Apirilaren 29an kantu-kontari aritu ginen. Amona Prudentxire laurogeita hamargarren urtemuga ospatu genuen. Hauxe denon partez egin genion oparia:
Ekaitz eta Irati amonari kantari_2012-4-29 |
Amona Pruden merezi duzu
txaloa ta zalaparta,
ama langile, paregabea,
eta amona aparta,
nahiz ta kantuan aritu Peio
ta aitonaren matraka,
gozatu oparia guztion
partetik egina da ta.
Irria jolas bihurtzen duzu,
begiak dituzu azti,
muxu eskean masaila goxo
luzatzen diguzu ezti,
maitasun hitzez bihotz taupadak
nahi genizkizuke busti,
aurrerantzean ere bizitzak
kulunka zaitzan amesti.
Amona maite sorgin jolasti,
ispilu eta ongia,
seme-alaben izar uxoa,
bilobon suitzar mendia,
goxatzen duzu zure etxea,
goxatzen zure sendia,
Etxe Txikititik nola irten zen
hain emakume handia.
Hara Samiño, hara Oleta,
eder aurpegiz aurpegi,
zatoz amona, eman eskua
ta eguzkitan eseri,
badaukazu nork maitatua ta
ez beldur izan ezeri,
orduak eta bizitza hustuz,
urteak betetzen segi.
Ederrak bertsoak! Ez nekien gitarrari ere heltzen zenionik! Ea kontzerturen bat noiz eskaintzen diguzun!
ResponderEliminarLehenengo biak nik eginak dira eta beste biak Ekaitzek egin zituen. Nabari da, ezta? Tira, saiatzen naiz tarteka-tarteka bertso-neurrietan ideiak ahalik eta ondoen txertatzen; ez pentsa, ordea, erraza egiten zaidanik.
EliminarEta gitarrari dagokionez... ;-D hamalau urterekin hasi eta bi ikasturte egin nituen, hatzen jolasa pittin bat arintzeko lain. Orain zerbait erraza-erraza-erraza-erraza-erraza jotzeko gai naiz. Ausartzea da kontua, ezta? Saio txikiren bat prestatzen animatzen bazara... elkarrekin zerbait egin genezake...