2011-02-02

PENTSAMENDUA BIZIRIK



Nik hezkuntza horretan sinesten dut. Pentsamendua bizirik iraunarazten duen horretan. Jakin-mina sortu eta lau paretez harago jakin-min horren arrastoa familiara, lagunartera, kalera luzatuko duen hezkuntzan. Ordubeteko azalpenak biluzik gelditzen zaizkigula iruditzen zait, eta biluztasuna bere horretan ederra den arren, jantzi iradokitzaile batek biluztasuna edertu egiten duela esango nuke.

Ikasleen pentsamenduak bizirik daudela sinetsi nahi dut. Bizirik iraunaraztea da gure lana. Gorka ausartu da gaur eskua altxatzen. Trigonometria gora eta trigonometria behera gabiltza azken asteotan, biluztasunean "gustura". Baina, Iruñea hotza da eta jantzi pixka batekin gorputza goxatzea batere txarra ez. Graduak, zuzenkiak, distantziak, luzerak, angeluak... baina, trigonometriak zertarako balio du? Eta aipatutako kontzeptu horiekin irakaslea saiatzen da hala moduzko korapilo bat egiten. Bizirik dagoen pentsamenduak, ordea, irakaslearen azalpenak ase ez duen ikasleak, bide berriak topatzen ditu. Bilatu eta bilatu osabarengana iritsi da Gorka. Zalantza egin du klasean aipatu, ez aipatu, baina, eskua altxa eta galdetu egin du azkenean (eskerrak! Izugarri eskertzen diot!). Zalantza egin du hasieran, bazekielako esateko zuenari tira eginda gehiago eskatuko niola. Gehiago eskatuko niela ikaskideei. Osabak bere lanean trigonometria erabiltzen duela aipatu du eta... hauxe da nire aukera! Horixe barruak agindu didana. Horixe baita errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera bakarra... horretan ari denarekin zuzenean hizketan aritzea. Matematikariak tresna eskaintzen du; tresna hori erabiltzen duenak azalduko du inork baino hobeto zertan eta nola erabiltzen duen eskura duena.

Gorkaren osabari egiteko galdera sorta bat prestatzekotan gelditu gara. Esperimentu berri bat; wikian egingo diogu txoko berri bat.


Ikasleek galderak egitea gustatzen zait. Erantzun ezin ditzakedan galderak egitea. Erantzun ezin daitezkeen galderek galdera berriak sortzen dituztelako eta galdera horiek erantzuteko ardurak berdindu egiten dituelako irakasle eta ikasleak.

Bizirik dagoen pentsamenduak galderak egiten ditu; galderak egiten dituen pentsamenduak pentsamenduak bizirik iraunarazten ditu. Eta erantzuna bilatzeko gogoa da gure eguneroko lanean elkartzen gaituena.

Eskerrik asko Gorka, horretarako bidea zabaltzeagatik!


2 comentarios:

  1. Hausnarketa ederra ,Irati. Zalantzarik ez eduki, bizitzaren funtsa eta oinarrietan galdera dago, galdera eta erantzunaren bilakaera, galderarik gabe bizitza bera nahiko hila dagoela esango nuke, eta gu , helduok, txiki txikitandik, galderak egiteko bideak ixten, zapuzten. Segi horrela bizitzaren ateak irekitzen.

    ResponderEliminar
  2. Galdera batek atzean duen emozioan pentsatzen ari naiz oraintxe. Galdera hori egiteko beharra, gogoa, desioa, kezka duenaren emozioan eta galdera entzuten duenak sentitzen duenean...

    Eskerrik asko Joseba, hortxe egoteagatik! Egote horretan pentsamenduari tira egiteagatik!

    ResponderEliminar