2011-10-06

INON


Ondorengoaz ezer gutxi dakigu; aurrekoaz askorik ez. Ez dakit gutxi positibo eta asko negatibo baten artean zenbat jakinduria metro kabitzen diren. Gutxi-asko milimetroren bat. Akaso hori ere ez. Irristada arriskutsuren bat agian.

Ondorengoaz ezer gutxi dakigu. Baliteke atezain bizardun (gizona behar du izan?) baten zeru atarian argiaren konplize, eternitatearen morroi, edota zulo beltzeko arrasto ilun bat gehiago bihurtzea. Baliteke pauso izoztuen bidean (edo ametsen egurrezko hilobietan, edo arrosa baten izerdi tanta arantzatsuetan) kateatuta gelditzea. Baliteke lo hartu eta elefante esnatzea. Baliteke egonean egon beharra izatea... salda beroari putz egin nahi eta geroak su hartzea...

Ondorengoaz ezer gutxi dakigu; aurrekoaz askorik ez. Ondorena heriotzaz mozorrotu genuen. Eta aurrekoa? Askotan galdetu izan diot neure buruari non ote nengoen zuk oinez ibiltzen ikasi zenuen egun hartan.



Imajina dezagun matematika klase bat. Imajina ditzagun 1998an jaiotako hogei gaztetxo. Imajina dezagun Iratik jolaserako gogoa duela, klaseko lehenengo minutu astunak arindu nahi dituela. Imajina dezagun 1994an kokatu nahi duela gaur Iratik kalse hasierako problema. Imajina dezagun Iratik badakiela pentsamenduan amarauntzen zaizkion galdera, zalantza, hausnarketa existentzialei hamahiru urteko gaztetxoek boteprontoan (bai, boteprontoan) naturaltasunez erantzuten diela. Imajina dezagun buruketaren testuingurua kontatzen hasi (demagun amonaren eta Lauraren arteko elkarrizketa 1994an izan zela...) eta Iratik (gaixtoa izan bera, Ionen begi irtenei tira egin nahi...) buruketa zintzilik utzi eta zapla botatzen diela galdera 1998an jaiotako neska-mutilei: "Non zineten zuek 1994an?" Imajina dezagun Ion azti ibili dela, boteprontoan, ziurtasunez ausartu dela erantzuten: INON.

Imajina dezagun Iratik positibo bat jarri diola Ioni. Pentsamendu amaraunduari irribarre zabal bat marrazteagatik. Imajina dezagun ikasordu polita izan dela INON hasi den hori.

Orain badakit non nengoen zuk oinez ibiltzen ikasi zenuen egun hartan. INON. Orain badakit INON egoterik badagoela.


No hay comentarios:

Publicar un comentario