2013-05-27

AMEN...


... ZU HOR ETA NI HEMEN...






Bai. Igande arratsaldeak Lazkaoko mojen komentuan harrapatu ninduen atzo. Eliza eta komentuetarako ohiko eta ezohiko ohiturarik ez dugunoi halako tokiek harrapatu egiten gaituzte. Hantxe harrapatu ninduen komentuak eta Gaintzako moja jator batek, oilo eta oilaskoei jana ematen.  Aitak esan zion mojari... alaba dut. Eta nik irribarre, aurkezpen hark mojaren pentsamenduan hozka egin zezakeenik ohartu gabe. Nik irribarre. Eta han hasi zen galdeketa, inuxentea ni. Nik irribarre. Han hasi zen galdeketa:

- Zenbat urte dituzu?
- Hogeita zortzi (ume ikusten ote nain? Heldu? Gaztetxo? Emakumetzen hasita?)
Eta nik irribarre.
- Soltera zaude?
Eta berak irribarre. 
Eta nik ere bai.
Eta erantzun aurretik... neuk neure buruari: moja bati zer esaten zaion, Irati? Mutila dut? Mutil-laguna? Bikotea? Ligea? Zer dun entzun nahi duena?
Eta nik irribarre. Eta asmatu nuen zerbait esaten.
- Bai, tira, bueno, soltera? Laguntxo bat badut. (Laguntxo bat? Zer dun hori, Irati? Luisek entzuten badin!)
Eta nik irribarre.
Eta berak ere bai. Ez dakit lehen baino zabalago edo estuago. Eta zapla:
- Mojatarako proposamena egin nahi nizun.
Eta nik irribarre. Eta ni gorri. Eta nik algara.
- Ni moja?  (Hori pentsatu nuena. Esan ezertxo ere ez. Nik irribarre. Moja? Ez, eskerrik asko!)
- Ze izen duzu? 
Eta nik irribarre. Esan egin behar dion, Irati? Zerrendan sartuko hau? Hiri ere iritsiko zain deia... Jainkoaren deia? Izena esan behar dion?
- Irati.
- Izen polita.
- Bai. Irakaslea naiz. Matematika irakaslea. (Hik kontaizkion kontu gehiago. Baina, ze esan nahi dion horrekin? Matematika irakasleak ezin direla moja izan? Deia... laster etorriko zain...).

Gauean halaxe esan nion Luisi: pentsatzen aritu naiz... akaso moja sartuko naiz.
Eta irribarre faltan, barre egin genuen.

Eta neure buruari galdetu nion... ea oiloak eta oilaskoak ere moja eta fraide sartzen ote diren...


2013-05-13

TXAMANTXOIA (1945 m)



Irati Txamantxoian (1945 m) 2013-5-12




Kondaira zaharrek diote edertasuna hilezkortzen denean, begiak itxi behar direla. Eskuzabaltasun keinu bat da. Nik bertan gozatu nuen; zuek argazkitik bertatik gozatzeko nik begiak itxi behar omen ditut. Eta horixe egin nuen, kondaira zaharrari kasu egin: To esan, to zuentzat.

Bertara iristen denak hori du bere alde: begiak zabalik eta begiak itxita gozatzeko aukera. 

Mendi irteera ederra izan zen atzo Luisekin egin nuena. Autoa "Rincón de Belagua"ra iritsi aurreko gaztandegian utzi eta han hasi zen gure lehen abentura. Marka da gero, bi orduko ibilia aurretik izan eta lehen pausoa emateko zailtasunak topatzea. Ezin asmatu Belagua erreka(TXOA), bai, errekaTXOA, nondik pasa. Bi metro eta erdiko zabalera zuen erreka(TXOA), bai, errekaTXOA, ozeano bihurtu zitzaigun. Baina, igerian egin gabe, oin puntak busti gabe, irrist egin eta ipurdikorik hartu gabe... asmatu genuen (nola edo hala) hankak luzatzen. Burugogor bat + burugogor bat = han goian itsasoa. 

Behelainoak tarteka sorgindu gintuen, harri-pilek tarteka sorgindu gintuzten eta kukuka-kukuka han goian itsasoa topatu genuen. Eta ze gustura egiten den igerian han goiko itsasoetan! Oin puntak busti gabe, irrist egin eta ipurdikorik hartu gabe... 

Bidean elurrik ez genuen topatu. Bideko elur guztia puntu geodesikoaren inguruan zegoen nonbait pilatuta. Eta postontzia elurpean. Ezin bertsorik utzi postontziaren barruan. Elur gainean idatzi genuen. Elurretan utzi genuen. Eguzkiari oparitu genion. Elurrak urtu bitartean kantuan aritu dadin.


2013-05-06

BERGUENTZA





Ea mugikorrerako bateriarik ba al dudan galdetu dit. Berea etxean ahaztu duela eta dei baten zain dagoela eta... Barre egin du eta harritu egin da eta pentsatu du "beste Iratikeria bat". Aurpegian antzeman diot Lubori "beste Iratikeria bat". Eta harritu ez, baina, nik ere barre egin dut. Gustura, gainera! ¿Qué no tienes móvil? (bulgariarra da Lubo, ez daki euskaraz; ari natzaio pixka bat irakasten, euskal hitzak bulgaro hitzen truke, ez pentsa, merkea da salerosketa eta biok ateratzen gara irabazten, ez dago krisirik). Eta nik ezetz.
-  ¿Y si tienes una emergencia? 
-  Eta nik: larrialdi bat? Abentura ere polita da, Kalean ondoan doanari laguntza eskatzea. 
- ¿Y no te da vergüenza? 
- Eta  nik: lotsa? Zergatik lotsa? Mugikorrik ez dudala esateak lotsa? Nik neure heldutasunean egindako hautua da. Lotsa? Zergatik lotsa? Zuri zergatik emango lizuke lotsa?
- Imagínate que le pido a una chica el número de teléfono.
- Eta nik: eta? Deitu etxera!

Barre egin du. Eta lotsatu egin da. Berguentza. Ez diodana ulertu da lotsa nork pasatuko lukeen, neskak edo mutilak; mugikorra ez duenak edo duenak.


2013-05-03

ITAKA (Goiatz Labandibar_2013-4-20)





Trena iritsi denean, inor ez zegoen begira. Kirrinka-kirrinka iritsi da, banator-banator esanez, kirrinka-kirrinka. Geltokiko ordularian arratsaldeko zortziak eta hiru minutu. Argiak ilun, eserlekuak ere bai. Trena iritsi denean, inor ez zegoen begira. Isilik dago arkupea. Kirrinka-kirrinka entzun da ozen, baina, isiltasuna, isiltasuna da gainerakoan. Isilik dago arkupea.

Ateak ireki dira, eta emakume bat jaitsi da hirugarren atetik behera, kan-kan-kan egiten dute haren zapata puntadun zorrotzek. Kan-kan-kan. Maleta bat dakar eskuetan, maleta bat oso txikia, kolorerik ez duten begi horien jabearena izateko txikiegia. Begi horiek kolorea bidean galdu dutela dirudi, urrutitik datozela, oso urrutitik. Eta maleta txikiegia da distantzia horietarako. Gizon bat ere jaitsi da bosgarren atetik behera, eta bere gorputzak egiten du kan-kan-kan. Ez darama takoidun zapatarik, baina, bere gorputzak kan-kan-kan egiten du.

Emakumeak esan dio agur, eta gizonak esan dio agur. Trena joan da kirrinka-kirrinka. Emakumea joan da kan-kan-kan. Eta gizona joan da kan-kan-kan. Arkupeetara isiltasuna itzuli da. Trena iritsi denean, inor ez zegoen begira. Ni, eta agian zu. Baina, beste inor ez.

Goiatz Labandibar







Goiatz Labandibar -> pausoka-pausoka bidea egiten delako. Saltoka-saltoka bidea trazatzen delako. Hitzez hitz ipuina. Eta geltokiz geltoki liburua. Maleta oparitu ez, maletan sartu gintuen idazle gazte oiartzuarrak, Europan barnako bidaia. "Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak" bere lehen eleberria hartuta etorri zen Itakako geltokira, larunbat goizari zegokion edo berak nahi zuen ipuina idaztera.


2013-05-02

ZORIONAK AMONA!




Gogoratzen amona? Gogoratzen al zea ze gustoa hartu gendun katilukada txokolate larunbat atsalden alkarren ondon? Zuk nola in erakutsi, ta ni sukaldari gozogile. Txurrok falta, baino, alkarren laztanak ta alkarren irrik busti genittun txokolatetan. Amona ze nota jarriko diozu nere saltsa-maltsai? Ta zuk to, hamarrekoa. Esaten do bai, aittek maistra izan beharrekoa zinela zu.

Gogoratzen amona? Gogoratzen al zea kontu kontari pasatako atsaldez? Koadernoa ta boligrafoa eskun... amona-amona kontau kontu gehio... Ipuine osau  nun azkenen zure astokin, ta esne banatzen pasatzen zenittun goizekin, ta okindegia bisitan juten zitzaizkizun soldadukin, ta trenakin ta aittona Patxikin. Gogoratzen amona? Zu zinen protagonista, la hermosa Pruden.

Gogoratzen amona? Gogoratzen al zea lo in behar eta alkarren ondon  bi neska gazten mondun isildu gabe lo orduri bultzaka pasatako iluntzez? Agina ta Etxe Txikiko kontuk... hor eamaten ninduzun soron gora ta soron behera ta beize soron gora ta soron behera, ta soron gora ta soron behera. Beharko lo hartu azkenen neken nekez.

Ta amona, gogoratzen al zea txabolako bazkariz, udako oporrez, ta ezkutun guretzako, etxeko txikinontzat, izaten zenittun erregaliz gorri ta beltzez?

Txanogorritxo gustoa juten zan amonan etxea amonatxo ikustea ta gu re oso pozik jun izan gea ta juten gea oroitzapen ederrok biltzen dittun amonan etxea, zuregana. 

Iraganeko urtek oroitzapen gozo die. Oain etorkizuneko egun bakoitza gozoki bihurtu nahi deu zure ezpainetan.

                                    Eskerrik asko, amona!  Ta urte askotako!

2013-04-12

ITAKA (Oier Santos_2013-2-23)



Ez da erraza, hain da dena handia... Ez da batere erraza unibertsitateari begietara begiratzea; hain da dena handia... Adibidez, hasiera beldurra eta jakin-mina; adibidez, leihoan barrura sartzen den zuhaitzaren itzala; hain dira handiak irakalseen begiak eta ostegunak. Unibertsitateak hori du, unibertso bihurtzen duela ikusten duen guztia, eta unibertsitateak dena ikusten du. Horregatik da dena handia; baita belardietako berdea elurra egiten duenean ere.

Beste kontu bat da unibertsitate garaia, beste kontu bat da zurrupatutako denboraren tamaina, eta beste kontu bat da unibertsitateko atarian pilatutako hirugarren soinu intentsitatea. Unibertsitatea eraman egin behar da eta unibertsitatea ekarri egin behar, poltsiko erraldoietan. Izan ere, noizbait, norbaitek esan zuen unibertsitatea erraldoia dela, edo handia gutxienez, eta hori esan zuen ezer esaten ariko ez balitz bezala, baina, hitz handiekin.

Oier Santos





Oier Santos -> Pauso bat aurrera, bi atzera, hiru aurrera eta stop. Pauso bat aurrera, bi atzera, hiru aurrera eta stop. Eta berriro tiraka. Hala garamatza istorioan aurrera "Ez zuten erantzun" Oier Santosen lehen eleberriak. Misterioa hanka puntetan hurbiltzen zaio irakurleari eta hatz puntekin ukitu nahi duenean, urrundu egiten zaio. Joko polita asmatu du Bilbon bizi den idazle gazte errenteriarrak. Jokoarekin gozatu duela ere esan zigun otsailaren 23an Segurara egin zigun bisitan. 

2013-04-10

ITAKA (Jon Arretxe_2013-2-16)


Hiru, bi, bat, grabatzen! Hiru, bi, bat, grabatzen! Bizitza grabagailu bat da geldiune eta isilunerik ez duen botoi gorri baten korrikaldia.  Kamera baten tamainakoa da bizitza,  begi handi bat, betazal irekien hutsunea betetzen asmatzen ez duena. Eta klis, eta klas. Eta klis, eta klas. Pausoak kale bazterrean galtzen zaizkio bizitzari, ahots mutuak ere bai. Iragana grabatu eta etorkizuna kantatzen du. Eta... hiru, bi, bat... gertatzen den guztia gerta zitekeenak irensten du. Norbait begira dago pantailaren bestaldetik, pausoka erosten ditu ibilian doazenen bizitzak. Kalea pelikula txar baten azken eszena biluzia da, palomita janik gabe behin eta berriro, behin eta berriro, errepikatzen den atzera-aurrera bat.

Eta hiru, bi, bat. Norbaitek kamerari mingaina ateratzen dionean, orduan hartzen dute arnas pixka bat kaleko kamera itotzen hasi berriek.



Jon Arretxe -> Idazten duenari batez ere kolorea ematen dio. Eta irakurleari kolore horren atzean dagoena ezagutzeko aukera. Euskal Filologian Doktorea, Heziketa Fisikoan Lizentziatua, idatzi egiten du, idatzi eta idatzi, idatzi eta idatzi. Idatzi egiten du,  umoreari, bidaiei, nobela beltzari... helduta idatzi eta idatzi. Eta kantatu ere bai. Opera."19 kamera"  hartuta etorri zen Itakara, bere burua autograbatzera.

ITAKA (Koldo Zubeldia_2013-3-30)


Koldo Zubeldia irratian


Koldo da gizon bat... masailak gorriarazten dizkizun horietakoa. 
Koldo da gizon bat... umila, langilea, sorkuntzari emana, alaia, irribarretsua.
Koldo da gizon bat... sentibera, paper zuriari sentimendua idazten diona.
Eta...
Koldo da gizon bat... burugogorra. Mailuka-mailuka aldamenean jarri eta takata-takata-takata...zintzilik ditudan egitekoak behin eta berriro gogorarazten didana ("Irati, saioa blogean..." eta "Irati, saioa blogean" eta "Irati, saioa blogean"). Eta eskerrak mailukadei takata-takata-takata. Saioak zintzilikatzeko moduak huts egin dit azken hilabetean eta hemen aritu naiz saiatu eta saiatu... eskerrak burugogor baten aldamenean beste burugogor bat esertzen den. Tira, lortu dut, eta pozik nago!

To,  Koldo Zubeldia zaldibiar poetarekin egindako beste saio eder bat. Gozatu!



2013-03-25

irati!!!





- Bizi al haiz, Irati?
- Bai! Bizi naun!!
- Baina, non sartu haiz? Faltan bota haut! Ez dun ezer kontatzeko ala? Nitaz ahaztu haizela... hori ere pentsatzen hasita nagon...
- Ez zan txorakeriarik esan! Hirekin momentu ederrak partekatzeko inoiz baino irrika handiagoa dinat...
- Orduan?
- Ez zagon orduanik... batzuetan ez garela ordurako iristen... 
- Baina, hilabete luze joan dun...
- Baina, hemen nagon!
- Eta? Kontaidan, kontaidan! Ezer berririk bai!
- Berriak asko eta zaharrak ere bai!
- Adibidez?
- Adibidez... atzo kukua entzun ninan!!!
- Ez dun egia izango!
- Bai, neska! Billabona inguruetan, ez dakin nolako poza hartu ninan! Kukua, eta okila, eta birigarroa... ederra dun udaberria!
- Eta gehiago?
- Horrela nahaspilan aipatzeko... "Botatzen", "Banco del Espíritu Santo", lurrikarak, ez buru eta ez buztanik ez duten esapide zaharrak...
- Kontatuko dizkidan?
- Batzuk belarrira...
- Eta besteak?
- Besteak ere belarrira...
- Portzierto... eta hor goiko irudi hori?
- Gustatu zain?
- Ez dun itsusia.
- Jolaserako gogoa ninan, horixe gustatu eta horixe itsatsi. Ausartzen haiz?
- Zertan?
- Ahoan barrura egiten.
- Hi ere bahator?
- Zer topatuko dinagu?
- Auskalo! Bahator?

 
 

2013-02-19

ITAKA (Koldo Zubeldia_2013-2-2)


Beti da ederra Koldo Zubeldiarekin hitz egitea. Ispiluaren alde banatatik elkarri begira egotea. Entzutea. Galderak musika artean nahasten uztea. Barre egitea. Entzutea. Poesia biluztea. Isilik gelditzeko beldurrik ez izatea. Entzutea. Beti da ederra Koldo Itaka gonbidatzea, eta esateko duena entzutea eta deklamatzeko duena entzutea eta transmititzeko duena entzutea.

Beste behin otsailaren 2an elkartu ginen. Beste behin. Eta elkartzen garen aldiro, begirada berriak, galdera eta kantu berriak, barre-algara berriak, poesia berriak, isiltasun berriak oparitzen dizkiogu elkarri. Eskerrik asko, Koldo!


 


2013-02-18

Harpa gainean kulunka


HITZA: LERI

 "Falta zitzainana, Irati!". Jolas berria asmatu diot neure buruari. Ordenagailu aurrean jarri eta existitzen direla ez dakidan hitzen bila hasi naiz. Hiztegi Batuko web orrian "anketa" idatzi dut (idazteagatik; batzuetan gauzak horrela egin behar dira, hatio), baina, hiztegi batuaren erantzuna: ez da aurkitu. "Asmazan beste bat, Irati"... mmmmm... eta leri bururatu zait (ez dakit zergatik, hatio) eta leri idatzi dut hiztegi batuko leihotxoan, eta zer zirrara erantzuna jakin bitartean, eta ze poza "zabua, kulunka" irakurri dudanean. Leri. Iparraldean erabiltzen omen dute.  "Segi zan jolasean, Irati" . Jarraituko dut, jolasean... eta oinekin hodei-zeruak ukitzen, umetan bezala, baldin eta izter-ipurdi-aldakak leriaren zabalean sartzen bazaizkit!


AFORISMOA: "Harpa jo nahi ez eta adarra jotzen ikasi zuen"

 ... eta hori dena musika eskolatik kanpo, mingaina ateraz eta ingurukoei musika doinuak belarritakoetan zintzilikatuz. Eta hori dena zerbait erakutsi nahi ez eta guztia ezkutatzen duen baten jarrera berarekin. Izan eta ez den jarrerarekin.
Bikain jarri zioten. Eta adarra jotzeaz gain, harpa jotzen ere ikasi zuela ulertu zuen berak. Orain kontzertuak ematen ditu. Eta hartu ere bai. 



HAIKUA:

"Teilatupean
iluntasuna busti
egin daiteke" 
 

2013-01-31

ASINTOTA


Matematika klasean. Saltsa sortu da eskuinaldeko bi angeluzuzenen artean, definizio-eremua = [1, 6], Iñigo eta Eneko barne. Beti bada zerbait. Ezkerraldeko aurreko angeluazuzenean Aritzek 45º okertu du lepoa, kopeta zimurtu du eta ahots gora kurba parabolikoan bidali dizkio Iratiri bere burutazioak. Hor hasi da elkarrizketa...




- Nola hurbildu norabait infinituki hura ukitzera iritsi gabe?

- ...

- Ez ukitzekotan, kurba zuzenaren paraleloa izan behar da derrigor...

- ...

- Baina, hori ez da posible...

- ...

- Zuzen bertikal bat ez da funtzioa...

- Eta gainera, ez litzateke gero eta hurbilago egongo.

- ...

- Kurba zuzenarekiko paraleloa bada, beti egongo da zuzenarengandik distantzia berera, eta kontua da kurbak gero eta hurbilago egon behar duela!

- Eta zergatik ez du ukitzen?

- Imajinatu bi ezpain, elkarrengandik gero eta  hurbilago egon arren, elkar ukitzera iristen ez direnak... hor ez dago paralelotasunik...

- ...

- Zergatik ez dute elkar ukitzen?

- Ez delako muxu emateko momentua?

- Eta zeintzuk dira muxu ez emateko momentuak?

- Matematika klaseak adibidez?

- Auskalo... begiraiozu Aritz, argazkiko txirrindulariari. Norantz doa lainopean?

- Infiniturantz?

- Eta errepideko arrasto zuria? Ikusten duzu? Badirudi ertzetik gero eta hurbilago dagoela...

- ...

- eta badirudi ez duela ertza sekula ukituko...

- Baina, hori tranpa da, Irati! Batek jakin lainopean zer gertatzen den! 


2013-01-30

ITAKA (Rikardo Arregi Diaz de Heredia_2013-1-19)


Gogaikarria da edo polita. Nekagarria ere izan daiteke batzuetan. Edo zirraragarria. Izan daiteke oztopo bat bidean. Edo orrialde desegokian irekitako hiztegi bat. Edo masusta bat, gozoa eta mikatza aldi berean.

Errepikatzen den hura ez da sekula berdina izaten. Izan daiteke lehenengo beltza, eta gero beltzago; edo izan daiteke zuria eta gero urdinago.  Errepikatzen den hura ez da sekula berdina izaten. Errepikatzen den hark beti izaten du, ordea, bihotza norantza berean uzkurtua. Bihotza diot... esan nezakeen behatz lodia.

Errepikapenetan hori gertatzen baita, bihotzak behatz lodi bihurtzen direla edo poeta baten eskumutur hautsi.


Gogaikarria da edo polita. Nekagarria ere izan daiteke batzuetan. Edo zirraragarria. Izan daiteke oztopo bat bidean. Edo orrialde desegokian irekitako hiztegi bat. Edo masusta bat, gozoa eta mikatza aldi berean.


Gogaikarria da bitan esan beharra. Edo polita, polita  ere bada bitan esan beharra.  Errepikatzeak hori du, beltza beltzago bihurtzeko boterea, edo zuria urdinago. Bitan esan behar izaten direnak, tarteka, kolorgeak izan arren.









Rikardo Arregi Diaz de Heredia- > Zorrotz eta sakon, hitza hitzari oparituz. Poliki, isiltasunari toki eginez. Poesiak behar duen denbora guztia poltsikoan eramaten du gordeta.Badaki gordetzen eta erakusten, badaki esan behar bada bitan estan. Badaki bitan esan beharrekoak esaten. Gssteiztarra, poeta. Hari hauskorrak eta kartografia lanekin Kritika Saria irabazia. Bitan esan beharra poema liburua oparitu dio 2012ari eta oparitu digu guri. Irakurleoi.

Egun on, eta...

egun on...

birritan eman genizkion eskerrak elkarri. Hala sentituz gero, zergatik ez? Sentitzen dena sekula ez dagoelako soberan...


2013-01-28

bakea harri artean?


HITZA: LEGARTZA

Batzuetan hozka egin behar zaie hitzei, ezer irentsi beharrik gabe... hozka; eta zeure buruari galdetu, hozka  non egin asmatzea erraza edo zaila den. Ba... gosearen arabera, ezta?

Leg-artza (Leg izeneko hartza? h-a irensteak inor asetzen ez duenez...)
Lega-tza (eta r mestekatzean hortzaren batek kRak egingo baligu?)
Legar-tza (zergatik ez? Pentsa dezakegu hondar-tza-ren bikia dela. Zabalgune bat hondar artean zabaldu ordez, legar artean zabaltzen dena. Eta legarra hartxintxarra bada... esan genezake hartxintxartza? Ba... ez. Eta zergatik ez? Ba... auskalo! Akaso, agian... beharbada, bakarren batek pentsatu zuelako legartza adierazteko Orbaizeko Ola fabrikaren azpitik igarotzen den errekaren izen bera erabili beharko genukeela... )





AFORISMOA: "Bere buruari gerra deklaratzen zionetan bakarrik sentitzen zuen bakea."

Eta koxk egiten zien hatz muturrei... eta tira egiten zion ileari... eta atximur izterrari. Bandera zuri bihurtzen zitzaizkion begiak eta orduan lasaitzen zen, orduan bakarrik, bere buruaren mina ikusten zuenetan. 

Begi zuriekin mina ikusten baita eta bakea sentitu.


HAIKUA

Izerditan blai
itotzeko beldurrez
flotagailuak


2013-01-17

ITAKA (Fernando Morillo_2012-11-10)


"Beldurtzen garenean, begiek egiten digute klisk eta ahoak egiten digu klask. Eta beldurtzen garenean, ileek egiten digute zizt eta barruak egiten digu zazt. Beldurtzen garenean, dena da ilun eta dena da laino busti. Beldurtzen garenean, itsasoa bihurtzen da lasto mendi.


Beldurtzen garenean, dardara da esku dantza, zirrara da jolas toki eta hotzikara da berogaillu. 

Beldurtzen garenean, ikasi beldurra irakurtzen eta akaso, akaso irribarre pusketa bat oparituko dizu zure umoreak. Eta beldurrak."


Zonbiaren baitan Fernando Morillo. Zonbiaren baitan?

 


Fernando Morillo -> Ukabilak zeharo itxita jaio omen zen mundura. Ez, ez zegoen haserre, jakin-minez baizik. Gogoko du mitologia, mendian galtzea eta sentitzea gu ez beste zerbait dabilela hor. Azpeitiarra, idazlea eta amets ehiztaria. Sorginen leizeetan barrura sartzen ausartzen den mutila. Gaumin argitaletxearen arduraduna. Itaka saiora "Zonbi bat San Mamesen" liburua aurkeztera etorri zen... (zure baimenarekin Fernando) laguna.


Ontza bat txokolate beltz topatu zuen Fernandok Segura Irratiko estudioko mahai gainean. Ontza bat adiskidetasun topatu zuen Iratik...