2011-10-18

ITAKA (Mikel Garate_2011-10-15)



Begiak ixten direnean, argiak bi pauso ematen ditu kanpora. Begiak ixten direnean, barruak irrist egiten du, eta isiltasunak gitarra soketan zintzilik urkatzen du bere burua. Orduan hasten da korrika kanpora emandako bi pausoen distira. Orduan bakarrik, argiak barruari irrist egiten dionean.


Begiak ixten direnean, haize-boladen zurrunbiloa kantu berrien ispilu bihurtzen da. Iluntasunari hozka egiten dioten itzalekin ezkutalekuak sortzen ditugu eta zain egoten gara gure itzalen dantzaldia musikatu artean.

Begiak ixten direnean, entzuten jarri behar. Betileen kirrinka hotsen melodiak barrua abesten ikasi zuela jakin genuen begiak ixteko eskatu zigutenean. Eta entzuten jarri ginen... barruak esateko zuena.





Mikel Garate -> Ametsak ez daki guztion ezagun diren gerrak ahaztea ez dela hain erraza. Zortzi eguneko hotzaldian malkoek su hartzen dute hilotz bihurtu zen trenean. Badator... badator ezezaguna amari lasai egoteko esatera. Istorio korapilatsua izan zitekeen, kantaxumeen magalean goxo-goxo entzuteko aukera dugu, ordea; gitarra eta aho soinua hartu eta kantu bidez gerturatu digu bere barru doinuen musika Mikelek. Kantaxumek diskoa aurkeztu zigun larunbatean Itakan. Eta gitarrari izena asmatu genion... eta aho-soinuari ere bai... eta Japoniaraino joan ginen liburu bila, eta Errealeko kamiseta zaharra jantzi genuen berriro, eta Ruperrekin motorrean Itzurungo hondartzaraino hurbildu ginen...





"Ezkaratze" tarteari ere bigarren urtez heldu diogu, aurtengo zikloari Joseba Barandiaranek eman dio hasiera eta sei astez behin Bilbitik ariko zaigu Bilbo Zaharreko kronikak Goierri aldera ekarri asmoz.

Patxi Ezkiagaren olerki ederrak eman zion hasiera larunbatean saioari eta Joxe Goikoetxearen esku ahurrera astero-astero hurbilduko den txori txikiak kriseilu hitza ekarri zigun.

Zer? A bai! LEHIAKETA! Zuk ere parte hartu nahi duzula? Irakurri ongi, eta zuk ere parte hartu!!!

HITZONTZI SEGURA IRRATIKO ITAKA SAIOKO LEHIAKETA BERRIA

Ikasturte berriarekin batera, lehiaketa berria jarri dugu martxan Itaka literatur saioan. Hitzontzi jarri diogu lehiaketari izena, hitzen ontzia betezea dugu helburu, lehiaketa aitzakiatzat hartu eta entzulea hitzontzi bihurtzea. Euskaraz euskararekin egin nahi dugu jolas eta horretarako astero-astero ariketa berri bat proposatuko diegu irrati entzuleei eta jolastu nahi duten guztiei. Ariketa bakoitzari erantzuteko astebeteko tartea izango du parte-hartzaileak eta ariketaren erantzunak itakasegura@gmail.com helbidera bidali beharko ditu. Halaber, saioan bertan tartetxo bat utziko da erantzuna telefonoz eman nahi dutenentzat.

Sari ederra jarri dugu parte hartzaileen eskura. Asteroko ariketa zuzen egiten dutenen izenak hilabete bukaerako zozketan sartuko ditugu eta irabazleak otar bikaina eskuratuko du: Aikur etxeko bi ezti pote, Bengoetxe baserriko bi txakolin botila, Ondramuño Aramburu anaien gazta bat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kamiseta bat eta hilabete horretan irratian izan dituzten musikarien eta idazleen liburu eta disko bana.

Urriaren 15ean jarri genuen martxan lehiaketa. Lehenengo zozketa azaroaren bukaeran egingo dugu urriko bi asteotan eta azaroan zuzen erantzungo duten izenen artean. Astero ariketa ezberdina proposatuko dugu. Hauxe larunbata bitartean buruari eragiteko ariketa: a, e, i, o eta u bost bokal ezberdinak dituzten hitzen bila gabiltza. “Erakusleiho” hitza jarri dugu adibidetzat. Astero-astero proposatuko dugun ariketaren berri larunbat goizetan 10:00 etan eta astezken iluntzetan 21:30ean Segura Irratiko Itaka saioan izango duzue, baita iratigoikoetxea.blogspot.com blogean ere. Euskararekin jolasteko aukera polita!

Urriaren 15eko saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero... http://www.divshare.com/download/15975592-a04


11 comentarios:

  1. Egun on Ekaitz eta Irati!
    Zuen lehiaketak tentatu nau ta atzo periodikoa irakurtzen ari nintzelarik hitz batean taka bost bokal ezberdinak, lAUrOgEI. Helbide elektronikorik ez dut erabiltzen, baina erantzunak blogean emanda ere balioko du, ezta?
    Eskerrik asko!

    ResponderEliminar
  2. Saio ederra: beti da pozgarria artista berri baten aurrean jartzea. Ia Mikel, Urretxuko gaztetxetik edo, inoiz, elkar, ikusten dugun.

    ResponderEliminar
  3. Aupa bikote: oain ere buruari eraginez martxan jarria dezue lehiaketa, etzeate geldirik eotekoak;primeran!

    Nire hitza: <> balekoa ote? izan ere gure hizkera...
    Musu eder bat eta txalo bero-bero bat.

    ResponderEliminar
  4. Primeran, Asier! Laurogei puxtarri zuretzako... Asier... datu gehiago behar nituzke... ezkutuan blogean idatzi iezazkidazu zure datuak eta jarriko naiz zurekin harremanetan! Mila esker parte hartzeagatik!

    ResponderEliminar
  5. Uste dut kanpai hotsek diotela, baietz, Eder... iritsiko dela Mikel ere Urretxu aldera, hala nahi genuke... ea ba orduan zuzen-zuzenean bertatik bertara gozatzeko aukera duzun guk lehengoan irratian izan genuen bezalaxe!

    ResponderEliminar
  6. Goierriko lagunari... eta zer dago <> artean? Ez dut ezer ikusten! Ziur naiz balekoa izango dela...

    Mila esker zuri ere buruari eragiteko grinatsu azaltzeagatik!

    ResponderEliminar
  7. Galdutako hitza etxolapikue zan, baina badaezpada beste hau bialtzen dizut: eriauto. Ongi izan eta suerte erreto berri honetan.

    ResponderEliminar
  8. Aupa Mikel: saio ederra Irati, Ekaitz eta hiruen artean osatutakoa; entzundakoa asko gustatu zaidak,eta, zorte on hire ibilian.

    ResponderEliminar
  9. Goierriko lagunaren bi izen... zakurako! Primeran!

    Eskerrik asko, Txomin belarria irratiari oparitzeagatik. Zorterik onena opa diogu, bai, Mikeli!

    ResponderEliminar
  10. ez dakit zein da eder baiña seguraski abenduan izango da mikel urretxuko gaztetxean albistek laister

    ResponderEliminar
  11. Primeran! Abenduan Urretxun elkartuko gara!

    ResponderEliminar