astelehen goizean sekulako kolpea hartu nuen aitak hil egin zinela esan zidanean. Arrapaladan etorri zitzaizkidan zure irudimenak sortutako pertsonaia eta istorioen irudiak. Izan ere, ume ginela irentsi egiten genituen zuk idatzitako liburuak: Kotti, Margolin, Patxibusa, Esaera zaharrak eta txiste berriak, Maripertxenta, Kittano... Oraindik orain gustuko liburuez galdetzen didatenean Kotti eta Kittano izaten ditut ahotan. Ume batek ikas ditzakeen irakasgairik ederrenak biltzen dituzte zure liburuek. Azkenekoz Antonio Bolasen liburua zela eta aritu nintzen zurekin telefonoz hizketan. Altxor bikaina esku artean utzi diguzuna.
Astelehen arratsaldean institutuko ikasleen plastika-lanen erakusketa aurkeztu genuen Atarrabiako Kultur Etxean. Aurkezpenerako hitz batzuk idatzi behar nituela eta zu izan zintudan gogoan. Margolinen istorioa kontatu nien bertaratu zirenei, koloreak galdu zituen tximeletaren istorio ederra. Eta hauxe zu gogoan idatzi eta errezitatu nuen olerkia:
TXIMELETEN BEGIAK
Ez dakit non dituzten tximeletek begiak,
ez dakit non dituen arteak eskuak.
Soineko luze bat darama gaur haizeak
margo pinportak diruditen tximeletez josia.
Esku bat darama soinekoak zintzilik,
margotzen ari da haizeak utzi duen arrastoa.
Ez dakit non dituzten tximeletek begiak,
ez dakit norenak diren kolorezko malkoak
irri bihurtzen dituzten eskuak.
Lankide batek kontatu zidan orain dela bi aste bere semearen eskolan izan zinela. Ipuingintza jolas bihurtu omen du ordutik, lagunei ipuinak idazten hasi omen da.
Ezin ukatu gogorra, ikaragarria izan dela, gertatutakoa Joxean; izan ere, hor, hire Aizkorri maitean utzi det azken hatsa, Aizkorpeko zoko eder hoiek besarkatuz aldegin dek. Baina,hirekin goxatu degunok, eta ez gaittuk gutxi, hire istorioekin xamurtu, alaitu eta tritetu garenok, ez gaittuk berehala ahaztuko, hirekin segittuko diagu kontu kontari, bertso eta kantu kantari, hirekin parre eta hirekin negar egiten. Eskerrikasko eman izan digunagatik, eskerrikasko utzi duan ondarearengatik. Eta familiarekin bat egin nire pena eta nire minan. Une garratz hauetan, adorea, indarra eta zoriona, bete betean, zoriona opa dizuet, famili eta gertukoei. Ez adiorik, maitagarria hitzen eta halaxe jarraitzen dek, maitagarria izaten. Betiko nire gogoan, Joxean, eta hurrengoarte, berriro Aizkorri inguru, paraje hoietan ikusi arte.
ResponderEliminarAupa Joxean: ezin egon momentu mingots hauetan hire literatur obretatik edandakoa naizela eta asko ikasitakoa ere bai, esan gabe. Margolinekin ikasi nian tximeleten hegaldiaz liluratzen eta gozatzen; Kittanorekin, negar asko egiteaz gain, adiskidetasunean bizitzea zein garrantzitsua den ongi ikasi nian ; Kottirekin nire bihotza majo xamurtzera iritsi huen; Ketxusen Zootik elkartasun baloreetan
ResponderEliminarblai eginda, bustita, atera nituan; Fernado Amezketarra eta Antonio Bolasekin, bat klasikogoa, bestea modernoxogoa, majina farre-algara egindakoa ere banauk; hire olerkiekin maitagarria eta goxoa, gertukoa egiten haizela ere erakutsi izan diguk... eta hau dena, hemen gelditu det, bizirik, betirako; hi gelditu haizen bezala, gure artean, betirako. Mila esker guzti honengatik, ez adiorik, ikusi arte. Emazteari, semeei,tarterikoei... besarkada bero - bero bat, eta etorkizunean, zoriona.