2010-09-01

IRUBELAKASKO (967 m) - IPARLA (1044 m)





















Zelai artean gelditu dira
Erratzu eta Bozate,
Osondon gora bihurguneak
utzi ditugu aparte,
Irubelako harri kaskoek
maitemindurik gauzkate,
garo artean ezkutaleku
Aritzakun, Urritzate,
tontor honetan zabaltzen dira
paradisuko bi ate.

Bati baino gehiagori entzun izan diot, Irubelakasko dela inguruotako mendirik ederrena. Ederra da Baztan, ederrak ditu Baztanek Aritzakun eta Urritzate bailara-zokoak eta ederrak ditu mendiak. Ederra da Irubelakasko. Eta edertasunak zer esan nahi duen... ederra da, adibidez... ezberdina dena... ederra da, adibidez... begien ur-putzuan olatuak sortzen dituena... ederra da, adibidez... gaueko loari ametsak marrazten dizkiona... ederra da, adibidez...

Bi egun egin nituen lehengo astean Baztanen. Irubelakaskora joan nintzen ostegun goizean, Urdazubi eta Zugarramurdi (eskuineko argazkian) bisitatu nituen arratsaldean. Sorginen lurraldea hura ere. Ezagutzen ez duzuenontzat: baso-bide zoragarria dago bi herrien artean, zaldi urdinen arrastoan trazatua.

Eta ostiralerako utzi genuen Bidarraitik (ezkerreko argazkia) Iparlarako mendi buelta. Lainoak irentsi zizkigun zalantzak, duda egin genuen... damuak harrapatu aurretik heldu genion, ordea, tontorrari. Zoragarria hau ere. Ederra; ezberdina delako, begien ur-putzuan olatuak...

Behenafarroko txoko
zabalak gozagai,
nahiz behelainoarekin
ez ibili lasai,
tontorrera helduta
sentitu naiz alai,
ederra da Iparla,
ederra Bidarrai,
berriz itzuliko naiz
ta egon nire zai.

2 comentarios:

  1. Irubelakasko eta Iparla garaieraz ez dira oso handiak, baina, ederrak, bai, ederrak eta zoragarriak.

    ResponderEliminar
  2. Ni ere Irubelakasko eta Iparlan izana naiz aurtengo udaran, hau kasualitatea, eta berriro noiz bueltatuko zain eta gogobetez nabil.
    Mendia zoriona dut, zoriona eta askatasuna, bertan libre sentitzen naiz, libre eta asebetea; zu ere, Irati, hor nonbait somatzen zaitut: hegalari , zoriontsu, mendiriz mendi.

    ResponderEliminar