2010-09-01

ARRAZOLA-ANBOTO (1330 m)

Arrastoak. Gorputzean tatuatzen zaizkigunak. Nahi gabe esango nuke nik. Hiru ditut eskuineko belaunean. Bat borobil-borobila; zaharrena, nirekin urte gehien daramatzana. Lau urte izango nituen? Bost? Auskalo... ordurako oinez banenbilen, korrika ere bai, hala moduz, baina korrika. Umeak korrika egin behar omen du... noraino? Auskalo! Inora iritsi aurretik muturrez aurrera erortzen da umea. Eta ni ere harri artean erori nintzen. Negarra gero etorri zen. Eta gurasoen errieta ere bai. Ez dut sekula ulertuko, min hartu duen umeari gurasoek zergatik egiten ote dioten errieta. Bigarren arrastoa adar ttiki bat da, zurtoina jaio eta lorerik jaiotzen ez zaion landarea. Ahaztuak ditut bere nondik norakoak. Eta hirugarrena... Mari sorginaren gaixtakeria (Marirenak gaixtakeriak izaten dira, gainerakoenak gaiztakeriak). Abuztuaren hamazazpian Anbotoko tontorra metro gutxira nuela erori nintzen. Eta bete-betean jo nuen belaunarekin harkaitza, edo ez dakit harkaitza bera ez ote zen izan belauna bete-betean jo zidana (zenbat gustatzen zaigun errua besteei leporatzea!). Konturatzerako lurrean nintzen... hortzak puskatu ez nituenean... Handik gora Marik berak eraman ninduen tontorreraino.

Pol-Pol, Andasto ta Bertikala
bideak mila aukeran,
bertikalari heldu diogu
korrikalarien eran,
izerdiaz gain odola ere
Anbotok egin dit edan,
erratz gainean edo bestela
Marin suzko bolan hegan,
ea hurrengoan laguntza pixkat
bidean izaten dedan!


Anbotok bi bertso merezi zituela eta bigarrenarekin ere ausartu nintzen. Mariri idatzi nahi izan nion; Mari delako etxeko leihotik askotan ikusten dudan suzko argia, Mari delako larunbatero irratiko estudioan teklatxoen mahaian izaten dudan laguna, Mari delako antzerkietako irrintzien eztarria, Mari delako...


Murumenditik, Txindokitik ta
baita ere Anbototik,
ai Mari! zure irrintzi-festa
entzuten da edonondik,
sasi guztien gainetik eta
laino guztien azpitik,
mendi tontorren magia oinez
gozatzen uzteagatik,
zure arrasto ikusezina
bihotzean daramat nik.


Bai, hor nonbait dago Marik Anbotok duen koba. Saiatuz gero, itzala antzemateko moduan zarete! Kondairak dio Mariren ile arrastoak argazkian topatzen dituenak gau batez Marirekin amets egiteko saria lortzen duela.


4 comentarios:

  1. Ilerik argazkian ez dut ikusi, baina testuan indarra, ahalegina, nekea, ilusioa, magia ikusi ditut. Zure mendiko ibilaldi ederrei poesia pasiera izugarriak oparitzen dizkiezu. Mila esker.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko zuri. Ilerik ezin ikusi? Hiriko sorgintxoak lepoa mendi aldera okertzen ohituta ez daude eta... Begiratu lasai gora; bai, bai, hortxe dago, oraintxe begira zauden txoko horretan!

    ResponderEliminar
  3. Aupa Irati: Galdetu beharrik ez dago,oporrak, mendiz mendi dotore joan direla. Ni ere halaxe ibilia naiz eta benetan ederrak izan dira. Anbotoko haitzetan zintzilik ibilitakoa naiz eta ezin ukatu beldurra ere pasatutakoa naizela; halere, leku majikoa da eta merezi du.

    ResponderEliminar
  4. Merezi du bai! Bi eskuak eta ipurdia lurrean jarri behar badira, bi eskuak eta ipurdia lurrean jarri behar dira! Poliki eta pausoa ziur emanez, merezi du bai Anboto ezagutzea. Ea inoiz mendi gainen batean topo egiten dugun!

    ResponderEliminar