2020 urte hasierarekin ahots ezberdinak bildu nahi izan genituen irratian eta keinu egin ekologiari, aniztasunari, politikari, dantzari, literaturari, bertsolaritzari, sormenari, kantuari, antzerkiari... Ahots ezberdinak bildu genituen urtarrilaren 4an, 2020 hasi berriari begietara begiratu nahi izan zioten ahotsak. Hauxe saioak eman zuena. Ederra izan zen oso. Eskerrik asko Andu Martínez de Rituerto, Eneko Galdos, Koldo Martinez, Joxemari Agirretxe, Bea Sever, Koro Irazustabarrena, Laida Miranda, Aritz Gorrotxategi, Mikel Serrano, Aitzole Araneta, Josu Penades, Aratz Igartzabal "Potto" eta Aitziber Garmendia! Beti dira ederrak zuen ekarpenak. 2020 on!
2020-01-28
2020-01-27
ITAKA_XABIER CREHUET_2020-1-25
![]() |
| Xabier Crehuet Segura Irratian_2020-1-25 |
Pasa den larunbatean Xabier Crehuet musikari-sortzaile-artista ordiziarra izan genuen Segura Irratiko Itaka saioan. "Izaki Primitiboak" eta "Gautar" proiektuak aurkeztera etorri zen, baina baita bera nor den kontatzera, musikarekin jolastera eta bere ahots grabe zoragarriaz gu gozaraztera ere. Karlos Gimenez musikari handiarekin solasean aritzeko aukera ere izan genuen. Eskerrik asko, Karlos, eta eskerrik asko bihotz-bihotzez zuri, Xabier, ederra izan zen oso zurekin goiza goxatzea.
Hemen saioa entzungai:
2020-01-23
ITAKA_AREAGO ISTORIOAK BELARRIETARA. KONTAKIZUNAK 4
Igartubeiti Baserriaren aurrean, sari-banaketa egunean, 2019-12-21
Ederra da beti Ezkioko Igartubeiti Baserrira itzultzea. Abenduaren 21ean "Areago istorioak belarrietara. Kontakizunak 4" lehiakeren sari-banaketan izan nintzen. Lehiaketa barrutik ezagutzeko zortea dut, Igartubeiti Baserri Museoko arduraduna den Kizkitza Ugarteburuk azken urteotan epaimahai lanak egiteko aukera eman didalako. Aurten berarekin eta Kutxa Ekoguneko Kakun Orbegozorekin egin ditut lanok.
2019.urteko lehiaketa burutu da (aurtengo gaia Baserria eta Paisaia), sari-banaketa egin zen eta orain liburu eder bat dugu esku artean, saritutako hiru lan (zorionak Ainara Elizondo, Maialen Akizu eta Josune García de Bikuña) eta sarituak izan ez arren, liburuan egotea merezi duten beste hiru lan (zorionak Miren Juaristi, Joxe Aldasoro eta Mikel Aiertza) biltzen dituena. Aitziber Alonso, Ainara Azpiazu eta Elisabeth Perezen ilustrazio zoragarriek jantzi dituzte ipuinak. Liburu bikaina gaztetxoek irakurtzeko, helduek irakurtzeko eta familian zein ikasgeletan elkarrekin irakurtzeko.
Larunbatean irratian bildu nahi izan nituen lehiaketaren jirako zenbait ahots. Mila esker Kizkitza Ugarteburu, Ainara Elizondo, Josune García de Bikuña (ahaleginarengatik), Joxe Aldasoro eta Ainara Azpiazu. Plazera zuekin solasean aritzea. Hementxe entzungai irratsaioa:
2020-01-22
PIN
Ez dakit oso ondo zergatik, baina burura etorri
zait ume ginela gabon oporren bezperan, tira, orduan gabon opor esaten genuen,
gaur nahiago dut neguko opor esan, eboluzionatu egiten dugu, hitzak hitz dira,
baina hiztegia fintzea ere komeni izaten da. Horixe kontua, burura etorri
zaidala ume ginela neguko oporren bezperan Bilbora joaten ginela PINera, haur
parkera, egun pasa. Behin ikasgelako lagun guztiak hartuta, literatura sari bat
jasotzera ere joan nintzen. Jolas eremu ikaragarria zen. Sartu eta ondo pasa.
Ikastetxeek aukeratzen zuten jarduera bat zen, ikasleok ondo pasa genezan,
geure buru, gorputz eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutu genitzan.
Jarduera osagarri bat zen. Kurrikulumetik kanpokoa? Ez dakit. Ondo pasatzeak,
geure buru, gorputz eta emozioak eta, bide batez, lagunenak ezagutzeak
kurrikulum barnean behar lukeela uste dut. Denok joan ginen. Gela osoa ginen
han. PINen, haur parkean.
PIN. PIN, PIN. Ordutegi lektiboan jarduera
extrakurrikularretan parte hartzeko gurasoek eman beharreko baimenaz ari dira
eztabaidan egunotan. A ze saltsa. Eztabaida piztu da, eta ez txikia gainera.
Eta beti-betikoan katramilatu da gainera kontua, sexu heziketa, feminismoa,
LGTBI aniztasuna… Pereza, nagia, asperdura eragin dezake, baina kontua serioa
da oso. Fokoa, ordea, ez nuke gurasoek baimena eman behar duten edo ez, eman
dezaketen edo ez dezaketen eztabaidan jarriko.
Zer den kurrikularra… hortxe dago giltza, gakoa. Eta
hasiko bagina seriotasunez, sakontasunez, iraunkortasunez ikasgeletan lantzen
oraindik extrakurrikularrak diren hainbeste gai? Zer dira jarduera osagarriak?
Zer dira jarduera extrakurrikularrak? Zer da osatzera datozena? Ez al dira
oinarri? Funts? Ez al da garaia sexu heziketa, feminismoa, LGTBI aniztasuna
etab. etab. eguneroko jardun kurrikularrean sartzeko? Eta eztabaida gaia horra
eramateko probesten badugu?
Bide batez, zorionak NAIZEN elkarteari azken
egunotan Bilbon eta Donostian jasotako sariengatik.
Eta aspaldian gizartean gehien eragiten ari den
elkarteetako bati, NAIZENi esaterako, tokia egingo bagenio kurrikulumean?
Audioa: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1579616309970-irati-goikoetxea-urt21-20
2019-11-28
SUDUR GORRIA
Euskalerria Irratirako astearterako prestaturiko irrintzia:
BIZI DANTZA dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen
azken diskoak. Porrotxek bidali zion opari Elederri urtebetetze egunean.
Hilabete darama gure etxean eta honezkero buruz dakizkit kantu guztiak.
Gaur ez da
ostadarrik agertu zeruan, baina kolorez bete da mundua dio kantu sarrera batek. Nork kendu dio kolore gorria ortzadarrari
galdetzen du Leire Bilbao letragileak dotore, eta ez dakit, etxeko apaletan
mozorrotarako sudur gorri bat aurkitu dut eta ez dakit ostadarraren gorria ez
ote dabilen gure etxeko zoko-mokoetan. Kendu, ordea, ez diogu ezer kendu
ostadarrari, izatekotan beste norabait joan behar eta gurean sartuko zen
kukuka. Eta guk tokia egin, sudurrari, gorriari eta ostadarrari.
Dantza doinuak kantu eta kantuak dantza doinu
bihurtu ditu proiektu berriak gorputz eta mingainak mugitzeko gonbita luzatuz.
Baina dantzak bizia izango bada plazak behar ditu eta bizitzak dantza egingo
badu plazak behar ditu. Plaza anitzak. Plaza koloretsuak. Eta plaza irekiak.
Ama hitzkuntza euskara dutenek ere, Iruñean ere,
berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen
erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute. Ama hizkuntza euskara ez, baina
euskara dakitenek ere, Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun,
eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi
dute. Eta ama hizkuntza euskara ez, eta euskararik oraindik ez dakitenek ere,
Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun
baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute.
Etxeko sudur gorria hartu eta kalean utzi dut. Ea
nork hartzen duen!
Audioa: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1574780525475-irati-goikoetxea-aza26-2019
2019-10-31
ZULOAK AGERIAN
Euskalerria irratirako prestatutako astearteko irrintzia:
Ostiralean autobusa hartu nuen goizerdian
Berriozarrera joateko. Lan kontuak. Beteta zegoen eta erdialdean gelditu
nintzen zutik. Atzetik ezagutzen ez nuen emakume batek sorbaldan ukitu, nik
gorputza jiratu eta irribarre lagunkoi batekin esan zidan: “Tienes la mochila
abierta”. Eta nik ustekabean: “A, eskerrik asko!”.
Aitortzen dut, inoiz presaka ibiltzen naizenean,
zipirri-zaparra, motxila erdi irekian ixten dudala. Emakumea begira gelditu
zitzaidan eta esker onez edo bere hurbiltze keinuari errespetuz, motxila
sorbaldan zintzilikatu eta begiratu egin nuen irekia zegoena ixteko asmoz.
Zentimetro bat, askoz gehiago ez. Akaso gutxiago. Gutxi gorabehera zentimetroko
irekiera zuen motxilak. Grazia egin zidan emakumearen kezkak eta lagundu beharrak.
Neurekiko barre egin nion egoerari, eta irribarre txiki bat munduari.
Estetikagatik esango zidan agian, baina uste dut norbaitek motxilan eskua sar
ziezadakeelako esan zidala. Laneko koaderno apuntez betea, hiru-lau boligrafo,
pare bat konpresa, platano bat eta bi mandarina eta bi euro solte hor nonbait
eroriak. A, eta “Ama-Alu-Lur” antzerki-lanaren informazio orri bat. Bakarren
batek zerbait hartzeko asmoz eskua sartuko balu horixe topatuko luke. Barre
egin nuen. Motxila irekita eramatea ez da inoiz kezka izan niretzat, batek
baino gehiagok ohartarazi izan dit, ordea: “E, motxila irekita daramazu”.
Ez nuen motxila itxi. Gehiago ireki nuen. Sar
zítezela ingurukoen begirada, barre, kezka, ilusio eta beldurrak, sar zitezela
isiltasun, hasperen eta xuxurlak. Pisutsu sentitu nuen motxila eta aldi berean
arin sentitu nintzen. Eta gustura.
Gurea babestu behar horrek sarri besteena ezagutzea
galarazten digu. Hori dute zuloek xarma. Zulo berak irteteko eta sartzeko balio
duela. Itxita dagoen zuloak, ordea, beltza, ez du besterik kolore.
Justu-justu harrapatu nuen emakumea autobusetik
jaisten hasi zenean: “Hau zuretzat. Oso harrera ona izaten ari da. Ea Nafarrora
ere etortzen diren” esan nion. Ama-Alu-Lur antzezlaneko informazio orria
motxilatik hartu eta eman egin nion. “Gogoratu. Ama-Alu-Lur” esan nion
berriro. Alua, alua, alua. Beste zulo
bat gehiago. Ez beltz eta ez kolore. Itxi-itxi-itxi eta ezkutarazi duguna.
Existitzen denik ere! Bea, Itziar, May eta kuadrila, bejondeizuela egiten ari
zareten lanagatik. Ama-Alu-Lur, ea Nafarrora etortzen zareten, sorgin baten
ametsak hemen ere ipuin bihur daitezen.
Irratiko audioa: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1572360519063-irati-goikoetxea-urriak-29
2019-10-28
URTE ASKOTARAKO, ELEDER!
Pottorron gurea!
Hori da hori, amatxo, eskutitza hasteko modua! Baina, nola hasi gure artekoa etenik gabeko emana izaten bada: isiltzen ez diren solasak, bukatzen ez diren jolasak, aspertzen ez diren bihurrikeriak... Segundo bakoitza bizitza oso bat da zure ondoan. Hiru urte. Bai, gaur hiru urte. Gaur eskerrak emateko nago; eskerrak, hiru aldiz gutxienez. Hain txikia izanik amatxoren onena balioan jarri eta zure egiteko gaitasuna duzulako, eskerrik asko maittea. Ipuinak irudimen eta irudimena errealitate bihurtuz ingurua gozarazten duzulako, eskerrik asko bihotza. Eta konplizitateagatik, hurbiltasunagatik, esku txiki horiengatik, eskerrik asko Eleder.
Aurreko bi urteak zoragarriak izan dira. Hau ikaragarria izan da. Zer den zurekin ordutan eta ordutan isildu gabe hizketan aritzea; plazera. Zer den inoiz esperoko ez nituzkeen zure erantzunen galderak ere zuk zeuk asmatzea; plazera. Zer den nire baitako ume txikia zure lagunik onena dela sentitzea; plazera.
Hiru urte. Ikasi duzu kantuak bereizten, ikasi duzu kantuak abesten, ikasi duzu kantuak sortzen, ipuinak kontatzen dizkiguzu, mendirako eta baso guneetarako grina piztu zaizu, salto egiten duzu hankekin, buruarekin eta bihotzarekin, harrigarrikiro ikasi duzu pixa eta kaka noiz, non eta nola egin nahi duzun bereizten, gozatu egiten duzu txirrindu gainean, trenarena egiten eta hogei borobileko eguzkiak marrazten. Hiru urte eta mundu bat zure baitan.
O baserritxo osorik kantatzen duzu eta Haizeak bidali du... Eta autoan itsasontziaren kanta eta Ekaitzen kanta eskatzen dituzu. Atzo ez bat eta ez bi, aho-soinua jotzen ikasi zenuen. Zure ondoan gure bihotzek dantza baino ez dute egiten.
Ez dago gauza ederragorik, goizean goiz esnatu, elkarrekin gosaldu, elkarri eguna zabaldu eta barruak lehertu beharrean barrez, zu txirrinduan eta ni korrika, eskolara joatea baino. Horretan ere ikasi duzu, eskola goxatzen eta eskola ilusio bihurtzen. Ez dago gauza ederragorik, oraindik ere, hozkaka jaten duzun titia kale, etxe, kotxe, ohe, parke, liburutegietan... zuretzako agerian jartzea baino. Zuk nahi duzun arte, txiki. Ez dago gauak, oraindik ere, zurekin partekatzea baino ederragorik, begien loan, gauerdian, zerbaiti, auskalo zeri barrezka ari zarela somatzea. Hau sekretua: zure barreak izarapean gorde eta nire oinen inurri-kilimak bihurtzen ditut.
Badakizu, zer? Hau ere sekretua: gauero egunean zehar zurekin bizitako une bakoitza oroimenean izozten dut eta hori da lo zauden bitartean kontatu eta kontatu egiten dizudan ipuina.
"Amatxo bat eta bakarra munduan!" esaten didazu. Bat hori zuk aurkitu beharra ere! Zortekoa ni!
Susmoa banuen hala izango zela, baina ederra da, ederra da oso zure ama izatea.
Txindokiko puntan ohea jarri eta bertan egingo omen dugu lo biok. Horixe egunotan bion artean adostu duguna. Lortuko dugu. E! Irudimenarekin! E! Saiatuz! Bai, horixe!
ESKERRIK ASKO, ikaragarria zara eta ikaragarria egiten nauzu.
Hiru urteko zure amatxo, Irati.
2019-10-08
Itaka_Jon Barberenari omen_2019-10-5
Gogorra izan zen irailaren 14koa, beharrezkoa eta gozoa urriaren 5ekoa. Irailaren 14koan zure ahotsa bildu genuen, Jon, gurera, abuztuaren 31n Itakan izan zenuen parte hartze ederra gogora ekarriz. Seme-alabak izan zenituen hizpide, etorkizuna; zure ahotsak eta zure hitzek eta zurekiko oroitzapenek goxatuko diguten etorkizuna.
Urriaren 5ekoan iraganari begiratu genion: Jon eta kuadrila, Jon eta bertsoa, Jon eta Bergarako Idazle Eskola, Jon eta txirrindua, Jon eta inplikazioa. Josu Goienetxe, Xabi Maia, Onintza Enbeitaren idatzia, Tere Irastortza, Itziar Gomez, Ramontxo Garmendia eta Ines Castiella, bihotzez, mila esker zuen ekarpenengatik. Ekaitzek bertsoz eta Iratik hitzez, etxekoak eta inguruko lagunak gogoan, omenaldi goxo bat egin nahi izan genizun Jon. Zure hitz, bertso eta poemek beti izango dute txoko bat gurean.
Hatz artean estutu dut haizea
eta lepoa ito egin zait, eta bihotza eztarrian
eta burua erorita doakit,
ezin eutsi.
Haizeak lotu dizkit hatzak
eta lepoa eta bihotza eta eztarria eta burua
eta ezin eutsi
eta ezin etsi
mina, mina, mina.
Bertsoz kantatzen ez direnean
min ematen du agurrak,
heriotza ta bizitza bera
ez ote dira lapurrak,
betileetan gurutziltzatu
arren galdera ikurrak,
zure bitartez laztandu ditut
maitasunaren gailurrak,
negua heltzen zaidanean, Jon,
ez nau hartuko beldurrak,
zu bezelako eguzkiekin
urtuko dira elurrak.
egiteko korrika eta pausa,
eta egiteko hozka begirada zorrotz horri.
Hitz bat eskatu nahi dizut, eta beste bat, eta beste bat,
ez dadila beti azkena izan,
ez dadila inoiz lehena izan,
egiazko zure irribarre guztiak gordeko ditut poltsikoan galtzak lehertu arte.
Eta gero irri eginen dugu, zurekin, eta nirekin, orduan ere.
Irailaren 12an bertan, barruak bultzata, idatzi nuena:
Hau da barne mina Jon... goiz osoa daramat neure buruarekin borrokan ez da posibleka. Negar batean dauzkat bihotz-begiak. A ze kolpea! Besarkada estu-estu goxo bat familiari, etxeko bi txiki horiei eta gertuko zirkulu guztiari. Ze ederra zinen, ze gozoa, hurbila, emana. Izugarri gozatzen nuen zu hizketan entzunda... Eskerrik asko elkarrengana emandako pauso guztiengatik.
Igartza Saria irabazi nuela jakin nuenean Ekaitzk aipatu zidan "jende asko poztuko da zugatik, Irati, Jon Barberena eta beste asko". Propio aipatu zizkidan Ekaitzek zure izen-abizenak. Nik mugikorrik ez eta atzo mezua idatzi zenion Ekaitzi (oraintxe jakin dut idatzi zeniola ni zoriontzeko esanez, banekien, banekien egingo zenuela... eta Ekaitzek hainbeste jenderi erantzuteko astirik ez eta zuri gaur erantzutekotan itzali zuen mugikorra atzo... nik erantzungo dizut ozen-ozen...zuk ondo entzuteko moduan, Jon: ESKERRIK ASKO BIHOTZ-BIHOTZEZ. AI! ZENBAT GUSTATUKO LITZAIDAKEEN LIBURUAREN IRAKURLEETAKO BAT ZU IZATEA... MUXU BAT!)
Abuztuaren 31n Itaka irratsaioan solasean aritu ginen biok (zernahi eskatuta ere beti prestu azaltzen zinen. Xalbadorren "Odolaren mintzoa" irakurtzeko gomendatu zenigun. Kontatu zenigun askotan joaten zinela txirrinduan Urepelera, Xalbadorren oroigarri-plaka ukitu eta buelta etxera...). Hitz hauekin amaitu genuen solasa uhin bidez "... beti esaten dizut gauza bera, plazera gaur ere zurekin solasean aritzea. Egun polita izan".
Eta gaur malko artean ezin besterik gehitu, Jon: PLAZERA IZAN DA. Martxoaren 14ko sari-banaketan oparitu zenizkidan bertso-besarkada haiekin gelditzen naiz. Eta zu ezagutu izanaren pozarekin.
2019-08-07
Itaka_Peio Ospital_2019-6-15
![]() |
| Peio Ospital Segura Irratian |
Haize bufaden erasoaldiak arnasa du jomuga, horma arrakalatuetan ihes egiteko bideak aurkitzea du helburu. Arnasak norantz egiten duen putz, hor dago koxka. Izango bada, azkena behar du izan; hatsa, hasperenaren etenaldia. Ahoan harrapakari bat sartuko bagenu, heriotza irentsi aurretik bizitzaren izerdiak lapurtuko lituzke eta orduan denok hartuko genuke arnas, bizi gosez. Bizia baita, izan gabe, lo-zurrungak esnatzen dizkiguna gauero, arnasa eta hatsa errepikaezin bihurtzen dituena, hasi eta buka, tarteko eten-puntu guztiak korapilatuz.
Peio Ospital Segura Irratian, Itaka saioan, izan zen ekainaren 15ean "Arnasa... Hatsa... Bizia" diskoa aurkezten. Ze ederra hurbiltasuna. Ze ederra zintzotasuna. Zurea. Mila esker, Peio! Andoni Salamero izan zuen ondoan. Maitasunez eta maitasunetik egiten du guztia Andonik, hala aberastu zuen solasaldia eta lagunartea. Bejondeizuela, proiektu zoragarria duzue esku artean.
Laster bi saio eskainiko ditu Gipuzkoan. Inguratzen bazarete, gozatuko duzue.
Laster bi saio eskainiko ditu Gipuzkoan. Inguratzen bazarete, gozatuko duzue.
Abuztuaren 23an, Ibarran, 22:00etan.
Abuztuaren 29an, Olaberrian, 21:30etan.
2019-07-04
Itaka_Ione Gorostarzu_2019-6-8
![]() |
| Ione Gorostarzu "Ez da erditzea" liburuaren aurkezpenean |
Zasta! Erdi-erditik ebakita ere, nork esan erdiak hor behar zuela! Desorekak ere izango du, haizea alde, bere burua orekatzeko eskubidea. Eutsi, tira eta eten. Soka muturreraino estutu eta korapiloa egiterako orduan, askatu mami, azal eta hezur guztiak. Sokak ere badaki nor izaten erdigunea zulo bihurtu eta gero ere.
Zasta! Erdi-erditik ebakita ere, nork esan erdiak hor behar zuela! Bi mutur zituen sokak lau ere izan ditzake erdira txikitzeko tentazioak bikoiztu egiten duenean.
Ione Gorostarzu idazle berastegiarrarekin solasean aritu ginen Itakan ekainaren 8an. "Ez da erditzea" poema liburu ederra aurkeztera etorri zen. Jolasteko eta solasteko tartea hartu genuen, katilua eskuan.
2019-06-19
KAKA DE TXIKILLO
Euskalerria irratiko atzoko Irrintzi Plazarako prestatutako hausnarketa:
Parkez parke
ibiltzen naiz Eleder txikiarekin, zeharkatu ditugu Iruñeko hango eta hemengo ia
parke guztiak. Lagun berriak egiten saiatzen gara, elkarbizitzen kolunpio eta
txirrista artean, elkar-ulertzen, elkarri eskua luzatzen, hartzen eta uzten,
adosten.
Orain dela pare bat
hilabete inguruko parkeetako batean genbiltzala “Rojo y amarillo, caca de
chiquillo” esanez entzun nuen norbait, ahots gaxte bat. Harrituta jiratu nuen
burua, entzun nuena benetan entzun ote nuen eta nork esan ote zuen ikusi eta
ziurtatzeko. Bost bat urteko mutikoa, ikastetxeko uniformez jantzia eta amari
gaztelaniaz egiten ziona. Harritu egin nintzen, bai; asko. Batetik, guk orain
dela 25-30 urte ikasitako errima-jokoa hainbeste urteren ondoren ume baten
ahotan entzuteagatik eta bestetik, esan bezala, mutikoak ikastetxe erlijioso
bateko uniformea zeramalako eta
gaztelaniaz egiten zuelako bere amarekin hizketa. Bai, badakit. Aurreiritziak.
Harriduraren muina sinplea da oso. Bai, badakit. Baina, harritu egin nintzen eta
kitto. “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” mutiko hari nork, noiz, nola,
zergatik eta zertarako erakutsi ote zion galdezka aritu nintzaion neure
buruari, “Rojo y amarillo, caca de chiquillo” nork, noiz, nola, zergatik eta
zertarako erakutsi zigun guri neure buruari askotan galdetu izan diodan
bezalaxe.
Egunotan orain dela
bi hilabete entzundakoaren oihartzuna berritu zait. Larunbataren biharamunetan,
biharkoaren bezperan, hementxe gaude denok, chiquillo eta chiquilla, gorri izan
edo hori, berde, zuri, more edota urdin,
elkarbizitzaren kaka artean. Eman
nizula, esan zenidala, utziko zeniola, ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola,
nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez, beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere…
Lau urtean landu gabeko harremanak bezperako gauean antzeztu, nahasi, korapilatu
eta txikitu nahi ditugu. Bai, txikitu, puskatu eta txikiago egin. Harremanek
erraldoi beharko luketenean herri bat modurik demokratikoenean eraikitzeko.
Demokraziak, ordea, gorrotorik gabeko bizikidetza du oinarri eta nago eman nizula, esan zenidala, utziko zeniola,
ikusiko genuela, lotuko gintzaizkiola, nik zurekin bai, baina, zuk harekin ez,
beraz, guk elkarrekin ezta pentsatu ere… nago urteak joan urteak etorri,
lau urtekoak joan lau urtekoak etorri oso-oso-oso gutxi ikasten dugula. Beste
lau urte ditugu aurretik bizikidetza erdigunean jarri eta lehenengo egunetik
elkarrengana hurbiltzen hasteko. Asmatuko ote dugu.
Gainerakoan,
parkeetako umeek beren inguruak kaka kakatzar nola bihurtzen duen baino ez dute
ikusiko. Eta ikasiko. Konponduta gaude.
Hementxe audioaren lotura:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1560864982611-irati-goikoetxea-ekainak-18
2019-05-24
Itaka_Goierriko Irakurle Taldeen III.Topaketa_2019-5-18
![]() |
| Patxi Zubizarreta |
Ordizian ospatuko dugu bihar (17:00etan Zuhaiztin) Goierriko Irakurle Taldeen III.topaketa. Patxi Zubizarretaren "Jeans-ak hozkailuan" liburua izango dugu solasgai eta Patxi Zubizarreta idazleari ondo merezitako omenaldia egingo diogu.
Horren harira osatu genuen pasa den larunbatean Itaka saioa, ahots ezberdin eta anitzak bilduz. Eskerrik asko Belen Maiza, Edurne Huesa, Lide Egizala, Kontxi Simon, Pilare Muxika, Marian Bidegain, Lourdes Imaz, Mikel Babiano eta Patxi Zubizarretari literaturaren ahotsa uhin bihurtzeagatik.
2019-05-22
JOSEFINAREN GOZOKIA
![]() |
| Eskerrik asko Txinparta Elkarteari argazkiengatik |
Igandean Ezkaban izan
nintzen, San Cristobalen, urtero maiatzaren 22aren bueltan egiten den
omenaldian. Memoriari ahotsa jarri beste behin; orain, bihar ahots hori hauts izan
ez dadin. Aurkezpen lanak egiten hasi aurretik Josefina Lanberto hurbildu
zitzaidan; beti bezain irribarretsu, beti bezain gozo. Anorak azpitik eskua
sartzeko esan zidan. Eskua sartzeko eta hartzeko gozoki bat. Beti eramaten ditu
gainean, marrubizkoak, laranjazkoak eta limoizkoak. Eguerdiko hamabiak bat gutxi. Bat hartu
eta poltsikoan sartu nuen olerkia irakurtzerakoan mingainean trabarik ez
egiteko.
Izan
urrats,
pauso, arrasto.
Izan
bide
eta espazio,
izan
denbora,
izan nor.
Oroimen lausotuen eguzki,
ahots isilduen trumoi.
Izan
pentsamendu, iritzi, mami.
Izan hezur.
Hondar
arteko oinatzak, ur direlako eta ez beste ezer,
zure
bideak ez direlako sasi,
eta
bai,
zure
begiradak izena duelako bere.
Izan,
begi
izan
gaur
eta etorkizun.
Non
lapurtu zizuten aurpegia?
Izan
zugan, zure eta zuretzako.
Eta
izan guri.
Oraindik
hor zaude, ezta?
Olerki-aurkezpenaren
atzetik ordubeteko bertso, musika, testigantza, dantza saioa ondu zen. Omenaldia
bukatzean jan nuen marrubizko gozokia. Josefinak emandakoa. Eta bai, inoiz
baino gozoagoa iruditu zitzaidan. Gozokiaren azken zati txikia hortz artean
kraskatu nuenean, behin kalean elkar agurtzean esan zidana etorri zitzaidan
akordura. Semeaz galdetu eta atzetik esan zidan: tú cuéntale lo nuestro e. Ahotsak
hauts bihurtu ez daitezen.
Euskalerria irratiko irrintzia:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1558448949830-irati-goikoetxea-maiatzak-21-2019
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1558448949830-irati-goikoetxea-maiatzak-21-2019
![]() |
| Eskerrik asko Txinparta Elkarteari argazkiengatik. Publikoari bizkarra emanda errezitatzen ausartu nintzen. |
2019-05-10
ITAKA_Patxi Iraola_2019-5-4
![]() |
| Patxi eta Rufino Iraola |
Heriotza hotz, kantua epel, bertsoa bero. Solasa lagun, jolasa irri. Soka egin daiteke eten edo soka bihur daiteke korapilo, hari estu. Hitzak zizta egiten duenean, umoreak hozka egiten du eta triste antzeko malkoek abestu egiten diote itsasoari oroitzapenen altxorra betiko gorde dezan eskatuz. Kanta dezala kanta txoriak, udaberrian gaude eta. Kanta ezak, Patxi, kanta ezak, udaberriko txori.
Pasa den apirilaren 27an hil zen Patxi Iraola bertsolari zaldibiarra. Maiatzaren 4an Rufino bere anaiarekin solasean aritu ginen Segura Irratiko Itaka saioan. Patxiri eskaini nahi izan genion saioan Joanes Illarregi eta Euxebio Igartzabalek ere parte hartu zuten. Eskerrik asko denoi!
2019-05-03
ITAKA_Koldo Zubeldia_2019-4-20
![]() |
| Koldo Zubeldia |
Hogeita bederatzigarrena. Irailean egingo ditugu hamar urte irratian solasean elkarrekin eta hamargarren urteurrena hogeita hamargarren saioarekin ospatuko dugu. Hogeita bederatzigarrena egin dugu halere, aurretik. Hogeita bederatzigarrena ederra hau ere. Kuku kantuan aritu gara hontaz eta hartaz hizketan. Beste behin, eskerrik asko, Koldo, zure poesia eta jarduna Itakaraino ekarri eta entzuleoi oparitzeagatik. Apirilaren 20ko solasa entzungai:
Suscribirse a:
Entradas (Atom)














