2010-09-14

ITAKA (udako azken mendi buelta irratian 2010-9-11)



Gorbea, Izaspi eta Samiñoko kontuak. Irratsaioko mendi-zikloari amaiera emateko saioa (egin koxk). Eta berezia, saio bakoitza berezia den neurrian, azken hau ere berezia izan da. Bermeoko Miren Aizpuru eta Beasaingo Joxan Imaz izan ziren protagonistak. Eta Xabi Larrañaga, eta Mikel Zabalza, eta Mario Unamuno, eta Donostiako Mari Jose.

Udan egin ditudan lagun berriak. Mendi gainetako postontzietan utzitako bertso eta mezuei erantzun dieten lagunak. Zirraragarria da ezagutzen ez duzun norbaiten mezua jasotzea, zure eta bere artean lotura-hari bat sortzea. Gaur bertan jaso dut azkena, Beñat Etxanizek bidali dit, Samiño gainean utzitako mezuari sorgin usaina hartu dio eta Zugarramurdiko argazki eder bat bidali dit. Ederra!

Izaspi gainean utzitako bertsoa, irailaren lauean utzi eta hurrengo egunean itzuli nintzenean falta zena. Hor nonbait ibiliko da, bakarren baten poltsikoan:


Izaspi zure tontor gainetik
kantatu nahi dizut zuri,
bistak bihurtu zaizkidalako
koadro beteko irudi,
sorginkeria, laino-majia,
tontorrak ezker-eskubi,
lau haizetara buelta osoan
mendiak dantzan urduri,
mendi-sorginez osatutako
akelarrea dirudi.



Irratsaioa jaitsi nahi dutenentzat: http://blip.tv/file/get/Irati-GorbeaIzaspi275.mp3

4 comentarios:

  1. Irratsaioa entzun dut, eta , ordu eta laurden polita,goxoa eta entretenigarria igaro dut. Partehartzaile aldetik irekia eta natur baloreetan hezigarria. Bejondaizuela eta segi horrela: mendi eta natur bideak urratzen eta goza arazten.

    ResponderEliminar
  2. Izaspi- Samiño- Oleta: Mila metroetara ez dira iristen, bederatzirehun eta hirurogei metro inguruan, batak besteko; halere,mendi gain lerro polita, oso polita, goiz pasa eder bat burutzeko.
    Bertatik ikuskizun: Aralar, Aitzgorri, Anboto-Udalaitz, Gorbea, Irimo, Erlo-Izarraitz, Ernio, Aiako Harriak, Larrun... baita, Zumarraga, Urretxu, Gabiri, Ezkio-Itsaso herriak, Agiña,Martiri, San Kristobal auzoak, eta Mandubiko gaina.

    ResponderEliminar
  3. Bertso ederra ,Irati, bete betean asmatzen duzu sorginkeriak eta akelarreak hor irudikatzen, hortxe baidaude lerro berean: Txindoki, Murumendi eta Anboto, Mariren bizi, gorde eta jolas leku.

    ResponderEliminar
  4. Aupa hirukote! Mila esker!
    Egia da, bai, mendilerro eder honen ikuspegiak zoragarriak direla. Ingurua oso urrutira iristen da; patxadan eseri eta tontor, txoko, herri ezberdinei izenak jarriz jolas polita egin daiteke!

    ResponderEliminar