzeko irrikaz iritsi nintzela helmugara!

2010-07-31

KONTROLA


- Lanera noa, Segurara, irratira.
- Nahi izanez gero, justifikante bat egingo dizut.
- Ez, ez dago beharrik. Iritsiko naizela uste dut.
- Ezpainak koskan jarrita, birikak bete eta egin putz, poliki, ahal duzun luzeen.
- 0.0 ematea espero dut.
- ...
- Gosalduta nator.
- Baina, izaten dira bostak aldera arte edaten egon, gero gosaldu eta goizeko bederatziak hogei gutxiagotan positibo ematen dutenak.
- Bai, baina, ni atzo gauean hamarretarako ohean nengoen.
-...
- Eta ez dut sekula alkohol tantarik edan.

Eta orduan irribarre egin dit. Uste dut sinetsi didala. Hori guztia makina txikiak azken emaitza eman duen bitartean. 0.0. Banekien. Baina, halere, arnasa hartu dut lasai. Eskerrik asko esan dit. Eta nik ere eskerrak eman dizkiot, beren lana ederki egiteagatik, egoera deseroso horretan eroso sentiarazteagatik. Errepidean doazenen segurtasuna bermatzen saiatzeagatik.
Bai, gaur goizean gertatu zait. Lehenengo aldia. Beste askotan ere parean egokitu izan zait , alkoholemi kontrola, larunbat goizetan Segura Irratira bidean, eta ni inuxente, hamar orduz lo eginda, pozik. Baina, aurrera egiten utzi izan didate, ez dakit, ziur aski aita aldamenean ikusi izan dutelako; edo auskalo! Alkohol arrastorik begietan antzeman izan ez didatelako agian! Auto gorria, gaztea... abiadura moteldu, irribarre txiki bat egin eta mutilak aurrera egiteko esan dit. Eta bat-batean... Sar dadila! Emakumeak ozen! Ez dakit zer ikusi didan! Emakumeon arteko kontuak!
Eta hortik aurreragokoak imajina ditzakezue: urduritasuna, karneta ezin topatu, datuak eman, igo furgonetara, putz egin, irribarre egin, elkarrizketa txiki bat... eta eskerrik asko. 0.0. Lehenenego aldia izan da. Eta hainbestean!

2010-07-23

TTUTTURRE (1281 m) eta IRUMUGARRIETA (1431 m)










San Migel bidetik, Errazkingo txabolen atzetik dantzatu genizkion atze eta aurreak Ttutturre mendiari. Abenduan Betelutik begiz jo nuen ttonttorra: Ttutturre. Beti da zoragarria Aralarko barne-erraietan igerian aritzea. Bat ez, bi bertso idatzi genizkion Ttutturreri; biak merezi zituelako, lehenengoaren seriotasunari bigarrenaren pikardiarekin erantzun nahi geniolako, bi postontzi topatu genituelako...


Lekunberritik gora gogotsu
hurbildu naiz zuregana,
gozoa baita zure gainetik
zabaltzen den panorama,
Uztegi, Intze ta Azkarate
pasa ditut banan bana,
kontsonanteen bustiduretan
loratzen den harremana,
biak dituzu zoragarriak
izena eta izana.
Honainoko bidea
izan da xamurre,
zugan batzen baitie
zerue eta lurre;
hara! Araitz bailara
eder aurrez aurre,
itxura berezie
daukezu Ttutturre,
Beteluri usnaka
dagoen sudurre.


Handik aurrera Irumugarrietara joan ginen, eta bueltan Unako putzura eta Etxarri Laurraul herrira. Aralarren merezi du kanpoko soineko zabalaren barruan zer dagoen ezagutzea!

Argazki bilduma; egin koxk!

2010-07-21

ITAKA (Pirinioetako irteera_2010-7-17)

Mendiaren poesien errezitaldia, mendiaren algara hotsen oihartzuna, mendiaren hari solteen korapilo estua, mendiaren gosea sabeleko tximeleten dantzaldian.
Aterpetxeko zurrungen kantaldia, lo ustean lapurtutako elkarrizketa, bi esku eta hiru lagun, asteburu bat eta oroitzapenak mila. Larunbatean irratian egin genuen saioan kateatu zaizkigunak.

2010-07-17

HIRU ERREGEEN MAHAIA (2444 m) eta PETRETXEMA (2366 m)

Gaua gozoa izan zen: nekeak pilatutako gozoa hanketan, beroak eragindako izerdi gozo gehiegizkoa, eta logelakideen zurrunkek... gozo jarri ninduten! Baina gozoa azken batean, bere goxotasun guztiarekin gozoa izan zen gaua Linzako aterpetxean. Mendiak hori ere ematen digulako, inguruaren poesiaz, askatasunaz, ilusioaz, lasaitasunaz, adiskidetasunaz gain, gaua partekatzen ikasteko aukera. Irteeraren bigarren eguneko bi helburuak: Hiru Erregeen Mahaia eta Petretxema. Hiru bat orduan ederki heldu genion Mahaiko bideari, azken urteetan pilatutako ilusioaren marrazkia irribarreak irudikatzen du.

Azken zatian elur pixka bat zapaltzeko aukera ere izan genuen. Azken metroak lau hankan egin, tontorrean aita besarkatu eta zoriontasuna zerien malko ttiki artean gauean esna pasatako orduetan pentsatutako bertsoa idatzi nuen tontorraren puntan.



Goimendizale hasiberrien
lehendabiziko ametsa,
ilusioak harkaitz artean
aurkitu ohi du babesa,
mahaian eseri ta berehala
a zer nolako sorpresa!
Argazki eder bat egitea
izan da nahiko erreza,
hiru errege ta erdian ni
odol gorriko printzesa.


Hortxe ez zen bukatu ordea, gure erronka; Petretxema genuen begiz joa. Atzera ordubete pasatxo egin eta lepoan eskuinera ordubeteko bidea egin eta tontorrean ginen. Arnas pixka bat lapurtu zidan azken aldapak, bizitza pusketa bat eman. Eta buruari bertso berri bat pentsatzeko indar pixka bat ezin hartu eta Edurnek (Linzan ezagutu genuen Arrasateko lagunak) egin zuen bertsoa denon izenean.



Gaurko honetan askotarako

eman digu guri egunak,

Errege Mahaia ta Petretxema

gaur zapaldu ditugunak,

urrats batzuek gogorrak eta

beste batzuek bigunak,

bidean gora izan ditugu

Arrasateko (Beasaingo) lagunak.


Egun zoragarria; espediziokideak ezin hobeak: Arrasateko lagun berriak (Marijo Ijurra, Edurne Balzategi eta Ana Azkarraga), Izalgo Anttonio Berasategi eta aita.

Argazki bilduma, egin koxk!

TXIPETA (2189 m)










Bi egun zukutzeko. Helburua mendian gora arnasa utziz, Pirinioak arnastea, Linzako aterpetxean lo egin eta hiru mendigain egitea. Aitarekin eta Anttonio lagunarekin. Aspaldian amestutako irteerari gogotsu heldu genion lehenengo egunean: Zurizatik Ozako basorako bidean Petrafitxako lepotik Txipetara igo ginen eta handik beste aldera Petrafitxa gaina eta Kinboa inguruak zapaldu genituen. Zazpi-zortzi ordu inguruko ibilaldi zoragarria, hurrengo egunean egin beharrekoen atari. Ezkerreko argazkian Alanos mendigain zorrotzak Petrafitxako lepotik ateratako argazkian; beste bietan Txipeta gainean gaude. Iaz hartutako ohiturarekin jarraituz Txipeta gainean utzi genuen aurtengo udako lehen mendi-bertsoa. Bertara hurbiltzen bazara... hauxe topatuko duzuna!


Bidean belazeak
bidean erreka,
inguru menditsuak
jan digu arreta,
bihotz-barna gainezka
begiak beteta,
altxor zoragarria
zeneukan gordeta,
eskura jartzearren
milesker Txipeta.
Argazki bilduma, egin koxk!

2010-07-03

BI GURPIL


Ez zaigu ahazten. Behin ikasiz gero ez zaigu ahazten bizikletan nola ibili. Bitxia badirudi ere bi oinak pedal gaineetan jarri eta badirudi indarrak bakarrik egiten duela aurrera. Orekaren xarma, bahinola aitak, edo amak, zelaren atzeko aldetik heldu eta ume usaina nagusi zen arratsalde hartan oparitu zigun magia.

Bi gurpil. Izter tinkatuak. Besoen kurbadura. Lepo inguru mindua. Hauspoa lasai. Begirada betea. Aurrean aldapa. Atzera begiratu ezin.

Azken urteotan apenas ibili naizen bizikleta gainean. Azken bi egunotan Goierri inguruak bizikleta gainean bisitatu ditut. Gabiri, Atagoiti, Brinkola, Larraitz, Abaltzisketa, Orendain... Sufrimenduaren aurpegi gozoa, poliki bada ere, beti aurrera egitera bultzatzen zaituena. Aldapa behera haizearen izerdia, bihurguneen zirrara sabelean gora, tentsioa nekearen ispilu.

Bi gurpil. Eta gelditzen den arrastoa: ipurdiko mina. Baina, iltze batek beste bati tira egiten dionez, irrikaz nago hurrengo bizikleta buelta noiz egingo.