2016-08-16

BIZITZAREN TRANPAK...

2016-8-2_Usurben. Irati, txikie (sei hilabete eta aste bat) ta tranparen laguntxoa
... EDO TRANPAK BIZI GAITU

Ez dakit bizitza bera den tranpa, tranpaz josita dagoen zerbait bitxiarraroezdeuserraldoia den bizitza edo tranpa bera den bizitza. Ez dakit tranpatiak gu (gu? zein ote gara gu?) garen, bizitzak (bizitza? zer ote da bizitza?) bihurtzen gaituen tranpati edo tranpatiak garelako bizi gaituen bizitzak.  

Zu tranpa eder eta absurdu honetara ekartzeko hautua guk egin dugu. Hor akaso tranparen koxkarik handiena. Hazi, bihotza, hazi beldurrik gabe; koxka handi horiek baitira tranpa zorion bihurtzen dutenak. Tranpa zorion bihurtuko dizutenak. 

Lazkaomenditik bueltan


2016-07-26

Itaka_Oier Guillan eta Ataun mitologikoa_2016-7-16

Oier Guillan
Iruñeako Kondestablen ezagutu nuen aurrez aurre. Txundituta, harrituta utzi ninduen Asier Sarasolarekin batera egndako lanak. Ekaitzi esan nion: Oier Guillanekin hitzaspertu bat egin behar dugu irratian noizbait. Aukera, ezustean, uztailaren 16rako sortu zen. Iritsi, heldu, estutu eta biluztu. Aitortza egiten ausartu nintzen: Oier, zure ahotsak izugarri erakartzen nau. Ni lasai, irratiko masail gorriek ez dute begirik begira izaten. 

Egiten duen lan ederraz solasean aritu zitzaigun Oier Guillan, Mr Señora liburu argitaratu berriaz eta "Nola belztu behar zuria" ekitaldiaz besteak beste. 




Uztailaren 16ko irratsaioak izan zuen Atauni eskerrak emateko tarterik ere. Uztailaren 9an Ataunek bertara hurbildu ginen guztioi egin zigun opariaz solasean aritu ginen Monika Arratibel eta Santi eta Jexux Etxeberriarekin. Ederra, zoragarria izan da V. Gau Ibilaldi Mitologikoa. Bejondeizula Ataun herri gisa herritik egiten duzun lanagatik. http://goierri.hitza.eus/2016/07/20/bejondeizula-ataun/


Uztailaren 9ko argazkietako bat


2016-07-16

UZTAILAREN 18 MADARIKATU HURA

                            











OROHITZEN DUGUNA GARA

Ekainaren 5ean Iberoko Zurbau parajean izan nintzen,  Zurbau Elkarteak prestatu, antolatu eta goxaturiko omen ekitaldia aurkezten. 36ko gerraren bueltan bertan eta inguruetan faxistek erail eta jazarri zituztenen memoria jaso eta zabaldu asmoz elkartu ginen, egiari aldarri egitea beharrezkoa baita biktimek dagokien babesa jaso dezaten. Azken urteotan, Nafarroan batez ere, izan dugu lekukotza eta bizipen basatien testigantza zuzen-zuzenean entzun eta ezagutzeko aukera, eta laurogei urteren ondoren, zauriari oraindik zornea dariola antzematen da, senitartekoen sentimendu eta emozioei mina dariela. Memoriaren aldeko elkarte ezberdinak sekulako lana egiten ari dira, baina administrazio, erakunde, politikari eta herritarrok oro pauso bat eta bi harago eman behar ditugula uste dugu, iraganaren ibili mutilatuan etorkizunak antzu harrapa ez gaitzan. Horretarako ezinbestekoa da, orain eta hemen, nork bere inguru hurbilean bidea egitea. Gorroto eta mendekurik gabeko elkarbizitza modu sano eta naturalean eraiki nahi duen herriak zauriaren mingotsa goxatzen jakin behar du.

Bi urte dira Beasaingo Irakurle Taldeak tertuliak, lanketa literarioaz harago, gai sozialen eta politikoen inguruko hausnarketa, eztabaida eta inplikaziotik janzten dituela. Iaz bezalaxe, aurten ere, Beasainen uztailaren 27an orain dela 80 urte herrian erail zituztenen omenez egiten den ekitaldia ardatz hartuta, uztaileko gazte-heldu irakurketa-hausnarketa-solasaldi-eztabaida Memoria Historikoaren inguruan harilkatuko dugu. Hogeita hamabost lagunetik gora gara Josu Penades idazle bizkaitarraren “Ileak uretan” liburua irakurtzen ari garenak. Liburua irakurtzeko aukera duzuen eta ez duzuen guztiok gonbidatuta zaudete uztailaren 27an arratsaldeko 17:00etan Beasaingo Igartza Jauregian izango den tertulian parte hartzera, eta baita Igartza ondoan eraildakoen omenez ezarri zen monumentuan 19:00etan egingo den ekitaldira ere. Egoten eta egiten jakin behar da. Justiziak egiari zor dion erreparazioa guk geuk literaturatik eta herri ekimenetik ere egin dezakegulako; eta batez ere, historiak etorkizun bihurtu gaituenoi memoria egitea dagokigulako.

Ekaitz eta Irati Goikoetxea


2016-07-13

Itaka_Ana Maria Larrea_ 2016-6-18

Iñaki Bastarrika eta Ana Maria Larrea Segura Irratian
Zer den irribarrea ezpainetaratu eta ahoa eguzki bihurtzea. Zer den hitz jario parrasta ahoratu eta solasa erreka bihurtzea. Zer den gozotasuna-bizi gogoa-indarra betartean barrendu eta begirada sumendi bihurtzea. Hori guztia da Anitaren, Ana Maria Larrearen, erretratua; hori eta kontatzen duen guztia. 1927an Ikaztegietan jaioa, Legorretara ezkondu zen eta bizitzak, bizitzeko moduak, bizitza zukutzeko duen dohainak, halakoa egin du: emakume eder eta jatorra. 

Ekainaren 18an irratian izan zen Iñaki Bastarrika lagun zumarragarrarekin batera. Kontu kontari aritu ginen, oraingoez eta batez ere ordukoez, eta baita 2006an Joxepa Iñaxi Esnaola amaren kontuekin argitaratu zuen liburuaz ere. Iñaki Bastarrika eta Koldo Goitia izan zituen lagun "Oriarko Krabeliña" liburu ederra argitaratzeko. 

Plazera izan da, Anita, zu ezagutu eta zurekin solasean aritzea. Joango gatzaizu bisitan Legorretako geltoki pareko etxe arrosera. Eutsi irribarre zoragarri horri!

 

Iñaki, Anita, Irati eta Ekaitz saioaren ondoren



2016-07-12

GORA TA GORA; ZUREKIN TXIKI


AIZKORRI_2016-6-12

Aizkorriko gainean Luis, Irati, zu txiki (4 hilabete eta erdi) eta txakurra

Umetoki gozoan 
ametsen sorrera,
lau hilabete t´erdi 
bazoaz aurrera,
hasi gara mendiak 
igotzen batera,
zure zorionean
Aizkorri gainera,
motxila bizkarrean
hurrengo aukera,
jaiotzen zarenean
itzuliko gera. 



ERAKURRI ETA IRUÑARRI_2016-7-3


Leitza-Ezkurrako gainetan Irati eta zu txiki (bost hilabete pasatxo)
Udako opor giro lasaian
lehen igande goizeko,
egunsentian guk zu egin nahi
izan zaitugu etxeko,
ze goi arnasa askatzen duzun
gure pauso bakoitzeko,
hor Iruñarri, hor Mandoegi,
Mendaur eta gainontzeko,
guztietan zu hautatzen zaitut
Erakurri bihotzeko,
ez da antiojo ederragorik
bizitza irakurtzeko. 

Ekaitz, Irati eta zu txiki Erakurrira bidean



ALOÑA_2016-7-10

Aloñan Irati eta zu txiki (bost hilabete eta erdi bidean)

Arantzazu ta Duru
zintzarri dunbada,
Aloñako gainean
zer gozatu bada,
zelai, behor ta tontor,
nonahitik patxada,
Eleder sabelean
ipuin gosez hara!
Joanes artzainari
eskua emanda,
Garoa liburuan 
barneratu gara,
mendi irakurketa
ederra izan da. 

Joxe, Irati eta zu txiki. Atzean Oñati. 

2016-07-11

Itaka_Mikel Ayllon_2016-6-11


Itxaropena izerdi tanta suizida bat da, bekokia txirrista jolas bihurtzen duena, ezpainertza itsaslabar eta okotza itoleku. Izerdiak ez du bere burua itotzea baino plazer handiagorik.
Itxaropena lautada bat da, begiradak zilipurdika korapilatzen dituena, begia iristen ez den leku hartan zeruertza poltsikoan sartzeko gai dena. 
Hara! Badoa, badoa anbulantzia bat kalean behera. Ez darama sirena-hotsik. Itxaropena darama oihu mutu laranja erdika, piztu eta itzaliz, piztu eta berriro piztuz. 



Igartza Beka irabazi eta 2015ean argitaratu zuen "Ez tiro egin anbulantziei" liburua. Maiatzaren 20an Beasaingo Irakurle Taldearekin solasean aritu zen; gozoki ederra oparitu zion taldeari tertulia kontu ezberdinez aberastuz. Ekainaren 11ko irratsaioan gozatu egin genuen beste behin Mikel Ayllonekin. 


2016-06-21

ITAKA_Igor Alustiza_2016-4-30

Igor Alustiza Segura Irratian_2016-4-30

Biluzteko lotsarik ez duenak biluztu egiten du bere burua, eranzten ditu ilusioak, eranzten ditu kezka eta ametsak, eranzten du esateko duena eta batez ere gainetik kentzen du emateko duen guztia. Aurrean mikrofono bat eta kontatzeko gogoa. 

Musikari handia da Igor Alustiza beasaindarra, urte asko daramatza gitarra lagun hartuta. Hilabete batzuk atzera atera du "Ihes" diskoa. Apirilaren 30ean Itakan izan zen, Segura Irratian, solasean eta kantari. 

Igorri eskua eman eta Nikkin ezagutu genuen. Eskua estutu eta gitarra ezagutu genuen. Biluzik bukatu genuen guztiok; irria jantzi. 

Apirileko irratsaioa entzungai. Eskerrik asko, Igor!


 


2016-06-07

IBERON MEMORIARI OMENALDIA

Azken olerkia irakurtzen_2016-6-5

Igandean Iberon izan nintzen, Zurbau parajean, Oltza Zendean. Gerra Zibilaren bueltan fusilatu zituztenen omenez ezarriko zen monolito ekitaldi-omenaldia aurkezten lagunduko ote nuen esanez pasa zidaten gonbita. Eta nik baietz, nola ez. Dakigunetik memoriaren sostengu izan behar dugula sinetsita hurbiltzen naiz aukera dudan aldiro halako ekitaldietara. Zirraragarria da bizipenak bertatik bertara ezagutzea eta oraindik zenbat lan dagoen egiteko konturatzea. Monolitoan tatuatutako esaldietako batek hala dio: "Gogoa jaso eta oroitu, hemen zer gertatu zen gogoratu eta besteei kontatu".  Bejondaiela Zurbau Elkarteari eta Oltza Zendeako Udalari ekitaldi esanguratsu, beharrezko eta eder hau antolatzeagatik! Hauxe omenaldiari amaiera emateko neure-neuretik irakurri nuen olerkia.

Non, non ezkutatzen da isiltasuna?
Norenak dira garrasiak?
Nork egin dio hozka beldurrari?
Las uñas rasgaron la tierra húmeda
y alguien depositó sus dos lágrimas en el aire. Empezó a llover.
Zergatik? Zergatik ez diozu aurrez aurre begiratzen?
Parez pare?
Begiz begi?
Zergatik ez diozu egiari desafio egiten?
En sus huesos encontró el abrazo que un día maldito le arrebataron,
en sus huesos encontró aquella sonrisa que iluminaba el valle.
Ez, EZ! Katerik gabe behar du iraganak,
memoriari askatasunez helduko diona,
hezurrak haragituko dituena, justiziaz.
Porque de aquellas uñas que rasgaban la tierra
todavía hay esperanza de que nazcan flores.
Bai, BAI! Nabari da. Gaur haize freskoa nabari da Iberon. 

Monolitoa ikusgai jarri zuteneko unea



2016-05-26

Maiatzak 22 San Cristobalen



Ekaitz, Maite, Mikel, Irati, Martin eta Lucía maiatzaren 22an San Cristobalen

Maiatzak 22 zituen igandean. 78 aldiz hotz eta 78 aldiz busti bihurtu zen maiatzaren 22ko igande goiza San Cristobal gainean. Azken urteotan urtero inguratu izan naiz Txinparta Elkarteak maiatzaren 22aren buelta-inguruan antolatzen duen omenaldi ekitaldira. San Cristobalgo Gotorlekuko sarrera nagusiaren aurrean hitzak bertso, poesia, kantu, musika, esker-oroitzapen modura egiten dio omen memoriari. Memoriari omen modu aktiboan egin behar baitzaio, egoten jakinez, entzundakoa jasoz, jasotakoa sentituz, sentitutakoa hausnartuz eta hausnartutakoa kontatuz. Hirurogeita hemezortzi urte bete dira ihesaldi saiakeratik, 78 urte iheslarietako hiru mugaz bestaldera iritsi zirenetik, 78 urte baino gehiago garai bateko erietxea kartzela eta kartzela infernu toki bihurtu zutenetik.

Aurtengo omenaldi ekitaldira eguraldiak hotza eta bustia ekarri du. Horrela irudika dezakegu bere garaian eskenatoki krudela: hotza, bustia eta goseak zulatua.

Eguraldia modu batekoa edo bestekoa izan, omenaldiak beti izaten du, ordea, berotik eta gozotik asko. Bertan preso egon edo fusilatu zituztenen senitartekoen testigantzak zuzen-zuzenean entzutea memoriari egin diezaiokegun keinu eraginkorrenetakoa da, ustezko egiari mozorroa kentzen hasi eta egia biluztua ezagutzen hasteko modua.

Ernesto, Teodoro, Calixto eta Victorino izan ziren igandean memoriaren oihartzun kateatuak tximeleta aske bihurtu zituen izenak.

Maite Mené, Lucía Sócam eta Ekaitz Goikoetxea kantuan entzutea beti da ederra, Martin Erroren txistu hotsa entzutea zirraragarria den bezalaxe.

Memoriak hori du ederra, edo hori behar luke eder: sare bihurtzeko gaitasuna. Aurten Urretxuko lagun bat izan dut aldamenean aurkezpen lanetan: Mikel Babiano. Eskerrik asko, Mikel, jakinmina konpromiso bihurtzeagatik.


Eta ez nuke tarte hau itxi nahi orain dela hiru bat aste hil zen Txinpartako kide Jesus Mari Urbiolari muxu handi bat eman eta Txinparta Elkarteak egiten duen lana txalotu gabe. Maiatzaren 22a joan da, etorriko da hurrengoa ere; denborak ez daki, ordea, salto jauziez, memoriari askatasunez hegan egiten uztea urte osoan lan egitea baita. 

euskalerria irratirako prestaturiko irrintzia. Entzungai:  http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1464189871315


2016-05-16

Handitzen, handitzen

Iratiren sabela_2016-5-12

Kaixo, txiki:

Zer moduz barrualde horretan? Argirik iristen da zilborrean barrura? Argi ttikiren bat edo…

Bitxia da, baina, kanpoalde honetan dagoeneko nabaritu dugu zure argia. Zure berri kontatzen diedan guztiei irribarrezko argi bat pizten zaie begietan. Bitxia da, ia ezin sinestekoa, baina, batzuetan barruan sentitzen dut nire burua, nire baitan, zure ondoan. Eta beti egiten didazu tokia zure umetokian, nire umetokian. Bitxia da, baina, dagoeneko nahastu egiten zaizkit nire eta zure guztiak, zilbor-hestearen misterioa izango da,  ama izaten hastea kanpo eta barru guztiak lotzea, nire eta zure guztiak korapilatzea dela ulertzen hasia naiz.

Ama izaten hasi. Ama izanez hazi. Hazi. Jaio nintzenean sendagileak amari esan zion: 53 cm. Neska hau asko haziko da. Bere adineko neskarik altuenetakoa izango da. Eta 1,80ko altuera honetatik orain egunero-egunero sabela handitzen eta handitzen ikusten ari naizen honetan, esku txiki, buru txiki, bihotz txiki, gorputz txiki hori poliki-poliki nola hazten ariko ote zaizun irudikatzeak hunkitu egiten nau. Dagoeneko ari zara hazten, zure izate eta zure nortasun. Akaso zuk ere esango didazu egunen batean: ai amatxo ez dut hazi nahi…

Akaso nik ere esan nion noizbait nireari beldur niola hazteari, beldur niela ardura eta kezkei, beldur niola bizitzari barre, bizitzari mingaina ateratzen zion ume hura izaten ez jarraitzeari.

Lasai txiki, lasai maitea, bizitzako ardura eta kezka horiek baitira zorion iturri handienetakoak. Ederra hazi eta barre egiteari ez uztea da, ederra hazi eta hartutako erabakiengatik lana eta borroka egitea da, ederra zu bezalako altxorrak –eta bizitzak asko eta oso ezberdinak eskutatzen ditu- , ederra zu bezalako altxorrak aurkitzeko igeri egiten ikastea da.

Lasai txiki, hazi lasai, nire sabelak zure tamainen neurritan hazten asmatuko baitu.

Lasai txiki, hazi lasai, kanpo mundu honek ere zure tamainen neurritan hazten asmatuko baitu.

Muxu bat,


amatxo.  Zurekin batera hazten jarraitzeko irrikaz dagoen amatxo. 


2016-05-12

ITAKA_Ipuinak kontatzen_2016-4-9

Ekaitz, Nagore, Itziar eta Imanol Segura Irratian
Bazen behin ipuin bat kalabaza batean sartu zutena. Ipuina kalabazatik atera ahal izateko hiru desio eskatu behar izan zituen Itaka uharteak. Eta halaxe elkartu ziren Segura Irratiko mahaiaren inguruan Nagore Leon, Itziar Saenz de Ojer eta Imanol Arabaolaza ipuinak kontatzera. Basoko misterioak elefantearekin eta lotsarekin nahastu eta astinaldiak kalabaza misteriotsua ireki ahal izan zuen. 

Hori guztia apirilaren 9an gertatu zen. Kalabaza irekita dago ordutik eta gauero-gauero ipuinak kontatzen dizkie ipuinetan sinesten ez duten ibiltariei. Ez dakit zergatik; guztiei begi berri bat jaiotzen zaie bekokian. 

Apirilaren 9ko Itaka saioan entzungai dituzue ipuinak (eta baita Maider Agirrek Ezkaratzetik txutxumutxuen inguruan egindako hausnarketa ederra ere). Hori bai, arretaz entzun, uneren batean belarria galtzen baduzue bekokian begi berri bat... 




Itziar, Irati eta Nagore martxoaren 18an Ordiziako Barrenan



Martxoaren 5ean ezagutu nituen Itziar eta Nagore, Ordiziako D´elikatuzen elkartu ginen hirurok Pili, Marisol eta Ekaitzekin batera. Zertara eta jolastera. Zertara eta ipuinak kontatzera. Zertara eta Ahoz aho 2016 ipuin kontaketa lehiaketan parte hartzera. Lan bikaina egiten du Intujai Teatro taldeak urtero-urtero besteak beste Ordizia eta Tolosan otsailean eta martxoan antolatzen duen hilabeteko zikloan. 
Lehenengo parte hartze honetan finalera igarotzeko zortea izan nuen (plazera da ipuin bat birritan jendaurrean kontatzeko aukera izatea) eta finalean kalabaza neureganatzekoa. Halere, eta kalabaza Iruñeako egongelan dagoen arren, kalabazaren haziak Lizartza eta Tolosan ere badaudela esango nuke, kalabaza ez baita inorena; izatekotan ipuinak kontatzen ditugun guztiona baita. 
Eskerrik asko Mai, Bea eta Alairi antolaketa honengatik guztiagatik eta aurtengo edizioan zuekin batera gozatzeko aukera izan dudan ipuin kontalari guztiei. Datorren urtean gehiago!




Irati martxoaren 18ko ipuin kontaketan



2016-04-11

ITAKA_Koldo Zubeldia_2016-4-2


Koldo Zubeldia

Hogeita batgarren tantoarekin txaloak jasotzen ditu pilotariak. Inork irrati bidezko txaloak merezi baditu, hori Koldo Zubeldia poeta zaldibiarra da, ekinean eginez hogeita batgarren saioa osatu baitu azken asteetan ondutako poemekin. Apirilaren 2ko saioan poemak entzuteko aukera izateaz gain, hainbat kontu ezberdinen inguruan solasean aritu ginen. Horrek aberasten du tertulia, eta patxadak eta jarioak eta esateak. Asturias eta Ibaiari begira Sariak eta gaintzurdea eta kukua eta denbora izan genituen besteak beste hizpide. Eskerrik asko, Koldo!





Ezkaratzetik Mikel Babiano aritu zen, gozo-gozo haurtzaroa hatz artera ekarriz. 


2016-04-05

EGUZKIZ TATUATU DITUGUN PARETAK

Beasaingo pareta batean idatzita dago Ekaitzek sortutako esaldia
Ederra da ezerezetik sortzea. Ederra da sortze prozesuak bere baitan ezkutatzen duen magia. Ederra da sortu duzun zerbait eder horrek ezer ez zuen hutsune eder hori edertzea. Ederra... izan daiteke emozionantea... edo mundiala... edo kristona. Batez ere da: sentitu beharrekoa. 

Abesti sortzaileak askotan topatuko du berak sortutako abestia ezpainartean kantari darabilen norbait. Zoragarria iruditzen zait hori. 

Oraindik urtebete ez da, Beasain herriak herri gisa 400 urte betetzen zituela eta,  herriaren inguruko bideo baten grabaketa prozesuarekin hasi zirela Eñaut, Odei, Garazi eta Ekaitz. Ekaitzek kantuaren hitza sortu du, Garazik musika konposatu du, Odei irudien grabaketan zentratu da eta Eñautek dena bildu eta bideoaren ekoizpen lana egin du. Emaitza oso ederra, lau sortzaile herritar handiren arteko sarea estutu duena. Zer ederragorik!

Martxoaren 28an mendi buelta bat eman behar genuela eta hara Beasaingo pareta batean zer topatu genuen! Ez bat eta ez bi, argazkia atera genion. Ekaitzek sortutako kantu letrako bigarren bertsoaren hasiera pareta batean iltzatua-tatuatua: "eguzkiz tatuatu ditugun paretak". Nork idatzi duen ez dakigu, zerk bultzatu duen hori idaztera ez dakigu, kantua entzun eta paretan idatzi arteko denbora tartean zenbatetan izan duen esaldia kantugai ez dakigu, esaldi hori bera zergatik aukeratu duen ez dakigu, pareta hori zergatik aukeratu duen ez dakigu, beste inon beste esaldirik idatzi ote duen ez dakigu, esaldia idazteko kolore urdina zergatik aukeratu duen ez dakigu, esaldi amaierako izarra eguzkia bera izan daitekeen ez dakigu. 

Ezjakintasunak zoriontsu egiten gaitu, ez baitago sormen lan bat bizirik dagoela sentitzea baino sentipen ederragorik (biziagorik?). 

Laukote bajondeizuela egindako lanagatik! Eta zuri, ezagutzen ez zaitugun tatuatzaile horri, eskerrik asko!













2016-04-04

BEGIRA



Orain dela bi aste bost ikasle inguratu zitzaizkidan errefuxiatuei buruzko lan bat egin behar zutela eta nire iritzi-ikuspegiaz galdezka. Zergatik ukatu, deseroso sentitu nintzen, ez gaude ohituta gai krudel honen aurrean – beste gai askoren aurrean bezalaxe – aurpegia ematera. Begiak bai, begiak guztiok jartzen ditugu telebista eta argazki morbosoen aurrean; belarria jartzea gehixeago kostatzen zaigu; baina, aurpegia, aurpegia inork gutxik ematen du. Baietz erantzun nien, nola ez, ziurtasun osoz, baietz, izango nuela solasaldia beraiekin; hausnarketarako tarte bat hartu eta iritzia beste edonorekin partekatzea beti dela aberasgarria; besteentzat batez ere, norberarentzat zer esanik  ez. 

Urteak eta urteak eta urteak daramatza gaiak gaiztotuta; egia esan, gaia bera da gaiztoa. Lehen, garai batean, ez ginen izaten mundu zabalean existitzen ziren egoera lotsagarrien jakitun; orain, nola-hala, baina, gure artera iristen den ezagutzari existentzia ezabatzen saiatzen gara.

Begira harrapatzen gaitu egunerokoak, aurpegirik eman gabe. Erromatarren garaian esklaboak hiltzen zituzten; herritarrak begira egoten ziren; txaloka asko. Inkisizio garaian elizaren agindupean sorginak eraman zituzten Logroñon epaitu eta sutara, eta herritarrak begira, txaloka asko. Zibilizazioak, gizakiak, humanoak azken urte eta hamarkadetan aurrera egin duela esango du askok, baina…

Mediterraneoa eta Egeo Itsasoa hilobi erraldoi bihurtzen ari diren honetan, Idomeniko kanpalekuan gaixotasun aspaldi desagertuak zabaltzen ari diren honetan, herritarrak, zu eta ni, bai, zu eta ni, begira gaude, interes ekonomikoak eta politikoak arrazoi, erantzule eta aitzakia bihurtuz. Bitartean, herritarrak, zu eta ni, bai zu eta ni begira gaude.


Ikasleek solasaldia mugikorrean grabatu nahi zutela eta nahi banuen bizkarrez hitz egin nezakeela esan zidaten. Ez nuen zalantzarik izan: aurpegia eman  nuen. 


Euskalerria irratiko irrintzia; martxoaren 15ekoa


2016-02-18

Burua etaedo bihotza




Letra larriz idatzitako egutegiko egunak baino bezperak eta biharamunak maite eta behar ditugula azpimarratzera mugatzen dugu sarri gure diskurtsoa. Egun bakarrera mugatu gabe urte osoan egin behar dugu lan esaten dugu askotan; sinetsi, esan eta zabaldu. Baina, asmoak diskurtso bihurtzen direnean, eta diskurtsoak publikoaren onespen, nago egutegiak egun, bezpera eta biharamunik gabe hustera kondenatzen ditugula.

Letra larriz idatziriko egutegiko egunak beti dira aberats solaserako, hausnarketarako eta eztabaidarako erabiltzen baditugu. Urte osoan horretarako astirik hartu ez (zertan pasatzen dugu denbora?) eta urteko egun batean horretarako astia hartzea ez da gutxi.

Otsailaren 14ak eskuetan bi liburu eder nituela harrapatu ninduen igandean; Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” liburua irakurtzen ari gara Beasaingo Irakurle Taldean, eta Laura Mintegiren “Sisifo maite minez” Ordiziakoan.

Maitasunaz, maite suaz, maiteminaz eta maite minaz izango dugu zer biluztua bi literatur saioetan. Maitasuna egin, eman, hartu, sentitu, agindu, eskatu bai, baina, maitasuna hizketarako gai gutxitan hartzen dugula uste dut.

Horrela hasten da Sisifo maite minez nobela: Maitasuna zer den jakin nahi duzu? Nik esango dizut zer den: estraineko presioa bularrean, eztarria ihartuta eta bihotza taupaka sentitzea; begirada galdua puntu batean tinkotzea; norberaren bizitza hiru lerroko poema batek islatzen duela ikustea; bizirik zaudela jakin eta bizi nahi ez izatea; barne-mina. Maitasuna malenkolia da, tristezia eta algara batera, pasioa, ziurtasun-eza, sugarra, karentzia eta soberakina; inoiz baino niago izan eta aldi berean norberaren buruarekiko arrotz sentitzea.

Irakurle taldekideek maitasuna nola definituko duten jakiteko desiratzen nago. Bi egun daramatzat buruari buelta eta buelta eta nola definitu asmatu ezinik nabil. Bueltak buruari ez, baina, bihotzari eman beharko zenizkioke pentsatuko du bakarren batek eta agian arrazoi du, baina, ez diot kasu handirik egingo.


Pozik nago, ezer esaten ez duten ba hori, badakin ezta, bai, motel ulertzen didak ezdeus horiez harago maite ditudan ingurukoekin maitasunaz hizketan aritzeko arrazoia eman didalako aurten San Balentin egunak. 

Euskalerria irratiko astearteko irrintzian entzungai: